ETAri desagertzeko eskatuz hasi du balorazioa EAJk. Iñigo Urkullu EBBko presidenteak Sabin Etxean irakurritako agirian ohartarazi duenez, ETAk egin behar duen «esfortzu bakarra» desagertzea da. Argi hitz egiteko eskatu dio erakunde armatuari; «ez dadila gal Bruselaren eta Gernikaren arteko bidean». Hala ere, ETAren agiriak itxaropena piztu diola onartu du EAJko buruak, eta aukera baliatzeko deia egin du: «EAJk aro berriaren aldeko apustua egiten du».
«Bakerako bidea urratsez urrats egin beharreko bidea da, eta bake horretara hurbiltzen gaituzten urrats guztiak baloratu behar ditugu», esan du Urkulluk. Eta atzoko agiria aurrerapausoa dela uste du, «Euskadin eta estatuan bizi diren itxaropen eta egonkortasun garaiak aprobetxatu» egin behar direla adierazi baitu. «Politika eta demokraziaren bidetik, bortxakeriari eta giza eskubideen urraketei amaiera eman behar diogu», esan du.
Orain, «bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustu zentzuduna» egin behar dela uste du alderdi jeltzaleak, eta horrek bi baldintza eskatzen dituela: ETA desagertzea eta legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituzten guztiak «legezko jokalekuan» aritu ahal izatea.
«Politikagintzan aritu nahi duen ezker abertzaleaz» mintzatu da Urkullu, ETArekiko bereizketa egiten duela zehaztuta. Politikagintzan aritu nahi duenak «zer egin behar duen» badakiela esan du: legeak ezartzen dituen baldintzak bete behar dituela. «Ez dakigu zergatik ezingo duen lege barruan aritu baldintza horiek betetzen dituenak». Bide horri eusteko deia egin dio, beraz, ezker abertzaleari; «politikaren eta demokraziaren bideari» eusteko. Izan ere, haren esanetan, «garai berrian politikagintzatik soilik aritu daiteke», eta ezker abertzaleak «badu bidea egiteko» politikagintzan.
Garai berrirako apustua
Horiek horrela, EAJk «garai berria» bizi nahi duela adierazi du. Hori «posible» dela uste du, gainera. «Aldi berriaren aldeko apustua» egin du, beraz, «non sentsibilitate ideologiko guztiok hiritargoaren azterketa baino izango ez dugun bakoitzaren egitasmoaren sendotasuna neurtzeko». Etorkizuna erabakitzea eta ordezkari politikoak aukeratzea euskal gizarteari dagokiola esan, eta «talde politiko guztiei eskaintza hori» egiten diela azaldu du, «inolako bazterketarik eta tutoretzarik gabe».
Era berean, agiria ETAk jarduera armatua «utzi duela esateko aurreko urratsa» izango den «itxaropena» plazaratu du.
ETAren su-etena. Erreakzioak
Zabaldu den aro berria «aprobetxatu» egin behar dela ohartarazi du Urkulluk
ETAk «desagertu» egin behar duela adierazi du, eta ezker abertzalea legeztatu behar dela legea betetzen badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu