AHT. Atxarteko harrobietarako plana

Zabortegia edo lehengoratzea?

Abiadura handiko treneko lanetatik ateratzen diren hondakin lurrak bota nahi ditu Adifek Atxarte eta Atxa Txikiko harrobietan. Horrela ingurua lehengoratuko duela dio, baina ahots asko altxatu zaizkio horren aurka, eta lur soberakinen zabortegi bat eraiki nahi duela leporatu diote.

inaki petxarroman
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Abiadura handiko treneko (AHT) ibilbidearen zati handiena tuneletatik doa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hain zuzen ere, 194 kilometroetatik 104. Tunelak zulatzeko, harri eta lur soberakin handiak sortzen ari dira, eta Adif zein Jaurlaritza arazo handiak izaten ari dira haiek botatzeko. Obraren sustatzaileek emandako datuen arabera, 16 milioi metro kubo lur soberakin sortuko dira obra osoa amaitutakoan, eta horiek isurtzeko 518 hektarea bete beharko dira, alegia, 500 futbol zelai inguru.

Zabortegi berriak bilatu eta legeztatzeko arazo handiak izan dituzte orain arte. Adibide esanguratsua da Orozketako isurtegia (Iurreta, Bizkaia). Han, zabortegi zahar bat zegoen lekuan AHTko obra hondakinak botatzeari ekin zioten, baina, ondo itxi gabe zegoenez, isurketa toxikoa eragin zuten inguruko lur eta erreketan. Epaitegiak itxiarazi zuen Orozketako zabortegia.

Poliki bada ere, obrak aurrera doaz, eta dozenaka zabortegi ireki dituzte han eta hemen. Baina ez dira nahikoak. Horregatik, Adifek Atxa Txiki eta Atxarteko harrobi zaharretan paratu ditu begiak. Abadiñoko Udalari proposatu zion harrobiak berreskuratzea AHTko lanen soberakinak baliatuz. Udalak proiektua begi onez ikusi, eta, berriki, Jaurlaritzako Ingurumen Sailak adierazi du posible dela berreskuratze proiektu hori aurrera eramatea eta, gainera, ez lukeela behar ingurumen eraginaren azterketarik. Atxarte eta Atxa Txiki harrobiak 1995etik daude itxita, eta enpresa ustiatzaileek utzi bezalaxe dago ingurua oraindik.

Berreskuratzea edo zabortegia? Bizkaiko Foru Aldundiak garbi dauka zer den Adifek Atxarterako planteatu duena: «Soberakinen biltegi bat da, lehenik eta behin erantzuten diolako AHTko lanetatik sortzen diren lur soberakinak nonbait uzteko beharrari». Beraz, ezin da justifikatu esanez harrobiak berreskuratzeko plan bat dela. «Proiektuaren helburua ez da bazter utzitako gune bat berreskuratzea, baizik eta ahalik eta lur soberakin gehienari toki egitea».

Hala aitortu du Adifek berak ere, zeharka bada ere: «Zenbat eta hondakin gehiago isuri, orduan eta paisaia integrazio osoagoa lortuko da. Beraz, posible bada, erabateko betelanaren aukera bilatuko da».

Operazioa ez da txikia. Proiektuaren bultzatzaileen arabera, Euskal Y-ko obretako 16 milioi metro kubo lurretatik milioi bat Durangaldeko txoko horretara eraman nahi dute. Gainera, kontuan hartu behar da harrobiak Urkiolako natur parkearen barruan daudela eta babes bereziko garrantzi komunitarioko toki bat dela.

Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren arabera, ez da ingurumen eraginaren azterketarik behar, inguruan eragingo den kaltea «txikia» delako. Bizkaiko diputazioa ez dator bat: «Ingurumen sentsibilitate eta hauskortasun handiko gunea da, hegaztien ugaltzeko lekua; haietako batzuk, gainera, desagertzeko arriskuan daude, esaterako, sai zuria. Bidenabar, paisaia aldetik interes handiko ingurua da». Betelanetan aipatzen diren lur bolumenak kontuan hartuta, aldundiak argi dauka eragin handia izango duela ingurumenean, kamioien joan-etorri handia dela-eta, besteak beste. Horregatik, argi adierazi du ingurumen eraginaren azterketa egitea ezinbestekoa dela.

Eusko Jaurlaritzak hainbat erakunderi eskatutako txostenetako batean eman du bere iritzia aldundiak. Jaurlaritza barruko Bioaniztasunerako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak ere ohartarazi du ezin dela martxan jarri halako operaziorik, hain zuzen ere, Urkiolako parkearen natur baliabideen antolaketa plana aldatzeari ekin diotelako. «Kaltetutako guneen errealitate fisiko edo biologikoa alda dezakeen edozein proiektu edo ekintza baimentzea ezinezkoa da».

Abadiñoko Udalak begi onez ikusi du Atxarterako Adifek planteatu duen betelana. Jose Luis Navarro alkateak (Abadiñoko Independenteak) argi du helburua: utzitako harrobien ingurua lehengoratzea. Horretarako behar den zama ekonomikoari udalak aurre egin ezin dionez, Adifek aurrera eramatea herriarentzat «mauka» dela uste du alkateak. «Argi dugu, hala ere, ez dugula onartuko isurtegi edo zabortegi bihurtzea. Gertutik zainduko dugu han egiten dutena».

«Planak itxura ona du»

Udalak oraindik ez du jaso Adifen planaren azken txostena, baina, zirriborro batean ikusitakoak ikusita, «itxura ona» duela uste du Navarrok. Ez daki zergatik Jaurlaritzak ez duen ingurumen eraginaren azterketarik agindu, baina egitearen aldekoa dela argi utzi du alkateak: «Bat egiten dut eskaera horrekin». Oraindik ez daki noiz has daitekeen Adif Atxarten lurrak botatzen, baina oraingoz ez dute inolako hitzarmenik egin. Gainera, Abadiñoko tarteko lanak, oraingoz, geldirik daudela gogorarazi du.

Navarrok dio bere talde politikoa ez dagoela Euskal Y-aren alde. «Pertsonalki uste dut astakeria bat dela EAEko hiriburuak AHT bidez elkartzea. Uler nezake, ordea, Euskal Herria Madril eta Parisekin lotzea». Edonola ere, haren taldeak ez ditu proiektua eta lanak zangopilatuko.

Abadiñoko Udalarentzat Artaza ingeniaritza enpresak egindako txosten batek dio lur eta harri naturalak besterik ez dela isuriko harrobietan. Jaurlaritzak, ordea, aitortu du lehen eta bigarren mailako aridoak ere erabiliko direla, alegia, eraikitako behin-behineko azpiegiturak (bideak, plataformak...) haustearen ondorioz sortzen diren hondakinak. Horrek are eta ageriago uzten du, David Cobos AHT Gelditu! Elkarlaneko kide eta abokatuaren ustez, Atxarten zer egin nahi duten: zabortegi bat, alegia. «Nola esan daiteke proiektu hau mauka dela Abadiñorentzat. Izatekotan, Adifentzat izango da». Izan ere, zabortegi erraldoi horrekin diru mordoa aurreztuko du Adifek, Cobosen ustez, beste leku askotan ez baititu zabortegiak ireki beharko.

Abadiñoko Udalak egindako txostenaren arabera, harrobiak lehengoratzea 1,3 milioi euro kostatuko litzateke. Hor kontuan hartzen duten bakarra da gastua, alegia, harrobien prestatzea, makinaria alokatzea, proiektu teknikoa egitea... Baina lurrak isurtzeagatik Adifek udalari ordaindu beharko liokeen dirua ez dutela kontuan hartu gogorarazi du Cobosek. Zabortegira sartzen den kamioi bakoitzeko Adifek udalari dagokiona ordainduko balio, lau eta sei milioi euro arteko irabazia luke udalak. «Zer dela eta utziko diote Adifi hori dena debalde egiten?». Gainera, Cobosek gogorarazi du, berez, lehengoratze lan hori harrobia ustiatu zuten enpresek egin beharko luketela. Haren iritziz, bi arrazoi daude ingurumen eraginaren azterketarik ez egin nahi izateko: denbora eta dirua. «AHTko lanek ez dute ez bata ez bestea».

Cobos Atxondoko alkate ohia da, eta ondo ezagutzen du AHTko lanek inguruan egingo duten kaltea. «Proiektu honekin txori bi ez, hiru edo lau txori bota nahi ditu Adifek tiro bakar batez». Izan ere, Elorrio eta Zornotza arteko lanetako hondakinak eraman nahi dituzte harrobietara. Horrela aurreztuko lukete, gutxienez, hiru edo lau zabortegi berri egin behar izatea.

Cobosek garbi dauka kontua. Atxarten egin nahi dutenak ez du zerikusirik berreskuratze plan batekin. «Berreskuratzeak oinarrizko printzipio bat du: ahalik eta esku hartze txikiena izatea». Ingurua, izan ere, berreskuratu da: landaredi eta fauna berezia sortu da dagoeneko. «Beraz, eraikinak bota, hondakinak atera eta makinak eramanda berreskuratuko litzateke ingurua, ez behetik goraino hondakinez beteta».

Cobosek ohartarazi du ez direla geldirik egongo. Orain, helegite bat jarri dute Jaurlaritzako Ingurumen Sailean, bi argudio nagusi emanda: batetik, ezin dela Atxarten deus egin natur parkeko Organo Kudeatzailearen baimenik gabe; eta, bestetik, baimena lortuta ere ingurumen eraginaren azterketa beharko litzatekeela. Jaurlaritzak helegitea aintzat hartzen ez badu, auzibidera joko dute. «Uste dut birritan pentsatu beharko dutela gaia aurrera jo aurretik, ezin baitute argudiatu ez zekitela gauzak hala egin behar zirela. Guk ohartarazi diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.