Zain, eta legea bete beharrean

Farmazialarien ustez, botikak berrondaintzeak ez du ezinbestean ekarriko gastuen murrizketa eta botiken kontsumoaren jaitsiera. Politika eraginkorragoen beharra defendatu dute.

Jendea sendagaiak erosten botika batean. ANDONI CANELLADA /  ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Zalantzekin, eta ezer egin ezinda. Halaxe daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako botikariak, berrordainketa ezarri beharko dutela jakin ostean. Hala agintzen du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kaleratutako epaiak. «Osasun Sailetik ez dugujakinarazpenik jaso. Baina legea betetzea baino ez zaigu tokatzen. Alde horretatik, ezer gutxi egin dezakegu», esan du Elena Artetxek —botika bat du Markinan (Bizkaia)—. Neurria ez du egoki ikusten Gipuzkoako Botikarien Elkarteko presidente Angel Garaik, eta oharra egin du: «Osasunarenikuspegitik, konponbideak baino gehiago, arazoak sor ditzake». Garaik Jaurlaritzari eskatu dio ezartzen bada ahalik eta modurik «txukunenean» ezartzeko, eta botikarien iritzia kontuan hartuta. «Orain, errezeta elektronikoa ezartzen ari gara, eta txukun egiten ez bada, nahaspila handia sor daiteke».

Artetxe ados dago horrekin. «Neurria iragarri zenean, jendea galdezka etorri zitzaigun, kezkatuta eta haserre. Gero jakin zen hemen ez zela jarriko, eta jendea lasaitu egin zen. Orain, baieztatu da ezarri egingo dela berrordainketa, baina jendea, kezkatuta baino gehiago, etsita ikusten dut».

Egoera ekonomiko estua duten gaixoengan jarri du arreta Garaik. «Botika asko hartzen dituzten gaixo kronikoak badira, beldur gara ez ote duten tratamendua utziko, ezingo baitute ordaindu. Neurria indarrean dagoen erkidego batzuetan halakoak gertatu dira». Horregatik, argi du ezarri den sistema «bidegabea» dela. «Oinarri-oinarritik da bidegabea. Baina harago noa: erretiratuek gehienez 8 edo 18 euro ordaindu beharko badituzte, zergatik behartzen dituzte botikak osorik ordaintzera? Zentzuzkoagoa da ezarritako gehienezko kopurua igarota gehiago ez pagatzea».

Espainiako Gobernuak iragarritako beste neurri bat da 423 botika gizarte segurantzatik kentzea. Azkenean, irailera atzeratu du neurria. Garairen ustez, egokia da zerrenda hori aldatzea. «Baina ezin da edonola egin. Botiketan, erietxeetan eta banatzaileen biltegietan halako botika asko daude, eta diru asko galtzeko arriskua dago. Komeni da, halaber, libre geratzen diren botika horien prezioak kontrolatzea. Zentzuzkoa eta eraginkorra den politika bat ezarri behar da».

Artetxek ere auzitan jarri du neurria: «Ez dut usteaskorik aurreztuko denik, jende askok dagoeneko botika horietako asko bere poltsikotik ordaintzen dituelako. Gainera, batzuk ez dira erabili ere egiten». Hala, «onartezina» iruditzen zaio kentzea: «Gaixo batzuentzat, agian, botika horiek ezinbestekoak dira. Ez dituzte kapritxoz hartzen».

Neurriek farmazialarien sektorean izan dezaketen eraginarengatik ere kezka azaldu dute. Garai: «2008. urtetik onartu dituzten lau dekretuak gure kalterako izan dira. Botiken prezioak jaitsi eta jaitsi aritu dira. Aldi berean, handitu egin da guk egin beharreko ekarpena. Horrek ataka zailean jarri ditu botika batzuk». Diru sarrera gutxiago izateko beldurra beti hor dagoela onartu Artetxek. «Herri txikietako botiketan, kezka hori are handiagoa da».

Gaixoentzat eta farmazialarientzat, beraz, neurri okerrak direla nabarmendu du Garaik. «Gaixo batzuek tratamendua hartzeari uzten badiote, gehiago gaixotuko dira. Horrek lehen laguntzan, espezialistetan eta larrialdietan egiten den gastua areagotuko du. Azken batean, kostua handiagoa da».

Nabarmendu du botiken kontsumoa gaixoen benetako beharretara egokitu behar dela. «Baina ez dekretu bidez hartzen diren neurriekin. Botikarien eta sendagileen arteko koordinazioa hobetu eta indartu behar da, eta gaixo bakoitzaren kasuan ikusi tratamenduaren eraginkortasuna. Horrela lortuko litzateke egiazki dirua aurreztea eta botiken gehiegizko kontsumoa murriztea».

Nafarroako esperientzia

Nafarroan hilabete daramate botikak berrordaintzen. Hasierako «zurrunbiloaren» ostean bezeroak lasaitu egin direla esan du Pello Iturria botikariak. Iruñeko Estafeta kalean du botika Iturriak. «Batik bat, erretiratuak eta adinekoak zeuden kezkatuta. Zalantza asko zituzten. Haientzat arrotza zen botikak pagatzea. Azalpen ugari eman behar izan genizkien», azaldu du Iturriak.

Ordaintzen zuten gehiegizko dirua nola itzuliko zieten galdetzen zioten Iturriari. «Normala» iruditzen zaio hori. «Gehienez8 edo 18 euro ordaindu behar badituzte, hortik gora ez litzaieke ezer kobratu behar. Espero dugu errezeta elektronikoarekin lortzea».

Bezero kopuruan jaitsiera txiki bat sumatu dutela aitortu du Iturriak. «Benetako datuak abuztu erdialdean jakingo ditugu, orduan itxiko baitugu uztaileko balantzea. Ikusiko dugu gastua zenbatekoa izan den, eta kontsumoak behera egin duen. Baina egia da jendea zentzu handiagoz etortzen dela. Etxean botika badu, errezeta izan arren, ez du hartzen. Lehen, kontrakoa zen».

Bestalde, ez du uste eraginkorra izango denik botika batzuk gizarte segurantzatik kentzea. «Esaten dute sintoma arinentzako botikak direla. Baina zer da arina? Zeren arabera erabakitzen dute hori? Gainera, libre izanda botika enpresek nahi dutena egin ahalko dute prezioarekin. Horrek badu bere arriskua. Ez dut uste, gainera, botiken kontsumoa murrizteko balioko duenik. Jendeak, oro har, arduraz hartzen ditu. Ez du behar baino sendagai gehiago hartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.