Gaur goizean aurkeztu dute martxoaren 8ko greba feministaren oinarria, Gasteizko Talka espazioan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du greba, eta, dei egin du hiri eta herrietan deituko diren mobilizazioetan parte hartzera. "Martxoaren 8an patriarkatuak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako", nabarmendu dute.
Bost ardatzetan antolatuko da aurtengo greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumoa. Antolatzaileek, ordea, nabarmendu dute "zaintzaren gatazkari" zentralitatea eman nahi dietela. “Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu, pertsonen zaintza ez dadila zapalduon bizkarrean geratuâ€Â, esan dute antolatzaileek. Hori dela eta, nabarmendu dute etxeko eta zaintza lanetan jarduten duten emakumeekin aliantzak sortuko dituztela. Gizonei ere eskakizun bat egin diete: "gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatzen dieguâ€Â.
Mugimendu feministako kideek jakinarazi dute greba egiteko modu ezberdinak egongo direla. Besteak beste, lantoki eta ikasgeletan greba egiteko dei egin dute, baita mobilizazioetan parte hartzeko, edota zaintza lanak albo batera uzteko ere. Azken hori irudikatzeko, berriz, azaldu dute amantalak balkoietan eskegitzeko. Halere, gaineratu dute kontsumo greba ere izango dela: “Kontsumo arduratsu eta jasangarria garatzeko deia egiten dugu, gure konpromiso politikoa kontsumitzerakoan hartzen ditugun erabakietan isla izan behar duelakoâ€Â. Beraz, langileen esplotazioaren ikur diren enpresei zein haien publizitatean emakumea objektutzat erabiltzen dutenei planto egiteko dei egin dute.
Kontsumo ereduari ez ezik, kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari, eta kapazitismoari -aniztasun funtzionala duten pertsonak alboratzea eta ez-gaitu bezala eraikitzea- ere planto egingo diete martxoaren 8an.