Wenceslao Peñate. Psikologia irakaslea

«Zaharrei buruzko estereotipoak gezurra izaten dira gehienetan»

Sexuaren eta arrazaren ostean, adina da gizabanakoak bereizteko ezaugarria, eta hori ere konnotazio negatiboz josia dago

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Zahartzaroa okerrera egitearekin lotzen dugu, eta ideien arteko lotura hori guztiz zentzugabea da», argi utzi du Wenceslao Peñatek. Lagunako Unibertsitateko irakaslea da (Kanaria Uharteak), eta Nortasun, Ebaluazio eta Psikologia Tratamenduetan doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan izan da, eta berarekin batera, zahartzaroaren psikologiari eta ongizateari buruz aritu dira hainbat aditu atzo eta gaur artean. Peñateren hitzetan, «ongizatea ez da soilik fisikoki ongi egotea; ezinbestekoa da psikologikoki, mentalki eta sozialki ere osasuntsu sentitzea».

Azken urteetan adin bereizkeria izeneko kontzeptu bat garatu da. «Adin bereizkeria adineko pertsonak, zaharrak izate hutsagatik, bereizteko dugun joera da. Gaur egun, 65 urtetik aurrerako pertsonak adinekoen multzoan sartzen ditugu, eta zuzenean hainbat ezaugarri atxikitzen dizkiegu, gehienak faltsuak izan arren», adierazi du Peñatek.Lehen bizi-itxaropen luzea bedeinkazio gisa hartzen zela azaldu du; orain, aldiz, gaitz gisa ulertzen dugula. «Adineko izateak nortasun jakin bat eta gaixotasunak dakartza guretzat, baina hori guztiz okerra da, eta horren aurka eginbehar dugu», dio Peñatek.

Adineko pertsonen gaineko estereotipoak sinesmen faltsuetan oinarritzen direla eta funtsik ez dutela argi du Peñatek. «Gainera, puztu egiten ditugu, eta alderdi negatiboei ematen diegu garrantzia», azpimarratu du. Zahartzerakoan pertsona guztiak petraldu egiten direla uste dugu, ekoizpen gaitasuna galtzen dutela, eta beren mantenua gainontzekoen esku geratzen dela. Baina errealitatea oso bestelako dela ohartarazi du Peñatek: «Adinekoak ez dira petralak zaharrak izate hutsagatik; pertsona bat bizitza osoan halakoa izan bada, zahartzaroan halaxejarraituko du, eta hala izan ez bada, adinagatik bakarrik ez da hala bihurtuko».

Halaber, adineko pertsonak produktiboak direla sinetsita dago. «65 urterekin erretiratzea ongi dago, baina horrek ez du esan nahi emankorrak izateari utzi behar diogunik, beste era batetako lanak egiten jarrai dezakegulako; norberari gustatzen zaiona egin dezakegu, baina urtean ordu kopuru jakin bat sartuz, eta pentsioa kobratuz», proposatu du. Era horretan, etengabe zahartzen ari den gizarte ereduari eutsi ahal izango diogula uste du. Izan ere, 1975ean gizartearen %15 zen 65 urtetik gorakoa; 2050ean, biztanlerien erdiak adinekoak izango direla aurreikusten da.

Uste okerrak

Adineko pertsonak bakartiak direla oso hedatuta dago gizartean. Datuek, baina, oso bestelako errealitatea erakusten dute: 65 urtez gorakoen %66 bikotekidearekin bizi dira, eta 85 urtetik gorakoen artean, %25, adin horretan heriotza tasa altuagoa delako. Bestetik, zaharren %90ek astean behin behintzat elkartzen dira senideekin.

Ahulak eta gaixotiak direla ere uste dugu. Baina zaharren artean heriotza arrazoi nagusiak gainerako adinetakoen berdintsuak dira, hala nola minbizia, bihotzeko eritasunak edota istripuak. Gainera, adinekoen ezagutza gaitasunen inguruko usteak erabat okerrak direla azpimarratu du Peñatek. «Memoria, kontzentrazioa, informazioa prozesatzeko azkartasuna edo arreta mantentzeko ahalmena zertxobait jaisten dira zaharrengan, baina ia beti bizitza arrunta eramateko moduan; gainera, nork ez du izenak gogoratzeko arazoa izan noizbait? Hori ez da adinaren kontua soilik, bizitza osoan gertatzen baitzaigu», gogorarazi du. Era berean, kontuan izan behar da beste hainbat trebetasun garatzen direla. «Hizkuntza eta hiztegia hobetu egiten dira adinean aurrera egin ahala, eta zenbait kasutan, baita sormena eta jakituria ere; esperientziagatik, hain zuzen ere», argitu du.

Zaharren aisialdiko interesak ere, errealitatean, oso bestelakoak dira. «Uste zabaldua da adineko pertsonek gustuko dutela petankan eta gisa horretako jokoetan aritzea, eta bereziki haientzat prestatutako ekintzak egin nahi izaten dituztela; baina ez da hala», azaldu du Peñatek. 65 urtetik gorakoen artean, zahar etxeetara oso gutxi joaten direla nabarmendu du,eta ez dituzte haientzat antolatutako jarduerak egin nahi izaten. «Adineko pertsonek nahiago izaten dute beren kabuz ibili, bizitza osoan egin izan dituzten gauzak egiten, eta ez espresuki beraientzat prestatutakoetan». Azken batean, gustuak ez dira egun batetik bestera aldatzen.

Nola aurre egin

Adin bereizkeriak, baina, hainbat arrisku ditu: «Zaharrak bakartu egiten ditugu, eta haiekiko harremana eten egiten da. Joera hori Mendebaldeko gizarteetatik dator, eta Ekialdekoek ere men egin diote, adineko pertsonekiko miresmena mantendu beharrean», dio Peñatek. Arazoak, gainera, ez dira soilik horretan geratzen: osasun sisteman okerrak sortzen dira, eta adinekoekiko jarrera paternalista eta infantilistak garatzen dira.

Peñateren esanetan, ordea, ez gara zahartzaroren alderdi onez jabetzen, eta, horregatik, egoerari konponbidea jartzea ezinbestekoa da. «Instituzioek esku hartu beharko dute, emakumeen diskriminazioaren inguruan egin zen bezala, eta, horretaz gain, adineko pertsonekin esperientzia positiboak izatea lortu behar dugu, haurrengandik hasita». Belaunaldi ezberdineko pertsonek elkarrekin bizitzen ikasi behar dute, eta kontaktu fisikoa edukitzea ezin hobea da lotura hori lantzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.