Zabaletak dio ezker abertzaleak Aralarren «ildo etikoa» behar duela

Alderdiak urrian egingo duen biltzarrerako txostena aurkeztu du zuzendaritzak; Bildurekin koalizioa egitea lehenetsiko duPresoen eta biktimen auziei berehala heldu behar zaiela uste du koordinatzaile nagusiak

Aintzane Ezenarro eta Patxi Zabaleta, Aralarren Donostiako egoitzan, atzo. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Estrategia aldatzeko ordua iritsi zaio Aralarri. Hala uste du alderdiaren zuzendaritzak, eta hala jasota dago alderdiak urrian egingo duen batzarrerako aurkeztuduen proposamenean. Besteak beste, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, Bildurekin koalizioan aurkeztea proposatuko die alderdiko militanteei. Hala ere, zuzendaritzak nabarmendu du elkarlan hori eman dadin ezker abertzaleak konpromiso argia erakutsi behar duela Gernikako Akordioaren «puntu guztietan». «Aralarrek bide politikoen alde egiten duenean ez du ikuspegi pragmatiko batetik egiten soilik, baizik eta perspektiba etiko batetik ere bai», adierazi du Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile nagusiak.

Zabaletak gogorarazi duenez, ezker abertzale «zibil eta zabal» bat osatzea izan da Aralarren betiko erronka. Ezker abertzalearen estrategia aldaketak, Gernikako Akordioak eta maiatzeko udal eta foru hauteskundeek ireki duten agertoki politiko berriak «ezker abertzalearen berrantolaketarako» aukera zabaldu dutela uste du Zabaletak.

Ezker abertzalearekiko hurbilpen prozesua Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurretik burutu nahi du Aralarren zuzendaritzak, eta «Gernikako Akordioa osorik garatzeko konpromisoan» oinarritu nahi du.

Aralarreko buruzagiaren iritziz, elkarlan horren bitartez «etorkizuneko ezker abertzaleak» behar duen «ildo etikoa» indartuko luke Aralarrek, eta Gernikako Akordioan zabaldutako bidea «sendotu». «Aralarri dagokio bereziki ezker abertzaleak behar duen erreferentzia etiko eta pragmatiko hori indartzea. Eskakizun horrekin ez dugu ezberdintasun bat ezarri nahi; behar bat eta eginbehar bat ezarri nahi ditugu», nabarmendu du Zabaletak, Aralarrek alor horretan egin duen bidea «berme» gisa jarriz.

Era berean, eta Gernikako Akordioan jasota dagoen puntu bati erreferentzia eginez, Zabaletak esan du presoen eta ETAren biktimen auzietan ere adostasunak behar direla ezker abertzalearen eta Aralarren artean, eta nabarmendu du bi gai horiei heltzeko ez dagoela gatazka noiz konponduko zain egon beharrik.

Donostian eginiko prentsaurreko batean egin ditu adierazpen horiek Zabaletak. Harekin batera, han izan dira Jon Abril koordinatzaileordea, Aintzane Ezenarro Aralarren legebiltzar taldeko bozeramailea eta Rebeka Ubera Antolakuntza idazkaria. Aralarreko militanteek urriaren 1ean egingo duten batzar orokorrean eztabaidagai izango duten txostena aurkeztu dute zuzendaritzako kideek. Proposamena militanteen esku dago jada, eta abuztuaren 15a arteko epea izango dute zuzenketak egiteko. «Oraingoz, eztabaidarako zirriborro bat baino ez da; ondoren hitz egingo da Aralarren erabakiez, ez aurretik. Militantziak du azken hitza», nabarmendu du Ezenarrok.

Aralarreko legebiltzarkideak azaldu duenez, biltzarra urtebete aurreratzea erabaki du alderdiaren zuzendaritzak, maiatzeko hauteskundeetako emaitzek sortu duten «egoera politiko berriak» bultzatuta.

Zuzendaritzaren proposamenean, aurreko biltzarrean onartu ziren irizpideak berresten direla nabarmendu du Ezenarrok, «horiek baitira ezker abertzale zibil eta zabal bat eraikitzeko ezaugarriak». Besteak beste, eskubide zibil eta politikoen aldeko apustua «bide pragmatikotik baina baita alde etikotik ere» garatu behar dela adierazi du. Ezker abertzalearen aniztasuna errespetatu behar dela nabarmendu du, pluraltasuna ez aitortzeak «antzutasun politikora eramango» lukeelako ezker abertzalea. Eta «errealismotik abiatutako» proposamenak egin behar direla defendatu du, «instituzioak eta Hego Euskal Herrian dauden bi erabakiguneak errespetatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.