Lan guztiek dakarte fruitua. Saioak, arrakastan edo porrotean amaituta ere, beti uzten du gordea emaitza onen bat, Eduardo Renobalesen ustez. Espero zen uzta jaso ez arren, lehenago ereindakoaren emaitza etorkizunean balia daiteke. Areago, baliatu egin behar da, Renobalesen iritziz. Une egokia iristen denerako gorde behar da ereindakoaren fruitua. Ondo gorde, alferrik gal ez dadin. Horixe egin nahi izan du Eduardo Renobales historialariak (Zierbena, 1956), 'La ruptura de Txiberta. Lo que no pudo ser' liburua osatzerakoan. Xibertako elkarrizketetatik ikasi eta irakatsi, behar denean esperientzia baliatu ahal izateko. «Historian hobe da jarraitzea, berriz ezerezetik hastea baino». Francoren garaian gerran ibili zen Jose Artetxe militante jeltzalearen hitzak bere egin ditu historialariak.
Ekarpen gisa sortu da, beraz, argitaratu berri duen lana. Hortaz, liburua alderdi eta ideologia guzti-guztietako politikariek irakurtzea nahiko lukeela dio egileak; ikasgaia ikastea guztiek.
Eta argi du ikasi beharrekoa: arazoak konpondu eta aurrera egin nahi bada, alderdikeriak alboratu behar dira. Guztien interesak, herritarrenak, herriarenak, jarri behar dira alderdi interesen aurretik. Eskuzabal jokatu behar da, itxikeriarik gabe. Elkar ulertzea eta akordioa egitea, nork bere ikuspegia gainontzekoek bere horretan onartzea helburu izan gabe. Malgutasuna behar da. Elkar ulertu nahia. Akordiorako benetako borondatea.
Hori guztia ondorioztatu du Renobalesek Xibertako elkarrizketetatik. Eta berebiziko garrantzia izan zuen esperientzia «itzalpean» geratu delako erabaki du argitara ateratzea. Bertan parte hartu zuten alde guztiei hitza eman, bildu eta gertatu zena kontatu. Liburu batean jaso, lan tresna gisa erabil dadin.
Gaurko gazteek Xibertari buruz ezer gutxi dakitela-eta, horixe azaltzen hasi da modu didaktikoan BERRIArekin egindako hitzorduan: «Angeluko hotel bat da Xiberta, eta han bildu zen Telesforo Monzon, alkateen mugimenduaren eskariz, euskal politikagintzako eragileekin. 1977. urtea zen, Franco hilda zegoen, eta Espainiako Estatua trantsizio garaian zegoen. Monzonek eta alkateen mugimenduko buru Jose Luis Elkorok euskal eragileak bildu zituzten Xibertan, Espainiako trantsizio horri aurre egiteko indartsu, abertzale guztien arteko jarrera komun bat adosteko».
Espainiaren aurrean herri gisa aritzeko lehen saioa izan zen hura, eta hargatik ematen dio horrenbesteko garrantzia Renobalesek. Abertzale guztiak batzea zuen helburu. «Ideologia guztietako abertzaleen artean nolabaiteko fronte komun nazionala sortu nahi zuen Monzonek, Madrilekin mintzakide gisa aritzeko». Handia zen apustua trantsizio garai erdian. Ez zen adostasunik lortu, ordea, eta saioak porrot egin zuen. Hogeita hamar urte baino gehiago igaro dira ordutik, baina gaur-gaurkoz egiteke dagoen zerbait dela dio historialariak.
Oraindik indarrean dagoen aldarria martxan jartzeko saioa izan zen Xibertakoa. Maltzagako bidegurutzearen irudia erabilita hainbat garaitan defendatu izan dena abiatzekoa. «Gerokoak geroko utzi. Orain, goazen abertzale guztiok Maltzagara». Monzonen hitz horiek ondo laburbiltzen dute asmoa. Maltzagara iritsita, bakoitzak erabakiko luke nora jo. «Oraindik, ordea, ez da lortu Maltzagara iristea».
Talde abertzale guzti-guztiak
Xiberta hoteleko beheko solairuan, zerbitzurako gordea zen gunean bildu ziren sei aldiz euskal politikagintzako talde abertzale guztiak, 1977ko apirilean eta maiatzean. «Guztiak zeuden», azpimarratu du historialariak. Eta asko ziren: EAJ, EAE-ANV, EIA, ESEI, EKA, EHAS, ESB, LAIA, ETA politiko-militarra eta ETA militarra. Talde autonomoetako ordezkariek bilera batzuetan parte hartu zuten. Alkateen mugimendua ere han izan zen, eta sustatzaileetako bat izan zen, gainera. Antolatzaile nagusia, Monzon.
Liburuan jaso duenez, horrexek lortu zuen guztiak mahai beraren inguruan esertzea: Monzonen «karismak». Bere eskariaren aurrean inork ez zuen abertzaleen arteko elkarlana oztopatzen zuen irudia hartu nahi.
Elkarrekin indar eginda, hiru oinarri funtsezko lortzea zen helburua: Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarentzako Estatutua, amnistia eta alderdi politiko guztiak legeztatzea. Izan ere, bi besterik ez ziren legezkoak: EAJ eta EAE-ANV.
Baina garai hartan hauteskundeak zituzten aurrean. Ekainerako zeuden deituta, eta horren inguruan hartu beharreko jarreran desadostasunak ziren nagusi. Historialariak zehaztu duenez, EAJrena eta ETArena izan ziren jarrerarik zurrunenak. EAJk inolako baldintzarik gabe parte hartu nahi zuen bozetan, eta ETAk, aurrez baldintza batzuk lortzekotan: alderdi guztiak legeztatu eta presoak etxean egotekotan. Ez ziren ados jarri, inork ez zuen ezertan amore eman, eta guztiek bere egin nahi zuten lidergoa. Horrela hautsi zen Monzonen ametsa, eta urte luzeetarako hautsi ere. Abertzaleen arteko konfrontazio indartsuaren garai luzea hasi zen.
«Abertzaletasuna bera atera zen galtzaile Xibertan», ohartarazi du Renovalesek: «Ez zen gai izan nazio identitatea ikustarazteko».
Xibertako uzta gal ez dadin
Porrot egin zuten azkenean 1977ko abertzaleen arteko elkarrizketek, baina utzi zuten zer ikasia. Esperientzia aurrera begira baliagarri delakoan, Renobales historialariak liburu batean bildu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu