Euskal Herria Bizirik sareak «megaproiektuen» aurkako mobilizazioak hasiko ditu

Salatu dute trantsizio energetikoa «aitzakia faltsua» dela indar ekonomikoek nahi duten eredua «inposatzeko». Manifestazio nazional batera deitu dute apirilaren 13rako, Azpeitian.

EUSKAL HERRIA BIZIRIK SAREA
Euskal Herria Bizirik sarearen agerraldia, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko urtarrilaren 18a
13:00
Entzun

Natura ondarea defendatzeko eta azpiegitura proiektu handien aurka borrokatzeko sortu zuten Euskal Herria Bizirik sarea, iaz. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hogei eragile ekologistak eratu zuten, eta iragarri zuten indarrak metatu nahi zituztela euren asmoen inguruan. Gaur iragarri dute mobilizazio sorta bat hasiko dutela «megaproiektuen» aurkako jarrera agertzeko, iritzi diotelako proiektu handiek ekosistema naturalaren «hondamendia» ekarriko dutela.

Besteak beste, manifestazio nazionala antolatu dute apirilaren 13rako, Azpeitian (Gipuzkoa), eta hori baliatuko dute lurraren defentsan lan egiten duten taldeen arteko topaketa bat egiteko. Aurretik, martxoaren 20an, protesta batera deituko dute Barakaldoko (Bizkaia) BECen aurrean, industria eolikoaren Wind Europe kongresua egingo baita han. Eta maiatzaren 26an, azpiegitura proiektu handien aurkako mendi martxa bat egingo dute Kolitza menditik (Bizkaia). Erakusketa ibiltari bat ere antolatuko dute, eta baita Euskal Herriko natura ondareari «eraso» egiten dioten proiektu handiak salatzeko mapa bat kaleratu ere.

Euskal Herria Bizirik sareko kideek gaurko agerraldian salatu dute trantsizio energetikoa «aitzakia faltsua» dela indar ekonomikoek nahi duten eredua gizartean «inposatzeko»: «Trantsizio berdea deitzen diote, baina berdea beren espekulazio jokoekin poltsikoratu nahi duten diruaren kolorea baino ez da». Uste dute trantsizio energetikoarena «engainua» dela eliteen negozio eredua salbatzeko eta eredu «garapenzalea» elikatzen segitzeko. Eta gaitzetsi dute nazioarteko inbertsio funtsen eskuetan diren enpresa transnazionalek beren negozio ereduari eusteko behar dituzten eremuak seinalatzen dituztela, «eremu horien errealitate ekosoziala mespretxatuz».

Administrazioekin kritiko

Gobernuen jarrera ere kritikatu dute, «modu konplizean» jarduten dutelako enpresekin. Besteak beste, Tapia legea jarri dute adibidetzat –Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Legea–: «Tokiko erakundeek hartutako erabaki legitimoak erdeinatu eta baliogabetu egiten dituzte, prozedura autoritarioak eta zentralizatzaileak ezarrita». Bide beretik, kezka agertu dute Eusko Jaurlaritzak aurki onartu asmo duen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearekin eredu hori zabalduko ote den, eta iragarri dute legearen aurkako protesta ekintza bat egingo dutela.

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala ere «iruzurtzat» jo dute, lurraldea «arpilatzeko» asmoz enpresek aldez aurretik aukeratutako eremuak legez ezarri nahi dituelako. Next Generation funtsen bidez enpresei ematen zaizkien diru laguntzak ere kritikatu dituzte, «hurrengo belaunaldiak hipotekatzen dituen zor onartezina» sortzen dutelako.

Jaurlaritzaren Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen aurkako protesta ekintza bat iragarri du Euskal Herria Bizirik sareak.

Horrez gainera, Europako Batasunak, Espainiako eta Frantziako gobernuek eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuak sustatzen duten trantsizio energetikoaren ondorioez ohartarazi dute: besteak beste, administrazioei egotzi diete laborantza lurren emankortasuna «galbidera» eramatea, eta mendiak «porlanez» betetzea AHT abiadura handiko trenarekin, goi tentsioko dorreekin eta erraustegiekin.

Gaurko agerraldian adierazi dute funtsezkoa dela lurraren defentsaren, kontserbazioaren eta biziraupenaren alde egitea, eta bide horretan borroka egiten jarraitzeko apustua berretsi dute. Helburuen artean ezarri dituzte naturaren babesa, trantsizio energetiko «deszentralizatuaren» eta «komunitarioaren» defentsa, landa eremu «bizi eta funtzionala» bermatzea, lankidetza, «ondasun komunen zaintza», eta erabakiguneen deszentralizazioa oinarri izango duen gizarte bat eraikitzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.