Zalantzak nagusi, zaborra kudeatzeko planari buruz

Sustrai Erakuntza Fundazioak susmoa du Nafarroako Gobernua testu berria osatzen ari dela epaileen balizko kontrako sententzia bat bazter utzi ahal izateko; Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuen aurrekoa.

edurne elizondo
Iruñea
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hondakinen kudeaketa jorratu du Sustrai Erakuntza Fundazioak energia subiranotasunari buruzko bere proposamenean. Gai horrek elkarte horren kezka piztu du, hasieratik. Nafarroako Gobernuak 2010. urtean onartu zuen herrialde horretako hondakinak kudeatzeko plan integrala, baina Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi zuen, 2013an, Sustrai Erakuntzak berak aurkeztutako helegitearen harira. Epaileen erabaki horren aurka helegitea jarri zuen Nafarroako Gobernuak, eta Espainiako Auzitegi Gorenari dagokio, orain, auzi horri buruz erabakitzea.

Bitartean, urratsak egiten jarraitu du Nafarroako Gobernuak. «Ustez plana moldatzen ari dira; susmoa dugu plan berria osatu nahi dutela, Auzitegi Gorenetik etor daitekeen balizko kontrako epaia bete ezinik utzi ahal izateko», azaldu du Sustrai Erakuntza Fundazioko kide Pablo Lorentek. Informazio zehatzik ez dagoela erantsi du, hala ere.

Prestatzen ari den testuari zuzenketak aurkezteko epea zabaldu zuen gobernuak, joan den urriaren 28an. Hilaren 21ean amaituko da epe hori. «Zuzenketak zeri egin ez dakigu, ordea, ez baita deus agertzen gobernuaren web orrian», nabarmendu du Lorentek. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetutako testua bertzerik ez da ageri webgunean. Gobernuaren «gardentasunik eza» salatu du Sustrai Erakuntzak.

Bilera kontseilariarekin

Fundazioak argi du gobernuak bere plangintza egina duela jada. «Baina ez dute deus erraten, guri erantzuteko aukerarik ez emateko». Urrian, mankomunitateetako ordezkariekin bilera egin zuen Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilari Jose Javier Esparzak, hondakinak kudeatzeko plana berrikusteko urratsei buruz, hain zuzen ere.

Ez zuen argitu gobernuak zer asmo duen. Balorizazio energetikoari buruz mintzatu zen bileran, eta Europako hamaika herritan «beldurrik gabe» egiten dutela erran zuen. Esparzak Europako zuzentarauek ezartzen dituzten mugak onartu zituen, hala ere.

Nafarroan, Portlandek Olatzagutian duen fabrika zaborra errausteko erabiltzeko aukera mahai gainean dago. Sustrai Erakuntzak helegitea aurkeztu zuen proiektua udalez gaindiko egitasmo bilakatzeko planaren aurka, baina oraindik ez dago ebazpenik haren inguruan. Parlamentuan ere informaziorik eza agerikoa dela salatu dute hainbat taldek. Mozioa aurkezteko asmoa agertu du Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.