Yolanda Barcinaren kasuaren argibideak.

joxerra senar
2013ko ekainaren 20a
16:16
Entzun

Zer egin du epaileak?

Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak, Batzorde Iraunkorreko gainerako hiru kideen modura, dietak jasotzeagatik eroskeria delitu zantzuak daudela ondorioztatzen du epaile instruktoreak, eta inputatu gisa deklaratzeko azalpen arrazoitua igorri dio Auzitegi Gorenari.

Zergatik ez du lehenago egin?

Defentsaren tesiaren arabera, prozeduraren hasieratik igorri behar zuen eskaera hori. Gorenak berak horren inguruan duen doktrina ekartzen du gogora Benito epaileak. Forudunen aurkako auziak ikertzeko eskumen osoa du Gorenak, baina ardura hori salbuespenezkoa den heinean, exijitu ohi du ustezko delitua pertsona multzo bate artean egin bada, forudunaren delitu zantzu hori indibidualizatu behar dela eta froga edo zantzuak aurkeztu behar direla. Hala, zantzu eta frogen bila, Benitok dokumentuak bildu zituen eta gainerako inputatuen deklarazioak eta Erakunde Sortzaileen Batzordeko gainerako kideen lekukotza jaso du. “Diligentziak horiek eginda, nahikoa elementu daude Barcina andereak ardura penalak izan ditzazkeela aintzat hartzeko”. Horregatik, Benitok uste du orain zela Gorenari azalpen arrazoitua igortzeko unea.

Zer gertatuko da orain?

Gorenak azalpen arrazoitu hori erantzun zain, Maria Paz Benito epaileak jarraituko du ikerketa judizialarekin, eta beharrezkotzat ikusten badu, zantzu eta dokumentu gehiago igorriko dizkio Gorenak. Epaileak gaineratzen duenez, “gertaerak eta ustezko arduradunak zeintzuk diren erabat argitzeko ezinbestekoak diren diligentzia oro egiten jarraituko du”.

Zer geratzen da argitzeke?

Dieten auziari dagokionez, oraindik gauza asko. Adibidez, epailea Guardia Zibilaren txosten baten zain dago, eta informe horrek ondorioztatuko du Batzorde Iraunkorreko akten sinadura manipulatuta dagoen; hau da, garaiz kanpo egin al ziren. Hala balitz, delitu larria litzateke, dokumentu faltsifikazioaz gain, epaile bati iruzur egin nahi izateagatik. Era berean, epailea Espainiako Bankuaren txosten baten zain dago. Bertan ondorioztatuko da CANeko kontseilariek, bere senideek edo enpresek jasotako hainbat mailegu merkatuaren baldintzen araberakoak izan ziren edo abantailazkoak. Kasu honetan, ikerketa “hasierako fasean” dagoela dio.


Zer arrazoi azaldu ditu epaileak?


Azalpen arrazoituak hamabost orrialde ditu. Bertan, Maria Paz Benitok kasuaren laburpena egiten du eta arrazoitzen du zergatik inputatu beharko litzatekeen Yolanda Barcina. Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Enrique Maiarekin batera Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko kide izan zen Barcina 2010eko abuztuaren 31tik 2011ko irailaren 26ra.
Benitoren arabera, CANeko 2010eko estatutuek ez zuten jasotzen Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkor bat jasotzeko aukera. Organo hori hamar hilabetez “inongo arauen sostengurik gabe” egon zela eta bere kideak “arbitrarioki” izendatu zirela aipatzen du. 2011ko ekainetik araudi bat sartu zen indarrean eta bertan bai jasotzen zen Batzorde Iraunkorra,  baina epailearen arabera, araudi horrek ez dio zertan zilegitasunik eman, CANeko estatutuetan ez zetorrelako jasota”.

Azkenik, aktak aztertuta, epaileak ondorioztatzen duenez “dietak jasotzeko aitzakia baino ez ziren bilerak”. Enrique Goñik hatzarekin seinalatu du: “Bilera horiek eta jasotako dietak ez zituen aurrezki kutxak kontrolatzen, Goñi jaunak adierazi bezala”. Benitoren arabera, bileren osaera Miguel Sanzek erabaki zuen, Goñiren onespenarekin. Epaileak azpimarratzen du dieta horien berri ez zutela ez CNMV Espainiako Balio Merkatuen Batzordeak ez Espainiako Bankuak. 
Gorenak onartuz gero, auziaren instrukzio osoa Gorenak hartuko luke bere gain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.