politika

Zapaterok dio ezker abertzalea "pausoak" ari dela ematen, eta ez direla "alferrikakoak" izango

Espainiako presidenteak aitortu du ETAren bukaera lortzea "zaila" izango dela, baina hori erdiestea "gobernuaren lehentasun estrukturala da". Raxoiri ez zaio "batere gustatu" Zapaterok ezker abertzaleaz esandakoa.

2010eko urriaren 20a
18:07
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak zuhurtzia eskatu du gaur ETAren balizko bukaeraz, baina adierazi du ezker abertzalea "pausoak" ematen ari dela, oraindik ere "nahikoak ez" direla horiek, baina ez direla "alferrikakoak izango". Gobernu aldaketari buruzko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Zapaterok, Madrilen.

Aldaketen artean, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak lehen presidenteorde postua ere izango du hemendik aitzin. "Ministro bikaina da, terrorismoaren aurka aurrerapen handiak izan dira harekin, eta hau bezalako une erabakigarrian hor segitu beharra zeukan", esan du Zapaterok.

Espainiako presidenteak aitortu du ETAren bukaera lortzea "zaila" izango dela, baina hori erdiestea "gobernuaren lehentasun estrukturala da".

Gobernuak Gernikako Estatutuaz eta Espainiako 2011ko aurrekontuez EAJrekin lortu berri duen akordioan gai horiek ez daudela argitu du Zapaterok.

Mariano Raxoi Espainiako PPko burua Zapaterok ezker abertzaleaz esandakoaren aurka azaldu da. "Adierazpen hauek ez zaizkit batere gustatu. Espero ez dut ez dela negoziaziorik izango".

Otegiren adierazpenak

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak igandean El País-eko elkarrizketan hainbat gairi buruz zioena, hitzez hitz:

- ETAk atentaturen bat egingo balu, ezker abertzalearen jarreraz galdetuta: "Hipotesi hori ezinezkoa da niretzat. Nolanahi ere, ezker abertzalea gertaera horien kontra jarriko litzateke, bere hausnarketen, nazioarteko komunitatearekin hartutako konpromisoen eta Mitchellen printzipioen kariaz".

- "Armek, arma guztiek behin betirako desagertu behar dute ekuazio politikotik".

- "Gure helburuak lortzeko estrategia eraginkorra daukagun sedukzio demokratikorako gaitasun esklusiboan bermatu behar da".

- "Ustez kale borroka ekintzak izan direnen aurrean ezker abertzaleak erakutsi duen desmarkeak garbi uzten du bide politiko eta demokratikoekiko konpromisoa".

- "[Biktimak] Elkar onartuz eta errespetuz, gai izan behar dugu Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko etorkizuneko belaunaldientzat etorkizun hobea eraikitzeko, ahanzturak tokia hartu gabe".

Zutik Adierazpena

Ezker abertzaleak joan den otsailean bukatu zuen barne eztabaida, eta Zutik Adierazpena plazaratu zuen. Hango pasarte bat:

- "Prozesu demokratikoak euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri eta beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.