«Borroka armatuaren amaiera borroka politikoaren bitartez iritsiko da, eta alor honetan egin diren aurrerapenek ez dute atzera bueltarik. Kasu honetan, gainontzeko guztietan bezala, ez dago irtenbide polizialik, eta neurri polizialak areagotzea, egun gertatzen ari den bezala, bidezkoa ez izateaz gain kaltegarria ere bada», dio Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak El País egunkariko webgunean irakurleekin atzo edukitako elkarrizketa digitaleko pasarte batean.
Zabaletaren arabera, «ETA arrazoi politikoengatik hasi zen, eta arrazoi politikoengatik amaitu behar du, alde bakarreko erabakiz eta ordain politikorik gabe». Dena den, talde armatuan zatiketa egon daitekeela ere ohartarazi du, «ETAn ere Benetako IRA bat» sortzeko arriskua egon badagoela. «Gertatuko balitz, ordea, porrotera kondenatuta legoke, eta arriskuaz ohartarazten badugu, tentaldi hori eragoztearren da».
Espainiako Estatua eta Gobernua kritikatu ditu Aralarreko koordinatzaile nagusiak, gai horrek «beharko lukeen mailarik» eman ez dutelako. Eta ez dute mailarik eman bide polizial soilaren apustua egin dutelako. «Europaren defizit handiena arazo politikoei irtenbide polizial eta militarrak ezarri nahi izatea da».
Maila hori zertan eman dezaketen zehaztuz, Magrebera jo du Zabaletak: «Tunisian egunotan gertatu dena hemen jazo dadin nahiko genuke: preso politiko guztiak askatzeko eta alderdi politiko guztiak legeztatzeko iragarpena egitea». Zabaletaren arabera, Batasunak hurrengo hauteskundeetan parte hartu beharko luke «ez dagoelako pertsona ilegalik, eta, beraz, ez luke alderdi ilegalik egon behar».
Zabaleta: «Tunisian gertatu dena hemen ere jazo dadin nahi dugu»
Borroka armatuaren amaiera borroka politikoaren bidez iritsiko dela dio Aralarreko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu