Duela bi aste, Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezker abertzalearen mugimenduak ez zirela alferrik izango adierazi ostean, hitzok zalaparta politikoa eta mediatikoa piztu zuten. UPNko senatari Maria Caballerok Senatuan galdetu zion ea nola interpretatu behar diren adierazpenok. Atzo, galderari erantzuteko tartea iritsi zitzaionean, Zapaterok zehaztu zuen Espainiako Gobernuarentzat ezker abertzalearen mugimenduak ez direla nahikoak. Gobernuaren mugarria zein den argi utzi du. «Norbaitek erakunde demokratikoetara itzuli nahi badu, edo ETAren indarkeria gaitzesten du, edo ETA desagertzen da».Norabide horretan Espainiako Gobernuak ez duela presarik dio: «Norbaitek presarik izatekotan, hori Batasuna izan daiteke».
Erantzunean, Zapaterok onartzen du lehen ematen ez zituen azalpenak ematen dituela orain ezker abertzaleak. «Hala ere, ez dute balio. Ondorioak izan ditzaketela? Bai, izan ditzakete».
Hala ere, irmo ukatu du bere hitzen atzean interes alderdikoiak daudela. Espainiako gobernuburua kezkatuta agertu da ETAren inguruan duen ikuspuntua gaizki ulertu eta kalkulu politiko baten emaitza dela pentsa dezaketelako herritarrek. «Nire bizitza publikoan, inoiz ere ez dut ETAren aurkako borrokan ez epe luzerako ez epe motzeko perspektiba politikorik izan, ez oposizioan nintzenean, ez bake prozesuan, ezta orain ETA hain bakartuta dagoela ikusten dugun honetan ere». Halako jokabidea haren «hizkuntza politikotik at» dagoela aipatu du.
Alde horretatik, ukatu egin du alor horretan alderdien artean eztabaidarik ireki nahi duela, etahorrelako eztabaidarik ireki ez dadin «erantzukizunez eta zentzu historikoz» jokatzea eskatu die alderdiei. «Terrorismoaren aurka azken garaipena guztion garaipena izango da». Era berean, EAJrekin gai horiek hitz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatu du. «Terrorismoaren aurkako borrokan gobernuak indar politiko demokratiko guztiekin hitz egiten du eta hitz egingo du».
Maria Caballero UPNko senatariaren kritiketako bat izan da, hain zuzen, auzi horiez EAJrekin hitz egitea. Caballeroren arabera, UPNren barruan alarmak piztu egin dira: «Dena ondo zihoala ematen zuenean, zalantzak eta alarmak piztu zaizkigu. Iraganeko akatsak errepikatu eta Gobernua presarekin ibiliko ote den beldur gara».
Miguel Sanz Nafarroako lehendakariak, berriz, Espainiako Gobernuari eskatu dio «irmo» joka dezala eta orain arteko ildo beretik jarraitu dezala: «Presoen kolektiboetatik ETAri egiten zaizkion eskaerek ez digute zertan eragin, ez baitute inondik ere terrorismoa gaitzesten edo ez baitira indarkeriatik bereizten. Bi sektore badirela ikusarazten dute, baina sektore bakarra dago, ETA, eta egin behar duena da armak eta terrorismoa utzi».
PPk azalpenak eskatu ditu
Zenbait komunikabidek ostiralean hala kaleratu arren, PSE-EEko agintariek ezker abertzaleko ordezkariekin bildu direla gezurtatu dute. Dena den, PPk azalpenak eskatuko dizkio gaur alderdi sozialistari. Leopoldo Barreda Legebiltzarreko PPko eledunak Eferi adierazi dio PSE-EEren eta PPren arteko itunaren jarraipenaren batzordea biltzeko gaur eskaera formala egingo duela. Bilera hori deitu zein ez, etzi Patxi Lopez EAEko lehendakariak eta Antonio Basagoitik EAEko PPko buruzagiak bilera dute, eta orduan izango du aukera aurrez aurre azalpenak eskatzeko.
Basagoitik espero du PSEko ordezkariek egia esan dutela. Radio Euskadiri emandako elkarrizketan sortutako zalaparta mediatiko guztia Zapaterori aurpegiratu dio: «Arazoa da duela egun batzuk, Rodriguez Zapatero jaramon egiten hasi zitzaiela eta Otegiren hitzak alferrikakoak ez zirela izango esan zuela. Nahasmen handia sortu da, eta bidea nahikoa zaildu da». Zapaterori «botoetan» pentsatzea egotzi dio.
«Bilera hori inoiz ez zen izan». PSE-EEko eledun Jose Antonio Pastorrek irmo ukatu du bilera hori egon zela, eta izenik eman gabe, zenbaiti zarata ateratzea komeni zaiela salatu du. «ETAamaitzeko aukera ikusten den bakoitzean, mota orotariko informazioak ateratzen dira», gaineratu du.
Sinn Feinekin bilera
Pastorrek onartu du irailean Sinn Feineko ordezkariekin bildu zirela, eta azaldu du haiek ezker abertzalearen mugimenduak nola ikusten dituzten entzuteko aukera izan zutela, «beste inolako konpromisorik gabe».
Zapaterok dio Batasunak presa izan dezakeela, baina Espainiako Gobernuak ez
Ezker abertzalearen urratsek ez dutela balio baina ondorioak izan ditzaketela erantzun dio UPNri Senatuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu