Eusko Jaurlaritzak zainketei buruzko kongresua antolatu du Tabakaleran gaur eta bihar. Kanpoko aldean, mugimendu feministak elkarretaratzea egin du «zaintza eskubide kolektiboaren» alde, eta barrura ere sartu dira: Iñigo Urkullu lehendakaria ekitaldia abiatzear zela, publikoan zeuden hogei bat emakume altxatu dira, eta zaintzarekin «negoziorik ez» egitea aldarrikatu dute. Azaroaren 30eko greba feminista orokorrera batzeko oihu ere egin dute. Segituan kanporatu dituzte.
Bitartean, kanpoaldean dozenaka lagun elkartu dira, Zaintza eskubide kolektiboaren alde! Azaroak 30 greba feminista orokorra zioen pankartaren atzean. Mugimendu feministako kideen alboan jarri dira ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako ordezkariak, eta hainbat zaintzaile. Parean ertzainak izan dituzte. Tabakalerara sartzen saiatu dira, baina ertzainek hesia egin dute eraikinaren inguruan, galarazteko.
Mugimendu feministako kideek hainbat aldarrikapen egin dituzte elkarretaratzean. Irutxuloko Hitza-k jaso duenez, 2018ko eta 2019ko greba feministak «mugarri» izan zirela gogoratu dute, mugimendu feminista orain dagoen lekuraino iritsi ahal izateko. «Zaintzaren inguruko aldarriak ez dira berriak guretzat, eta, zehazki, azken hiru urteetan egindako prozesua oso garrantzitsua izan da eta izaten ari da. Herriz herri, auzoz auzo, tokiko asanbladetan zein asanblada nazionaletan, asanblada feministetan eta lehen aldiz sortu ditugun espazio mistoetan ari gara antolatzen».
Ondoren, adinekoen egoitzetako langile batek hartu du hitza, eta azaldu du urteak daramatzatela zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko jardunean. «Borroka honetan askotan bakarrik sentitu garen arren, balioa ematen diogu mugimendu feministak eztabaida erdigunean jarri izanari, eta gero eta jende gehiagok aldarrikapen horrekin bat egiteari», adierazi du.
Gaineratu du zahar etxeetako langile eta zaintzaile askok ezingo dutela lanuzterik egin azaroaren 30ean, gutxieneko zerbitzuetan lanean aritu beharko baitute. Aldarrikatu du egun hori aprobetxatu behar dela «zaintzarekin egiten ari diren negozioa» salatzeko: «Gaur egun, egoitza gehienak irabazi asmoa duten enpresa pribatuen esku daude. Sektore feminizatua eta arrazializatua gara, era prekarioan bizitzera kondenatua. Langile guztien artean, erdiek baino gehiagok lanaldi partzialak ditugu, lan karga jasanezina, eta erabateko disponibilitatea. Hori guztia erakunde publikoek zuzenduta dago, eta irabaziei lehentasuna ematen zaie zaintzaren aurretik».
Ondoren, «Urkullu, utzi zaintza pribatizatzeari», zioen pankarta bat zintzilikatu dute Tabakalera aurrean.

Kongresua
Zainketei buruzko kongresuak zaintza eredu «propio, publiko eta komunitario bat» eraikitzea du helburu. Tabakaleran egingo da, gaur eta bihar, eta hizlari izango dira zahartzaroan adituak diren zientzialariak, modu batera ala bestera zainketen gaia landu duten unibertsitate irakasle eta katedradunak, eta hainbat erakunde publikotako kargudunak.
Urkullu lehendakariak eman dio hasiera kongresuari, eta esan du zaintza eredu berria aldendu egingo dela tradizionaletik: «emakumeek ardura hartzen duten eredutik». Aldiz, euskal gizartearen ezaugarriak kontuan hartu, eta horietara egokitzen den «zainketa eredu propioa» izango dela azaldu du. Gaineratu du sistemaren oinarria jada badagoela. Erakunde eta sektore publikoak zaintzaren eredu berrira batzeko deia egin du, hala herritar guztien eskura egongo den kalitatezko zaintza bermatzeko.
Etxez etxeko zerbitzu publikoa
Donostiakoaz gain, zaintzarekin lotutako beste hainbat protesta eragin ditu azaroaren 30eko deialdiak. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek "mobilizazio dinamika bat" abiatu dute, eskatzeko zerbitzu hori publiko egiteko Ortuellan, Leioan, Galdakaon, Zornotzan, Txorierrin eta Busturian. Bizkaian zerbitzuaren %90 pribatizatuta dagoela salatu dute; esan dutenez, besteak beste Sacyr eraikuntza enpresak kudeatzen ditu horietako batzuk, eta salatu dute halako enpresek negoziorako erabiltzen dituztela zainketak. Erakunde publikoei egotzi diete errua, eta zerbitzuak publifikatzeko eta munizipalizatzeko eskatu dute.
Etxez etxeko zerbitzuaren lan baldintzak eta asistentziaren kalitatea prekarizatuta daudela ere esan dute. Izan ere, sektoreak urteak daramatza lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko borrokan, eta 63 greba egun ere egin dituzte, ELA sindikatuaren arabera. Gaineratu dute Erandion, Gatikan eta Marurin kudeaketa publikoa dela eta baldintza hobeak dituztela.