Yolanda Barcinak «ilusioz» hartu du UPNren hautagaia izateko proposamena

Alderdiko zerrenden batzordeak proposatu du, eta urriaren 22an kontseilu politikoak berretsiko du erabakia

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroako foru hauteskundeetarako zerrendaburuak jakinarazten hasi dira alderdiak, eta ezuste gutxi oraingoz. Oraindik erabat ofiziala ez izan arren, PSNren hautagaia Roberto Jimenez izango da, Nafarroa Bairena Patxi Zabaleta eta UPNrena, berriz, Yolanda Barcina. UPNko zerrenden batzordeak Barcina presidentegai izatea proposatu zuen herenegun, eta urriaren 22an kontseilu politikoak berretsiko du erabakia. Barcinak atzo adierazi zuen «ilusio handiz» eta «onena emateko gertu» dagoela. «Betidanik nafarrek konfiantza gehien eman dioten alderdiko zerrendaburu izatea, zalantzarik gabe, erantzukizun handia da», arrazoitu du.

Proposamena herenegun jakinarazi bazuten ere, iazko apirilaren 19an UPNko presidentetza hartu zuenez geroztik ez zegoen zalantzarik alderdiko hautagaia izango zela Barcina, UPNren tradizio politikoan sustraitua baitago pertsona beraren eskuetan egon behar direla alderdiko zein gobernuko lema. Bereziki Juan Cruz Alliren garaitik, gaizki ikusita dago alderdiak buru bat eta gobernuak beste bat izatea. Barcinak UPNko presidentetza hartuz geroztik, hauteskundeetara arte ezarri den trantsizio epe horretan, pitzadurak sortu dira Miguel Sanz eta Barcinaren artean. Azkenaldian agerikoak egin dira desadostasun horiek Espainiako Kongresuan, Barcinaren iritziaren kontra, UPNk Zapateroren politiken alde bozkatu duenean.

Desadostasun horiek ahaztarazi nahian, Sanzek azaldu du «atsegin handiz» hartu duela Barcinaren hautagaitza. «Horren bila ibili naiz, eta hori nahi dut». Haren agintaldia eta ibilbide politikoa amaitzear badira ere, erabakiak ez diola eragingo nabarmendu du: «Berdin sentitzen naiz. Duela gutxi esan zidaten ez erretzeko modu bakarra dela amaiera arte presidente gisa jardutea».

Herenegun Sanzek Onda Cero irratiari eskainitako elkarrizketan, adierazi zuen berdin zitzaiola norekin hitzartzen duen Barcinak gobernua osatzeko, PP-CDNrekin edo PSNrekin. «Abertzaleekin ez ezik, horiekin edo besteekin. Nik nahi dudana da Barcinak agintzea etorkizuneko Nafarroako Gobernuan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.