Bikote gaztea zen. Yanela Zaruma Cabrerak 22 urte zituen, eta Edgar Ruben G. L. L.-k 24 —justiziak ez zuen mutilaren izena zabaldu—. 3 urteko haur bat zuten elkarrekin, ekuadortarrak ziren biak sortzez, baina umetatik Nafarroan hazitakoak. 2010eko urte hondarrean harremana eten zuten; Zaruma eta haurra gurasoekin bizitzen jarri ziren, Burlatan (Nafarroa).
Ikusi gehiago
Hala ere, 2011ko apirilaren 3an zita bat jarri zuten. Igandean zen. Elkarrekin afaldu zuten, eta, mutilaren autoan sartuta, Ezkaba mendira igo ziren. Auzia ikertu zuen fiskalaren arabera, sexu harremanak izan zituzten han, eta gero eztabaidan hasi ziren. Eta gizonak ito egin zuen emakumea, hil zuen arte. Gorpua hartu, kotxean eraman, eta Beriaingo Morea lakura bota zuen.
Gurasoek salatu zuten alaba desagertu egin zela, ez zela igande gau hartan etxera itzuli. Ordurako, aurkitua zuten neska gaztearen gorpua, Beriaingo aintziran. Apirilaren 4an zen, eta astebete pasatu zen poliziek mutil-lagun ohia atxilotu zuten arte.
Apirilaren 11n eraman zuten Edgar Ruben G. L. L. epailearen aurrera. Ukatu egin zuen. Baina epaileak atxilotuta mantentzea erabaki zuen. Bigarren aldiz deklaratzera eraman zutenean aitortu zuen hilketa gizonak.
Epaiketa egin baino egun batzuk lehenago, 2012ko urrian, akordio bat egin zuten bi aldeek, eta gizonak onartu zuen hamasei urteko kartzela zigor bat. Alkohola edanda egotea aringarri gisa aplikatu zioten.