Zaldibarko luizia izan eta hiru hilabetera, oraindik azalpenen zain

Zaldibar Argitu plataformak deituta hainbat ekitaldi egin dituzte hondakindegiaren inguruko herrietan. Iñaki Arriolak Ingurumen Sailaren jokabide «tatxarik gabea» defendatu du

MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hiru hilabete bete ziren atzo Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 SM zabortegian luizi bat gertatu zenetik, eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze, ezbeharraren ondorioz hildako bi langileak, zaborraren azpian desagertu zirenetik. Oraindik ez dituzte haien gorpuak aurkitu. Zaldibar Argitu herri plataformako bozeramaile Jokin Bergararen esanetan, instituzioen eta enpresaren beraren azalpenen zain daude joan den otsailaren 6tik. Erantzukizunak har ditzatela eskatzen du, gainera, plataformak.

Gertatutakoa gogoratzeko hainbat ekintza egin zituzten atzo, plataformak berak deituta. 08:00etatik 18:00etara, esaterako, lore eskaintzak egin zituzten zabortegiaren inguruko herrietan —Zaldibarren, Ermuan, Markina-Xemeinen, Mallabian (Bizkaia), Eibarren eta Elgetan (Gipuzkoa)—, horretarako propio prestatutako guneetan. Gauza bera egin zuten baita Zallan ere (Bizkaia), han bizi baitzen Beltran, zendutako langileetako bat. 17:00etan txalo jotzea egin zuten desagertutakoen senideen eskaerarekin bat eginez, eta 20:30ean, burrunba

Jokin Bergara plataformako kidearen arabera, «duela hilabete bat edo bi zeuden bezala» sentitzen dira, oraindik azalpenik jaso gabe daudelako. «Aldatu den bakarra da orain konfinatuta gaudela». Luizia gertatuz geroztik gauza bakarra aldatu da: hondakindegia egonkortze aldera zaborra ari direla handik ateratzen. «Ez dakigu, ordea, zer ari diren egiten zabor horrekin, kamioiak nora joaten diren. Zergatik ez dute jakinarazten?». Bergarak gogoratu du, gainera, ezbeharra gertatu eta gutxira «eskandalu txiki bat» sortu zela horrekin lotura duen auzi baten harira: «Esan zuten ea nora joango zen euskal industriak sortutako zaborra. Krisialdi bat sortu zen, baina bat-batean isildu egin ziren, eta orain ez dakigu oso ondo nora ari diren eramaten».

Duela bi aste Eusko Jaurlaritzak iragarri zuenez, Verterren kanpo ikuskaritza bat egingo dute, zabortegian ingurumen baimen integratuak ezarritakoa betetzen ote zen egiaztatzeko. Bergarareh iritziz, «teknikoki eta zientifikoki» argitu behar da zer gertatu zen, baina uste du «publikoari begira» beste modu batean kudeatu behar dela auzia. «Erantzukizun politikoak hartu behar dira. Lortu dute denboran atzeratzea, eta ez dirudi mugimenduak egingo dituztenik».

Plataformakoek jakin nahi dute, adibidez, nork eman zuen baimena, «nork sinatu zuen», Zaldibarko Eitzaga auzoko lurretan hondakindegi bat eraikitzeko. «Oso argi dakite nork». Eta Zaldibar Argituk jakin nahi du, aldi berean, «azken urteetan zergatik ez zen kontrolatu» zabortegiaren jarduera. «Hori argitzen kazetariek egin dute lanik onena, baina adierazpen ofizial bat nahi dugu». Bergarak «autokritika zintzoa» eskatu die erantzuleei.

Adierazpen «iraingarriak»

Iñaki Arriolari , berriz, iruditzen zaio Zaldibarko zabortegiaren bueltan, luizia gertatu baino lehen eta ondoren Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak, «legean oinarrituz», eduki duen jokabidea «tatxarik gabea» izan dela. Ingurumen sailburua Radio Euskadin elkarrizketatu zuten, atzo, eta nabarmendu zuen Ingurumen Sailak «sekulako lana» egin duela azkeneko hiru hilabeteetan: «Ikusi besterik ez da egin behar zein egoeratan dagoen egun zabortegiaren ingurua, eta nola zegoen gu sartu ginenean».

Bergarak uste du adierazpen horiek «iraingarriak eta lotsagarriak» direla. «Biktimekiko errespetu falta ikaragarria da». Halere, sailburuaren esanek ez dute harritu. «Hasieratik jokatu dute harropuzkeriaz, eta orain ere berdin jarraitzen dute. Ez dakit haiek ez ote duten ikusten mundu guztiak ikusten duena, edo defentsa politikoko kontu bat den».

Biktimak aipatuta, Arriolak adierazi zuen desagertutakoak topatzea dela Ingurumen Sailaren lehentasuna. Haren hitzetan, «ehun bat pertsona» ari dira zabortegian zeregin horretan: Ingurumen Saileko teknikariak, baita Segurtasun Sailekoak ere. Zehaztu zuen «ezbeharra» gertatu zenetik bederatzi milioi euro «gastatu» dituela Jaurlaritzak, ingurunea «egonkortzeko», eta, bide batez, horrekin batera, desagertutakoak topatzeko lanetan.

Ingurumen sailburuak esan zuenez, ezbeharraren arrazoiak argitzeko txosten bat eskatu diete «prestigio eztabaidaezinezko» aditu batzuei. «Emaitzak ez ditugu esku artean oraindik, baina kausak ezagutuko ditugu». Bide batez, Erresuma Batuko enpresa bat ingurumen baimen integratuari buruzko ikuskaritza bat egitekoa dela oroitu zuen.

Arriolarentzat, «aurrerapauso handiak» eman dira luizia gertatu zenetik: «Esaterako, sortu ziren suteak itzali genituen. Herritarrak arduratuta zeuden airearen kalitateari eragiten zietelako. Lixibiatuek uretan eragindako arazoak ere konpondu genituen. Bestalde, lortu dugu masa guztia egonkortu ahal izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.