HEZKUNTZA

Wertek ez du aldaketarik egin erreforma proiektuan

Autonomia erkidegoetako kontseilariekin bildu da ministroa, eta orain arteko aldaketa berberak aurkeztu dizkie. Cristina Uriarte Jaurlaritzako sailburua lehen aldiz izan da bileran, eta "kezkatuta" atera da Werten jarrera ikusita.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abenduaren 19a
19:21
Entzun

Orain arteko erreforma planari eutsi egin dio Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak. Autonomia erkidegoetako kontseilariekin bilkura egin du gaur arratsaldean, eta orain arteko aldaketa berberak aurkeztu dizkie. Hezkuntza erreformari buruzko azken bilera da, Werten arabera. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak lehen aldiz hartu du parte, eta "kezkatuta" atera da bileratik: "Berean jarraitzen du ministroak". Adierazi du, ordea, zenbait alorretan negoziatzea posible izan daitekeela. Hego Euskal Herritik, bileran izan da Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria ere.

Hutsune bat izango da bileran: Irene Rigau Kataluniako Hezkuntza kontseilaria ez da joan Madrilera, CiUk eta ERCk akordioa sinatzeko egitekoa duten ekitaldian egongo baita. Hezkuntza Departamentuko idazkaria bidali du bilerara Generalitateak.

Aldaketarik ez du jakinarazi Wertek. Abenduaren 4an bildu ziren orain hurrena, eta eztabaida handiak izan zituzten, batez ere hizkuntza koofizialek izango duten tokiagatik. Puntu batean soilik egin zuen atzera ministroak: onartu zuen irakats-aldien amaierako azterketetan euskarak eta katalanak izatea gaztelaniak adinako zeresana. Kataluniako Generalitateak hutsaltzat jo zuen neurria, eta protesta handiak izan dira azken egunetan Werten aurka, murgiltze ereduaren aurka ari delakoan.

Gaur Espainiako Senatuan oposizioak erreforma atzera botatzeko eskatu du. PPren botoekin, baina, ez dute onartu eskaera.

Gasteizen EILAS sindikatuak egitasmoaren aurkako protesta egin du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren egoitzaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.