Seina boto lortu dituzte Alfredo Arruizek (EH Bildu) eta Iñaki Crespok (GIH Uharteko Independenteen Taldea) gaur Uharteko (Nafarroa) alkate nor izango den izendatzeko udalbatzan. Arruiz izendatu dute alkate, hura izan zelako boto gehien eskuratu zituen hautagaia.
Giroa pil-pilean dago Uharten, eta gaurko osoko bilkuran nabaritu da...
Bai, bagenekien bilkura mediatiko samarra izanen zela gaurkoa, Uharte fokuen begiradapean egon baita azken hilabeteotan. Gure asmoa, baina, ez da hori. Guk eguneroko jardun normalera itzuli nahi dugu, zalaparta mediatikoak alboratu eta herriaren alde lan egiteko garaia da.
Nola heldu diozu legealdiari?
2015ean, lehenengoz alkate izendatu nindutenean, ezusteko ederra izan zen, eta orduan bizi izandakoa errepikatzerik ez dago. Orain, ardura handiagoa nabari dut, herriaren egoera politikoa katramilatua dagoelako, ez aurrera ez atzera. Guk zubiak eraiki nahi ditugu, akordioak lortze aldera. Ez dago beste biderik.
Gogotsu ikusten duzu zeure burua horretarako?
Bai, baina, giro mikatza ikusita, batzuetan neure buruari galdetzen diot gai izanen ote naizen. Azkenean, aurrera egitea erabaki dut, lantalde ederra dugulako. Ilusioz beteriko jende berria sartu da, eta horrek asko animatu nau; bestalde, lau urteotako eskarmentua dugu. Azkenik, ez dugu ahaztu behar Uharteko jendeak babes itzela eman digula: 1.372 boto jasotzea, herri honetan, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Lehen indarra gara alde handiz, eta horrek zilegitasun osoa ematen digu gobernatzeko.
Bilkuran ez da adostasun girorik irudikatu. Navarra Suma koalizioko Patricia de Pedrok akusazio gogorrak egin ditu zure kontra eta aurreko legealdian egin zenuten kudeaketaren kontra...
Su txakurrak dira. Zalaparta hutsa. Guk garbi daukagu kontzientzia, eta ongi egin dugu lan. Kontuen ganberak egiazta dezake hori: alkatetzara iritsi ginenean, Uharteko Udalak zortzi milioi euroren zorra zuen, eta, gaur egun, zor hori milioi bat euro baino txikiagokoa da. Dena den, Navarra Sumak uste badu irregulartasunak edo lege urratzeak gertatu direla, zabalik du auzitegietara jotzeko bidea.
Zuk alkatetza berreskuratzea PSNk EH Bilduri eginiko “ordaina” dela ere esan du Navarra Sumak.
Beste purrustada bat da, Navarra Sumaren estiloan. Ikusi dute botereak ihes egin diela Nafarroako hainbat tokitan, eta horrek amorrua ematen die. Estrategia baldarra da, eta, horren barruan, Uharte aitzakia gisa besterik ez zaie interesatzen.
Zer lehentasun izanen dituzue datozen lau urteetan?
Lehenik eta behin, haur eskolen auzia konpondu behar dugu, baina, horrez gainera, udalaren lantalde organikoa handitu beharra dago. Uharte asko hazi zen duela zenbait urte, eta egungo lantaldea ez da neurri berean hazi; hortaz, ez da gai herritarren beharrak behar bezala asetzeko. Iragan legealdian saiatu ginen egoera onbideratzen, baina egunerokoak janda amaitu genuen urtea, eta orain saiatuko gara auziari heltzen.