Duela gutxi, Hamasek ustez emakume israeldarrei eginiko sexu erasoak gaitzetsi zituen Charlie Hebdo astekari satirikoak. Hedabide frantsesak lau irudi lotu zituen, katean: lehengoan, emakume batek ezkontzaren barruko bortxaketa salatu du, eta denok sinetsi diogu; gerrako bortxaketa kasua izan da bigarrena, eta hor ere sinesgarritasun osoa eskaini diogu biktimari. Bortxaketa kolektiboan berdin jokatu dugu. Azken marrazkian urriaren 7ko bortxaketak agertu dira. Eta guk beste aldera begiratu dugu.
Bai, Charlie Hebdo-k ez du bereziki maite Islama. Batzuetan, gustu txarreko txisteak argitaratzen ditu fede horren kontra. Korsikarrak eta euskaldunak ere astintzen ditu. Dena den, horrek ez dio arrazoirik kentzen argudioari: sexu eraso guztietan erabateko sinesgarritasuna dute emakumeek. Printzipioz —eta printzipioz—. Salbu eta ustezko biktima israeldarra denean. Orduan...
Hamasek ustez egin dituen sexu erasoak salatu ditu Israelek Nazio Batuen Erakundean. Ironia krudela, jokaera lotsagabea: Tel Aviv-ek barre egin dio nazioarteko erakundeari 1948tik, baina orain bertara jo du kasuen berri emateko. Salatzen duenak genozidioa egiteak ez du esan nahi hura ezinbestean oker dagoenik. Bestalde, NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek salaketak aztertu beharrekoak direla adierazi zuen joan den astean. Israel Guterres larrutzen ari da egunotan. NBEko burua sionisten aldekoa dela esango dugu hark Hamasen jarduna ikertzeko eskatu duelako?
Ezagun dugu esaldia: gerran egia da lehen galtzailea. Izan ere, gatazka behin hasita, propaganda nagusitzen da: beste aldea deabrutzea. Denak balio du. Urriaren 7an Hamasek zenbait umeri lepoa moztu ziela hedatu zuten Israeldik. Gero, horren frogarik ez zegoela baieztatu zuten. Antzera gerta liteke orain. Alta, zergatik kasu batzuetan erabateko sinesgarritasuna ematen diegu emakumeei, erasoa inoiz ustezkotzat jo gabe —ez dut esan nahi hala izan behar ez duenik—, baina andrazko israeldarrei ez, ezta ustezko bortxaketak ipinita ere? Emakume horiek juduak direlako? Ez gara jabetzen horrela bazka ematen diegula emakumeen aurkako egiturazko bortxari epel aurre egiten diotenei. Izan ere, andre guztiei sinesten diegu, juduei izan ezik. Gure elkartasunak mugak ditu, biktima eta erasotzailea nor diren. Guri halakorik leporatzeko oparia emango diegu?
«Palestinarekin beti», esan zuen Houari Boumediene aljeriarrak. Eta bai, Palestinarekin beti. Ordea, horrek ez luke emakume israeldarrek ustez jasandakoa ezkutatzea edo ukatzea ekarri behar. Beste aldera begiratzeak ez dio batere mesederik egiten palestinarren zilegizko borrokari. «Ez ditut imajinatzen islamistak emakumeak bortxatzen», esan zidan lehengoan lagun batek. Nik Al Fata, FPLP edo FDLP erakundeetako kideak 70eko urteetan Palestinan lege eta arau islamiko zorrotzak ezartzen ere ez. Ez zuten hori egin. Euskal Herri feminista aldarrikatzen ari gara. Palestinako banderak eta bandera moreak elkar baztertzen dute?
Bortxaketa mendeku arma izan da gerran. AEBetako eta Frantziako tropek emakumeen aurkako erasoak egin zituzten Alemanian, naziei nagusitu ostean. Armada Gorriak, indar sobietarren ikono goretsiak, ere bai. Besteek baino askoz gehiago, antza. Hemen okupazio indarrek eraso sexualak egin izan dituzte euskal andrazkoen kontra, zenbaitetan. Salaketa horiek sinetsi egin ditugu. Horrek legitimazioa ematen zion inori guardia zibilen emazteak bahitu eta bortxatzeko? Ez. Inork ez zuen halakorik egin.
Gaby Hinsliff kazetariak argi azaldu du The Guardian egunkariko zutabean: «Israel-Hamas gerrari buruz duzun ikuspegia edozein dela ere, bortxaketa bortxaketa da. Banalizatzea geure burua txikiagotzea da». Gero, sakonago joan da argudioetan: «Gerra krimen bat gerra krimen bat da beti, egin duena edozein dela ere. Eta bortxaketa bortxaketa da, ezkutuan biktimatzat jo nahi ez duzun norbaiten aurka bada ere». Alegia: bortxaketa krimena da erasotzailea laguna dugunean ere.