Zapatero Barne ministro berriarekin bildu da, ETAri buruz hitz egiteko

Espainiako gobernuburu ohiak berak eskatu zuen bilera, nahiz eta Fernandez Diaz aurretik Rubalcabarekin ere bildu zenBilera «luzea, sakona eta oso instituzionala» izan dela jakinarazi du Barne ministroak

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Jorge Fernandez Diaz Barne ministro berriarekin zuzenean bildu nahi zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak. Bilera «diskretua» egitea proposatu zion, eta Fernandezek gaiari lehentasuna emanda, asteartean bildu ziren biak, Barne Ministerioan. Besteak beste, eta batik bat, ETAri buruz hitz egin zutela jakin da, baina zehazki zer hitz egin zuten, ez. Bilera «adeitsua, luzea, oso sakona, oso serioa eta oso instituzionala» izan zela esan zuen atzo Fernandez Diazek.

El Mundo egunkariak eman zuen atzoko bilera horren berri, eta Fernandez Diazi horri buruz galdetu zioten kazetariek atzo. «Hauxe esango dut soilik: argitaratu dena bat dator egiarekin». Bilera bi ordukoa izan zen, eta Fernandez Diazek honako hau esan du edukiari buruz: «Barne ministro baten eta presidente ohi baten artean hitz egiten denaz hitz egin genuen».

Asteartekoa ez da izan Barne ministro berriak aurreko gobernuko kideekin egin duen aurreneko bilera. Alfredo Perez Rubalcaba aurreko Barne ministroarekin ere bildu zen Fernandez Diaz. Kartera aldaketa egin zutenean elkartu ziren, Rubalcabak ministerioaren berri emateko. Rubalcabak egindako lana goraipatu zuen egun hartan Fernandez Diazek. Rubalcabak eta haren ondoren karguan egondako Antonio Camachok lan «eredugarria» egin zutela, eta beti legea bete zutela esan zuen.

Espainiako Gobernuan egondako PSOEko kideekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzan dauden PSE-EEko kideekin ere bilduko dira Espainiako Gobernu berriko kargudunak.

Hilaren 24an Euskal Herrian izango da Fernandez Diaz. Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresekin bilduko da. Bilera horretan euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politikaz, ETAk armak uztea erabaki duela jakinarazi osteko egoeran egin beharrekoaz eta bizkartzainak gutxitzeaz hitz egingo dute, berri agentziek jakitera eman dutenez. Egun berean Fernandez Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariarekin biltzeko tramiteak egiten ari dira, gainera, Jaurlaritzan.

Bilera horretan publiko egin duen mezua emango dio Aresek Fernandezi, espetxe politikari dagokionez. «Malgua» izan behar duela esango dio, «dinamikoa, eta egoera berrira egokitua», baina amnistiarik ez dela eman behar ere gaineratuko dio.

Espainiako Poliziaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioaz ere hitz egingo dute bilera horretan.

Hain justu, atzo jakin zen poliziaburu guztiak kargutik kendu dituela Barne Ministerioak, erabat berritzeko. Ignacio Cosido Poliziako buru berriak brak zuzenean jakinarazi zien atzo zuzendariondokoari eta hainbat komisariori beren lekuan beste polizia batzuk arituko direla lanean aurrerantzean. Fernandez Diazen sinadura falta da buru berri horiek nortzuk izango diren jakiteko, baina, hainbat iturriren arabera, baliteke Jose Mari Aznar gobernuburu zenean lan horietan aritutako batzuk jartzea.

Otsailean bilera gehiago izango dira. Mariano Raxoi Patxi Lopezekin eta EAJko EBBko buru Iñigo Urkullurekin da biltzekoa. Eguna zehazteko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.