Azaroak 20. Hauteskundeetarako balizko aliantzak

Zabaletak dio «koherentea» dela Aralarrek hartutako erabakia

Aralarreko kideak adierazi du «egoera berriak bultzada berri bat» ematea eskatzen duela

Erredakzioa
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak azaldu du «taktikoa» dela baina «koherentea» bere pentsatzeko moduarekin Aralar EArekin, Alternatibarekin eta ezker abertzalearekin aurkeztea Espainiako hauteskunde orokorretara. Gainera, argi utzi du Nafarroa Bai koalizioa ezin dela izan «aldaketarako oztopo»; izan ere, haren iritziz, «orain urrats bat gehiago egin beharra dago Nafarroan eta EAEn». Hala ere, Nafarroa Bai 2011 koalizioak Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen oposizio «nagusia» izaten jarraituko duela adierazi du.

Era berean, Zabaletak honakoa esan du: «Politika bidea egiten ari den egoera berri batean gaude, eta egoera horrek bultzada berri bat ematea eskatzen du». «Horixe da bakea eta normalizaziorako bidean dagoen gure herriaren egoerak exijitzen diguna, baita abagune ekonomikoak ere», gaineratu du. Zabaletak dio gaur egun «egoera ekonomiko latzean» egonda Euskal Herrian dagoen «ezkerreko gehiengo aurrerakoiak urrats ausartagoak» egitea exijitzen dielako eman behar dela «bultzada» hori.

Gainera, esan du behin «bakea» eta «barne egitura demokratikoak» lortzen direnean bi esparru «handi» izango direla: «EAJk EAEn eta UPNk Nafarroan ordezkatzen duten zentro eskuina eta ezkerreko esparru handi bat».

«Erantzukizun handiagoa»

Bestalde, Zabaletak uste du Espainiako Estatuak «erantzukizun handiagoarekin» jokatu beharko lukeela bakea lortzeko. Hori horrela, Espainiako Gobernuaren jarrera «estatikoa eta erantzukizunik gabea» dela azaldu du.

Gainera, esan du ETAk «indarkeriaren erabilera alde batera» utzi behar duela «behin betiko», eta «urrats» horren zain dagoela gaineratu du. Nolanahi ere, «euskal presoen eta biktimen erreparazioa ere beharrezkoa» dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.