Ezker abertzalearen alderdi berria. Erreakzioak

Zapaterok dio itxaron egin behar dela, eta EAJk ausardia eskatu dio

Sortu bozetan egotea «albiste pozgarria» izango litzatekeela dio Lopezek, baina azken hitza epaileek izango dutela ohartarazi duOrtuzarren ustez, normalizazio politikorako ona litzateke PSE-EEk PPri «aurre egitea»

jokin sagarzazu
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen estrategia aldaketaren inguruan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak zer uste duen tantaka iristen ari da komunikabideetara. Espainiako Gorteetako korridoreetan kazetariei erantzunez egindako adierazpen laburrek baino ez dute utzi haren iritziaren arrastoren bat. Atzo, adibidez, «itxaron egin behar da» adierazi zuen, bi aldiz, eta zehaztasun gehiago eman gabe. Zapaterok nabarmendu zuen Espainiako Gobernuaren iritzia jasota dagoela Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak astelehenean egin zuen adierazpenean —alderdi berriaren legeztatze prozesua judizializatzeko asmoa agertu zuen hark—.

Zeharka bada ere, ezker abertzalearen alderdi berriaren aurkezpena ahotan izan zuten atzo PSOEko eta PPko diputatuek Espainiako Kongresuan. Faisan auziari buruz PPk eginiko galderei erantzunez, Rubalcabak adierazi zuen «ETAren amaiera hasi» dela. «Badakigu ez duzuela gustuko egoera berria. Baina jakin ezazue aste honetan aurrekoan baino gertuago gaudela ETAren amaieratik eta hurrengo astean honetan baino gertuago».

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere izan zuen hizpide egoera politiko berria, atzo, PSE-EEko buruzagiek eginiko ezohiko batzarrean. Ezker abertzalea «bide onetik» ari dela nabarmendu zuen, baina legeztatzeari dagokionez, azken hitza epaitegiek izango dutela ohartarazi zuen. «Baldin eta epaileek legeztatzen badute, Sortu hauteskundeetan egotea albiste pozgarria izango litzateke». Alderdiko kideei «batasuna eta zuhurtzia» eskatu die «sortu den aukera ikaragarria gal ez dadin».

EAJk, berriz, «ausardia» eskatu die Zapaterori eta Lopezi. Normalizazio politikoa eta bakea lortzeko aukera ez galtzeko galdegin die bi agintariei. Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan duen diputatuak, esaterako, Espainiako Gobernuari eskatu dio Sorturen legeztatzea «errazteko». «Fiskaltzaren eta Auzitegi Gorenaren tramitetik pasa gabe legeztatu beharko luke alderdi berria». Ser irrati katean eginiko elkarrizketa batean diputatu jeltzaleak adierazi du «inoiz eman ez diren baldintza argienak» daudela gaur egun ezker abertzalea legeztatzeko. «Inoiz egin ez duen moduan indarkeriatik urruntzeko eta bide politiko eta baketsuetatik aritzeko borondatea agertu du». Erkorekaren aburuz, indar politiko hori bozetan egoteak «erakutsiko luke gauzak bide onetik doazela».

Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak, berriz, «ausardia politikoa» eskatu die alderdi sozialistako agintariei. «Politikarako garai berri bat irekitzen ari da. Ez litzateke egokia izango demokratengatik, PPren hauteskunde interesengatik edo PSOEren ausardia edo kuraia ezagatik frustratzea», esan du.

Ortuzarren irudiko, PSE-EE eta PP «hauteskundeei begirako kalkuluak» egiten ari dira. «Normalizazio politikoa lehenetsi eta bakea lortzeko bideari aukera bat eman beharrean legeztatzeak edo ez legeztatzeak zer onura ekarriko dien aztertzen ari dira».

Buruzagi jeltzalearen arabera, alderdi politiko berriaren legeztatze prozesua judizializatuz sozialistek «eskuak garbitu» nahi dituzte oposizioaren aurrean. Horren harira, PSE-EEri eskatu dio PPri «aurre egiteko». «'Hau ez da bidea', esan behar dio. Urte gehiegi daramagu ezker abertzaleari eskatzen indarkeriatik urruntzeko. Orain egin du; beraz, ezin da atzerapenik egon, are gutxiago hauteskunde interesengatik bada».

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egoera politikoa aztertzeko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin egin nahi duen bilera errondari dagokionez, Ortuzarrek baieztatu du bertan parte hartuko duela EAJk. «Normalizazioa lortzeko bidean urratsak egiteko garaia dela eta bake iraunkor bat ekartzeko lan egin behar dela esango diogu. Bide horretan bidelagun izango gaitu».

Mezua EAJri eta Sorturi

Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldi batean, EAJri eta ezker abertzaleari mintzatu zaie Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. Batetik, Alderdien Legearen «eraginkortasuna» onartzeko eskatu dio alderdi jeltzaleari. «EAJ beti egon da Alderdien Legearen eta legez kanporatzeen aurka. Baina [ezker abertzalean] aldaketa eman bada, Zuzenbide Estatuarengatik izan da, eta hori onartu beharko luke EAJk».

Bestetik, ezker abertzaleari, eta Sortu alderdi berriko kideei bereziki, galdegin die «ETAren behin betiko amaiera eskatzea».

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearen irudiko ere ezker abertzaleak ETAren amaiera eskatu beharko luke. «ETAren desagerpena exijitu beharrekoa da, baina ez da berehala gertatuko», esan du El Correo-n argitaratutako elkarrizketa batean.

Alderdi berriaren estatutuak aurkeztu zituzten ezker abertzaleko ordezkariengan «konfiantza osoa» duela adierazi du. «Testua baino garrantzitsuagoa da nork irakurri zuen, nork landu zuen, eta ezker abertzalearen oinarrien iritzia islatzen duela», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.