Zaintza, fabriketako aldageletaraino sartuta

Lantokietara zaintzaren auzia eramatea ekarri du greba feminista orokorrak, baita sektore maskulinizatuetara eta landa eremura ere. Prozesuaren gorabeherak azaldu dituzte ELAko, LABeko eta Etxaldeko kideek.

GREBA FEMINISTA OROKORRA
Ezkerretik eskuinera, Isasi, Fernandez eta Ladislao, grebaren kartel batekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2023ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Azken txanpan sartu da greba feminista orokorrerako bidea, eta, mugimendu feminista ez ezik, sindikatuak ere buru-belarri dabiltza deialdia lantzen, zaintza eskubide kolektiboaren aldarria lantokietara eramaten. «Prozesua bera estrategikoa da: ariketa pedagogiko handi bat egiten ari gara langileekin», laburtu du Maddi Isasi Azkarraga LABeko kideak. Sindikatu osoa aktibatu dela berretsi du ELAko Nahia Fernandez Vicariok: «Ia 10.000 ordezkari ditugu, eta greba egunera arte mila asanblada inguru egitea aurreikusten dugu; hori da lehentasun nagusia». Zenbakiak harridura eragin dio Amets Ladislaori; aitortu du Etxalden beste dimentsio bat hartu duela grebak: «Guk ezin dugu greba produktiboa berdin egin: behiak eta ardiak egunero jetzi eta elikatu behar dira. Baina gure sektorean ere ez gara hutsetik hasi: greba honen arrakasta izango da urte hauetako prozesuaren emaitza».

ESK, EHNE, Steilas eta CGTrekin batera ari dira hiru sindikatuok azaroaren 30eko deialdia babesten, eta prozesuaren berri eman diote BERRIAri. Onartu dute grebaren planteamenduak berak jauzi bat ekarri duela sindikatuetan ere: lehen aldiz, greba feminista orokor bat izango da Euskal Herrian. Fernandezek gogoratu du 2018 eta 2019ko greba feministek berekin ekarri zutela grebaren kontzeptua zabaltzea zaintza lan ikusezinetara; orduan ikasitakoarekin, azaroaren 30ean «indar erakustaldi bat egitea» espero du: «Greba orokor bat oso tresna garrantzitsua da, eraldaketa sozialak bideratzeko, jendartea ideologizatzeko, kasu honetan zaintzaren problematika jendarteratzeko eta langile klasea ahalduntzeko». Isasik erantsi du sindikatuen erronka dela greba eremu produktibora eramatea, baina ikusmolde hori gainditzea ere bai: «Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkaz ari gara. Ez dago zaintza eredua aldatzerik jendarte osoa interpelatzen ez badugu».

Bide horretan, eztabaida eta zalantza iturri izan da gizonen parte hartzea. Greba orokorra izanik, lanuztera deituta daude, baina greba feministak interpelatu ere egiten ditu: «Subjektu aktibo izan behar dute, eta inplikatu, baina bigarren plano batean geratu behar dute, beste borroka batzuetan emakumeak egon garen bezala», azaldu du Isasik. Planteamendua konplexua izan arren, ez dute oztopo handirik antzeman: «Praktikan, ez dira hainbeste agertu erresistentzia esplizituak, ez dago planteamenduaren aurkako jarrerarik. Arriskua da greba modu partzialean ulertzea: ez da bakarrik zaintzako langileekiko elkartasun greba bat; bai, ari gara aldarrikatzen haien baldintzak hobetzea, baina harago doa». Bat etorri da Fernandez: «Gurean lehen erronka izan da ondo ulertaraztea greba orokor bat dela: denok behar dugula zaintza, eta arlo horretan ere zerbitzu publikoak defendatu behar ditugula».

«Politizazio bat ikusten ari gara. Gizonak interpelatzea aitatasun baimena kirola egiteko aprobetxatzeagatik, adibidez; halakoak norbaitek esan behar ditu, eta prozesu hau horretarako balio izaten ari da».

MADDI ISASI AZKARRAGALABeko kidea

Eta ez da lorpen txikia, Isasiren hitzetan: «Eztabaida hau sektore maskulinizatuetara iristea pentsaezina zen orain gutxi». Kuantitatiboak eta kualitatiboak dira pausoak: «Pribilegioez ari gara. Sistema osoak erreproduzitzen du zaintzaren banaketa, patronalaren eta instituzioen mekanismo guztiek, baina, gainera, subjektu batek dauka ez zaintzeko pribilegioa: orokorrean, gizonak. Aldi berean, zaintza elementu transbertsala da, guztiok behar dugu, eta oso zaila da horrekin ez konektatzea. Kontua da nola pasatu rol aktibo batera, norbere errealitate materialean aldaketak egitera. Eta hor bai, ikusten ari gara politizazio bat: sektore maskulinizatuetan eztabaidaezinak ziren kontuak auzitan jartzea, eta fabriketako aldageletan hainbat gairi buruz hitz egitea. Gizonak interpelatzea aitatasun baimena kirola egiteko aprobetxatzeagatik, adibidez; halakoak norbaitek esan behar ditu, eta prozesu hau horretarako balio izaten ari da».

Halere, Fernandezek ohartarazi du sektore feminizatu batzuetan ere erronka handia dela halako greba bat antolatzea: «Telemarketinean, etxez etxeko laguntza zerbitzuan, garbiketan... lantokiak oso segmentatuta daude, edo etxetik egiten dute lan, eta hor asanblada bat antolatzea sekulako lana da». Sindikatuaren iruditerian bertan ekarri du horrek jauzia: «Sindikalismoa, nolabait, industriatik eta eremu maskulinizatuetatik dator, hor sortu dira egiturak eta lan egiteko moduak, lantegietan egin izan dira asanbladak... Sektore feminizatuek zailtasun handiak dauzkate alde horretatik, baina meritu handia ere bai».

Zaindu eta lan, leku berean

Erabat ikuspegi desberdina du Ladislaok. Sindikatu txikiagoa da Etxalde, eta egituraren inguruan dauden gizonak inplikatuta ikusten ditu. Urte askotako lanaren ondorio da: «Lortu dugu emakumeen puntua ez izatea azkena zerrendan, baizik eta transbertsala; jendeak badaki borroka feminista gure sektorearen parte dela». Landa eremuko errealitatea ere bestelakoa da: «Baserriko lanak eta zaintza beti egon dira oso nahastuta, leku berean egiten dugulako lan eta bizi. Lan horiek guztiak emakumeek egin dituzte, inolako errekonozimendurik gabe; eta orain ikusten ari gara emakume gazte askok sektorea utzi dutela ama izan direnean». Hala, proposamen bat egin diote Bizkaiko Foru Aldundiari: «Diru laguntzetan lehen sektorean zaintza lanak monetarizatzea, hau da, ordu bakoitzari prezio bat jartzea, eta haiek pagatzea. Argi baitugu hori ordain daitekeela: hektareak eta abelburuak ordaintzen badira, zergatik ez dira zaintza lanak ordainduko?».

«Argi dugu zaintza lanak ordain daitezkeela: hektareak eta abelburuak ordaintzen badira, zergatik ez dira zaintza lanak ordainduko?» AMETS LADISLAOEtxaldeko kidea

Bide hori jorratzean, mugimendu feministarekiko elkarlana «funtsezkoa» izan da Ladislaorentzat: «Etxe eta bozgorailu izan da. Gure sektoretik ateratzeko eta gure errealitatea hirietara eramateko aukera eman digu». Alde horretatik, oraingo greba jantziago ikusten du: «Aurreko grebetatik hona, lortu dugu elikadura ere zaintzaren ulerkeran txertatzea: elikadura osasuntsua zaintzaren parte da». Hala, estrategikotzat jo du elkarlan hori ehuntzen segitzea: «Biok aldarrikatzen baitugu bizitza erdigunean jartzea, eta ekoizpena eta bizitza ezin baitira bereizi: baserritarra eta emakumea izatea aldi berean bizi dut».

Aliantzez mintzatzean, sindikatuetako ordezkariek oroitu dute greba feminista orokorraren helburuetako bat dela «zubiak eraikitzea» mugimendu feministaren eta sindikalismoaren artean. «Aurtengo greben bi heren sektore feminizatuetan izan dira: langileen beharretatik dator errealitate berri hori sindikalismora», ohartarazi du ELAko kideak. Lan gatazka horietako batzuek, gainera, eragin politiko handia izan dute: «Guretzat, zahar etxeetako, garbikuntzako edo merkataritzako lan gatazkak borroka feministak dira. Nahiz eta langile askok ez duten parte hartzen mugimendu feminista autonomoan, guk aldarrikatzen dugu nolabait badirela mugimendu feministaren parte, eta beren borrokaz ekarpen handia egin diotela feminismoari, ez direlako bakarrik aritu lan baldintzez: bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka azaleratu dute».

«Zahar etxeetako, garbikuntzako edo merkataritzako lan gatazkak borroka feministak dira. Ez dira bakarrik aritu lan baldintzez: bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka azaleratu dute». NAHIA FERNANDEZ VICARIOELAko kidea

LABeko ordezkariaren ustez ere, elkar elikatu dute bi eragileek: «Sindikatuetako emakumeen ahalduntzea ezin da ulertu feminismoaren garapenik eta interpelatzeko gaitasunik gabe, eta sindikalismo feministaren bidez egindako borrokek ekarpena egiten diote mugimenduari». Eta ezinbestekotzat jo du bide horretan jarraitzea: «Mugimendu feministak lortu duen bezala indarkeria matxistaren gaia agendan jartzea eta politika publikoetara eramatea, zaintzaren auziarekin ere borroka ziklo bat irekitzen ari gara, zaintza lanak demokratizatzeko». Izan ere, greba eguna igarota ere lan asko izango dute sindikatuek egiteko: «Errazena da azaroaren 30ean kalera ateratzea, baina gero ere aldarrikapen hauek lurreratu beharko ditugu, negoziazio kolektibora eraman, lantokietan aldaketak gauzatzeko. Horretarako zubiak beharko ditugu prozesu osoan».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.