Astelehenean istiluak izan ziren Zaballako espetxean, Araban. Kartzeletako funtzionarioen elkarte batek azaldu duenez, 18:00ak aldera gertatu zen borroka. Elkarteak emandako bertsioaren arabera, zerbitzuburua preso batengana joan zen, eta hark irainka erantzun zion, eta preso gehiagok atzetik jarraitu zioten. «Inguratu egin zuten, eta kafe edalontziak, latak eta bestelako objektuak botatzen hasi zitzaizkion. Matxinada hasi zen». Hirugarren moduluan gertatu zen borroka hori, eta, taldeak jakinarazi duenez, beste modulu batzuetako funtzionarioek ere esku hartu zuten, «egoera kontrolpean hartzeko».
Espainiako Espetxe Erakundeak aitortu du «istilu bat» izan zela Zaballako kartzelan astelehenean, baina ez dio eman aparteko garrantzirik: «Ez zen matxinadarik izan».
Borrokaren ondorioz, bakartu egin dituzte zortzi preso. Horietako zazpi momentuan berean apartatu zituzten, eta beste bat, ondoren, segurtasun kameretako irudiak aztertu eta gero. Elkartearen arabera, bi funtzionario zauritu ziren borrokan. Espetxe funtzionarioen elkarteak baliabide gehiago eskatu ditu.
Hain justu, presoen segurtasunarekin lotuta hizpide izan da aurten Zaballako espetxea: bost kartzelatu hil dira. Urtarrilaren 17an gertatu zen lehen heriotza, otsailean bigarrena, apirilaren 1ean hirugarrena eta apirilaren 25ean laugarrena. Hildakoen artean, gizon gazteak dira gehienak.
Urtarrilean hil zenak 28 urte zituen, eta Bizkaian bizi zen. Funtzionarioek familiari jakinarazi ziotenez, droga gaindosi baten ondorioz zendu zen. Otsailean hil zen presoari buruzko informaziorik ez dago. Are, nahasketa baten ondorioz eman zuten Espainiako Espetxe Erakundeek heriotza horren berri: elkarte batek apirilaren 1eko heriotzari buruz galdetu zuen, eta otsaileko ezbeharraren datuak eman zizkioten. Presoak bere buruaz beste egin zuela esan zuten espetxeko iturriek. Argudio bera baliatu zuten apirilaren 1ean zendu zen gaztearekin: 24 urte zituen. Apirilaren 25ean hilotz agertu zen gizona ere gaztea zen: 28 urte zituen. Goizeko zenbaketan aurkitu zuten hilik. Azkena orain hilabete hil zen, irailaren 21ean; droga gaindosia izan zela zabaldu zuten.