Zabalgarbiren datuei buruzko bi interpretazioak aurrez aurre geratu ziren atzo Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean, Ekologistak Martxan-ek otsailean salatutako arau-hausteei buruzko saioan. EH Bilduk eskatuta, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburua mintzatu zen lehenik, Bilboko errauste plantaren jarduna babesteko: «Indarrean dauden arauak betetzen ditu. Zabalgarbik kudeaketa eredugarria du». Ondoren hartu zuten hitza talde ekologistako kideek, euren salaketa berresteko. «2012an, ingurumen baimen bateratua urratu egin zuen plantak», esan zuen Carlos Arribasek.
Hiru gai izan zituzten mahai gainean: gai kutsagarrien isurketa, errausketatik ateratako hondakinen kudeaketa eta plantaren eraginkortasuna. Zabalgarbiren analisia bere egin zuen Oregik, baina ez zituen erantzun xehetasunei buruzko galderak. Isurketen auzian, adibidez, ekologistek jakinarazi dute 2012an Zabalgarbik lau aldiz gainditu zituela zenbait gai kutsagarri ordu erdian behin isurtzeko mugak. Oregik azaldu du ingurumen baimen bateratuak (IBB) halakoak aurreikusten dituela: «Parametro batzuk une jakin batzuetan gaindi daitezke, arauz kanpo egon gabe».
Isurketei buruzko legediak malgutasuna ematen die errauste plantei: urtean 60 orduz gaindi ditzakete mugak, gehienez ere lau orduz jarraian. Baina, Arribasek azaldu duenez, Zabalgarbiren IBBak zehazten du malgutasunik ez dagoela karbono monoxido isurketetan, hau da, muga hori ezin dela inoiz gainditu. Eta ekologistek salatutako lau isurketatik bi karbono monoxidozkoak izan ziren. Halaber, 2012ko abenduan izandako isurketa batek «planta geldiaraztea» eragin zuela berretsi du Arribasek. Bi datu jakin horiei buruz galdetu dio EH Bilduko legebiltzarkide Marian Beitialarrangoitiak Oregiri, baina sailburuak ez du erantzun.
Antzera gertatu da errausketatik ateratako hondakinen auzian. Oregik adierazi du «ondo kudeatuta» daudela: errautsak hondakin arriskutsu gisara tratatzen dira, Igorre eta Larrabetzuko zentroetan; zepak, berriz, Zalla eta Lemoako zabortegietara eramaten dituzte, hondakin ez-arriskutsuak direlakoan. Arribasen arabera, ordea, 2012an ez-arriskutsutzat tratatutako zepa batzuk arriskutsuak izan ziren, kobrearen lixibiazio neurriak gainditu zituztelako. Horri buruz ere ez da mintzatu Oregi.
Osasunean eragina
Ildo horretan, errausketak hondakin ugari eragiten dituela gogoratu du ekologistak: «Zabalgarbi ez da hondakinik gabeko planta bat. Hondakin fluxu bat sortzen du, horietako batzuk arriskutsuak: zaborra hondakin kutsagarri bihurtzen du». Errausketaren aurkako ikuspegitik jardutea leporatu diote EAJk, PSE-EEk eta PPk, eta halakorik ez du ukatu Arribasek: «Guk uste dugu errausketa tratamendurik okerrena dela. Baina ez dut nik bakarrik esaten, uste berekoa da Janez Potocnik Europako Ingurumen komisarioa: esana du 2020rako erraustea debekatu beharko litzatekeela, eta eredugarri jartzen diren Europa iparraldeko herrialdeek gehiegi errausten dutela».
Errausketak osasunean dituen ondorioen inguruan «alarma soziala» sortzea ere egotzi diote alderdi politiko horiek. Mari Carmen Lopez Okariz PPko legebiltzarkideak EHUren azterketa baten emaitza hobetsi du: «Plantaren jardunak osasunean eraginik ez zuela ondorioztatu zuen». Oregik «lasaigarritzat» jo du txosten hori, baina Arribasek adierazi du Zabalgarbik berak finantzatu zuela: «Errausketaren eta minbizi mota batzuen igoeraren arteko lotura adierazten duen bibliografia zientifiko zabala dago. Gauza bat da esatea planta batek ez dituela isurketa mugak gainditzen, eta beste bat baieztatzea errausketak ez duela osasunaren gaineko efekturik».
Plantaren eraginkortasun energetikoaren auzian ere Zabalgarbiren datua babestu du Oregik. R1 faktorea legeak eskatzen duen 0,60ren gainetik dagoela berretsi du: «Jaurlaritzarentzat, balioztatze energetikoa egiten duen planta da». Arribasek gaitzetsi du Zabalgarbiren kalkulua egin duen aditua «errausketaren aldeko lobby-ko kidea» dela, eta berretsi du formula aplikatzean akatsak egon direla, «fisikako printzipioak oinarri hartuta».
Zabalgarbi «kriminalizatu»
Tartean, hondakinen kudeaketaren inguruko gatazkan murgildu dira alderdi politikoak: soilik EH Bilduk jarri ditu auzitan Zabalgarbiren datuak; EAJk, PSE-EEk eta PPk, berriz, errauste plantaren jarduna «kriminalizatzea» leporatu diote koalizioari. «Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren auziak busti du saio hau. Bizkaian ez da arazorik egon, eta azkenean Gipuzkoarenak konponduko ditu», esan du PSE-EEko Natalia Rojok. «Argi geratu zaigu Zabalgarbik bete egiten duela indarrean den legedia, eta konfiantza dugu ingurumen arloko organoaren gaitasunean», erantsi du EAJko Joseba Zorrillak.
Kriminalizazio akusazioei «kontrako usaina» antzeman die Beitialarrangoitiak: «Ematen du talde politikoek Zabalgarbi defendatu behar dutela, errausketa defendatu behar dutelako. Zaintza berdin-berdin egin behar dugu, erraustea gustuko izan ala ez». Ana Oregirekin ere haserre agertu da, galderei erantzun ez dielakoan: «Ingurumen Sailari dagokio legea betetzen dela frogatzea, eta hemen ez da gardentasunik egon».
Bizkaiko hondakinen kudeaketa eredua goratu dute hiru alderdiek. Haren «arrakasta» nabarmendu du Rojok, iaz %50eko birziklatze tasa lortu zuelakoan. Gorka Bueno Ekologistak Martxan-eko kide eta EHUko ikertzaileak gogora ekarri dienez, orain bi aste taldeak argitaratutako azterketa batek agerian utzi zuen birziklatze datuotan aldundiak «tranpak» egin zituela: «Iosu Madariaga Ingurumen diputatuarekin bildu ginen, eta hark onartu zigun gure txostena zuzena zela».
Zabalgarbik araudia betetzen duela azaldu du Oregik legebiltzarrean
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak ez du azalpenik eman errauste plantaren isurketa datuen xehetasunei buruzEraginkortasunaz otsailean eginiko salaketa berretsi du Ekologistak Martxan taldeak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu