Apika, partida hau amaitutzat eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Xake, Mate eta Pastor eginda. Hamabost hilabetez luzatu duen jokaldi horretan 28 pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak. Xake eta Mate operazioetan atxilotutako 24 pertsonetatik bostek segitzen dute kartzelan; beste guztiak aske daude. Batzuk, bermea ordainduta; besteak, bermerik gabe aske utzita. Baina soka berari tiraka segitu dute Auzitegi Nazionalean, nahieran jokatzen, eta beste lau pertsona atxilotu dituzte. «Espetxeetako frontearekin» lotu dituzte atxiloketa horiek.
Eloy Velasco epaileak gidatu zituen lehen bi operazioak. Hark 2013an Herrira-ren kontra egindako polizia operazioarekin lotu zuen Xake operazioa, EPPK-ko bitartekarien aurkakoa. Herrira-ren kontrako operazioan, hemezortzi pertsona atxilotu zituzten, 2013ko urrian. Lau hilabetera, 2014ko urtarrilean, beste zortzi pertsona atxilotu zituzten, EPPK-ko bitartekariak.
Publikoa zen. 2012ko uztailetik, jakina zen EPPK-k izendatutako bitartekariak nor ziren. 2014ko urtarrilean atxilotu zituzten. EPPK-k iragarri berri zuen presoen etxeratze prozesua lege baliabideak erabiliz egiteko prest zegoela, «zigorraren onarpena dakarren arren»; gatazkaren ondorioen erantzukizun osoa onartzeko prestasuna ere agertu berri zuen, besteak beste. Jendaurrean hori iragarri eta hamabost egunera, bitartekari taldea atxilotu zuten.
Aurrez iragarrita
Atxiloketak gertatu baino lehen, ohar bidez iragarri zituen, gainera, Espainiako Barne Ministerioak. 15:06an bidali zuen ohar bat Barne Ministerioak, atxiloketak izango zirela iragarriz, eta 15:18an iritsi ziren korrika guardia zibilak Bilbora, abokatuek Elkano kalean duten bulegora. Geroago,Barne Ministerioko ohar bat iritsi zen aurrez berak bidalitako oharra gezurtatzeko, baina ordurako EPPK-ko bitartekariak atxilotzen ari ziren. «Giza okerra» izan zela argudiatu zuten, eta komunikazio buruak dimisioa emanda itxi zuten gaia.
Zortzi atxilotuak honakohauek izan ziren: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aitziber Sagarminaga, Jose Campo, Egoitz Lopez de la Calle, Asier Aranguren, Aintzane Orkolaga eta Mikel Almandoz. Aitziber Sagarminaga 2014ko ekainaren 25ean geratu zen aske, erditzear zela, 25.000 euroko bermea ordainduta. 2015eko otsailaren 28an, Almandoz geratu zen aske, 20.000 euroko bermea pagatuta;martxoaren 11n, Campo, Lopez de la Calle eta Aranguren, beste hogeina mila euroko bermea ordainduta. Orkolaga martxoaren 16an geratu zen aske, bermea pagatuta. Enparantza eta Zulueta abokatuek preso segitzen dute.
Urtebetera, 2015eko urtarrilaren 12an, hurrengo polizia operazioa etorri zen: Mate. Euskal presoen defentsan aritzen diren abokatuen aurka egindako operaziorik handiena, ordura arte, EPPK-ko preso guztien auzi gehien-gehienak haien esku baitaude. Mate operazioan hamasei pertsona atxilotu zituzten, eta hamabi abokatuak ziren. Beste laurak Herrira-rekin lotuta atxilotu zituzten, eta haietako hiru espetxeratu zituzten: Jon Mintegiaga, Jabi Carbadillo eta Fran Balda.
Miaketak
Atxiloketez gain, miaketa ugari egin zituzten Xake eta Mate operazioetan. Xake operazioan salatu zuten abokatuen bulegoak «garbitu» egin zituztela; lanerako behar zuten material ugari eraman zietela guardia zibilek, eta horrek asko zaildu ziela presoen defentsa lanetan segitzea.
Mate operazioan ere, miaketak ez ziren nolanahikoak izan. Besteak beste, LABek Bilbon duen egoitza nagusira sartu zen Guardia Zibila. Ez zegoen LABekorik atxilotuen artean, baina bai dirua;bi egun lehenago Bilbon presoen alde egin ohi den manifestazioan milaka pertsonek euren borondatez emandako dirua: 70.000 eta 90.000 euro artean. Sarek laguntza eskatu zuen manifestazioko gastuak ordaintzeko, eta, ekitaldia bukatuta, LABeko egoitzan jaso zuten, asteburuan. Guardia Zibilak eraman egin zuen astelehenean. Irudiak ere zabaldu zituzten, dirua zenbatzen. Halaber, herriko taberna batzuek ere salatu zuten miaketen ostean dirua falta zutela.
Xake operazioa iazko urtarrilaren 8an egin zuten; asteazkena zen. 11rako urtero Bilbon presoen alde egin ohi den manifestazioa zegoen iragarrita, eta Eloy Velascok debekatu egin zuen bezperan, 10ean. Arratsalde horretan bertan, ordea, deialdi bateratu bat egin zuten biharamunerako, 11rako, Bilbon, EAJk, Sortuk, Aralarrek, EAk, Alternatibak, Geroa Baik, ELAk eta LABek, Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean. Atxikimendu erauntsia izan zuen deialdiak. Bilbon izan den manifestaziorik handienetako bat izan zen. Mate polizia operazioa, berriz, Bilbon egin ohi den manifestazioaren biharamunean egin zuten. Eta ez zen giharrik izan erantzun bateratu bat egiteko gero.
Pastor operazioarekin, beste lau lagun atxilotu dituzte: bi, Etxerat-eko kideak, eta beste bi, gaixo dauden euskal presoak artatzen dituzten konfiantzazko medikuak. Beste xake partidarik ere izango da.
Presoen babesaren kontrako operazioa
Xakean, nahieran
Hamabost hilabetean 28 pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak soka bereko operazioari lotuta. Haietarik gehienak aske dauden arren, hari berari tiraka egin dute azken operazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu