09:30ean ekin diote eztabaidari. Barcinak hartu du hitza, eta aitortu du argindar legearen gainean Auzitegi Konstituzionalak emandako epaiak kezkatu egin duela. Hala ere, Espainiaren defentsa egin du Nafarroako Parlamentuan: "Espainiari zenbat eta hobeto joan, eta Europari zenbat eta hobeto joan, nafarroi hobeto joango zaigu".
Abertzaleei galdegin die, gainera, ez baliatzeko egoera Foru Hobekuntza eta Konstituzioa auzitan jartzeko, eta argudio "sinplistak" erabiltzea leporatu die.
Zuzeneko kontakizuna:
PPko parlamentari Ana Beltranek leialtasuna eskatu dio Parlamentuari: "Ezin da legeak egin legeak egiteagatik". Estatuari ere sistema errepetatzeko eskatu dio. Halaber, nabarmendu du PPk Nafarroako foru sistema irmo babestu duela: "Ez da egia Itun Ekonomikoa eta foru sistema arriskua daudela PPren ondorioz".
Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko bozeramaileak hartu du hitza gero, eta Espainiari egotzi dio "Nafarroari berezko eta beharrezkoak dituen ahalmen legegileak urratu eta kendu" izana. Zabaletak barregarritzat jo du foruak gaur-gaurkoz ituntzat jo eta erabakitzeko eskubidea ukatzea: "Madril eta PP dira erasotzen ari direnak. [Espainiako Konstituzioko] Laugarren xedapen gehigarriarena ateratzea PPri lan zikina egitea da".
Roberto Jimenez PSNko eledunak salatu du PPren gobernua, "foru gobernuaren laguntzaz, Nafarroaren eskumenak eramaten ari dela, eta galdetu du zertan eragiten dion langile publikoen aparteko pagak "Espainiaren batasunari". Jimenezek esan du Juan Cruz Alli eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiek —UPNkoak— forutasuna defendatu zutela, baina Barcinak "konpromiso eskasa" erakutsi duela zeregin horretan.
Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak, berriz, Foru Hobekuntzaren aurka egotea egotzi dio Zabaletari: "Zuek nahi duzue EAErekin bat egitea, koadrilako bat gehiago izatea".
Abuztuaren 14an, EH Bilduk salatu zuen UPNk eta PSNk eztabaida Hitzarmen Ekonomikora mugatu nahi dutela. Koalizioak aurreratu du Nafarroaren erabakitzeko eskubidea babestuko dutela gaur. PSN, berriz, prest azaldu da "alderdi denekin" hitz egiteko autogobernuari buruz.
Barcinaren ondoren talde parlamentarioetako bozeramaileek hartu dute hitza, bakoitzak, hogeina minutuz gehienez.
Autogobernuaren aldeko manifestazio batera deitzea baztertu du parlamentuak, bozketa bidez. Bilduk eta Aralar-Nafarroa Baik eta Geroa Baik aurkeztu zuten proposamena, eta horren aurka agertu dira UPN, PSN eta PP.
Agiri baten sinadura
Eztabaidaren atarian, politika, kazetaritza eta gizarte arloko hainbat pertsona ospetsuk Nafarroako autogobernua aldarrikatu dute agiri batean, euskaraz zein gazteleraz. Sentsibilitate politiko desberdineko pertsonak dira, eta PPk eta Auzitegi Konstituzionalak autogobernuaren aurka egindako eraso zentralistak gaitzesten dituzte.
Sinatu dutenen artean daude, besteak beste, Juan Cruz Alli, Manu Aierdi, Uxue Barkos, Pernando Barrena, Juan Antonio Cabrero, Fernando de la Hucha, Fatima Frutos, Rafa Aguilera, Roldan Jimeno, Izaskun Goñi, Daniel Innerarity, Eduardo Lakasta, Joseba Santamaria, Jose Luis Uriz eta Bixente Serrano.
Juan Luis Sanchez Muniain Nafarroako Gobernuko eledunak ere manifestua izan du hizpide: "Ez gobernu honek ez UPNk ez du ezer izenpetuko Pernando Barrenaren alboan edo agintari abertzaleen alboan Nafarroako foru sistema defenditzeko. Ez dute sinesgarritasunik".