ELA sindikatuaren iritzian, «oso larria» da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrina gisara ezagutzen den 197/2006 doktrina ontzat jo izana, eta, horregatik, Gernikako Akordioak larunbaterako Bilbon antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin die afiliatuei.
Konstituzionalaren erabakia «erabaki politikoa» izan dela uste du ELAk, eta salatu du euskal presoak kalera atzeratzea eragozteko xedea duela, «bidegabeki». Erabaki horrek hainbat eskubide urratzen ditu, ELAren irudiko: «Segurtasun juridikoena, berdintasunaren printzipioa, zinezko babes judiziala izatekoa eta gizarteratzeko eskubidea». Erabakia «arduragabekeria» dela salatu du sindikatuak, eta «salbuespen eta mendeku politika» areagotu egiten duela deitoratu du. Doktrina berehala indargabetzeko exijitu du, gainera.
«Urraketa nabarmena»
Herrira mugimenduak ere larunbateko manifestaziora joateko deia egin du. Konstituzionalak Parot doktrina babestu izana «giza eskubideen urraketa nabarmena» dela uste du mugimenduak, eta beharrezkotzat jo du «herritarrak batu eta giza eskubideen aldeko indarrak antolatzea».
Euskal presoen egoera «benetan kezkagarria» dela ohartarazi du, eta, mugimenduko kideen ustez, horixe erakusten du «praktikan bizi osoko zigorra ezartzeak euskal preso politiko askori». Gainera, presoak urte askoan espetxean edukitzeak gaixotzeko arriskua larritzen duela ekarri du gogora: «Kasu askotan bizi osorako espetxe zigorra eta gaixotasun larriak eskutik helduta doazela ikusten dugu», dio mugimenduak, oharrean.
Euskal gizartearen gehiengoaren eskaerari muzin egitea egotzi die Espainiako eta Frantziako gobernuei, espetxe politika bere horretan mantentzen dutelako. Herrira-ren ustez, herritarrei dagokie gobernu horien jarrera aldatzea, mobilizazioen bidez.
Euskal presoak. Manifestaziorako deia
Zapatuko manifestaziora joateko deia egin dute Herrira-k eta ELAk ere
Gernikako Akordioak antolatutako manifestazioa 17:30ean abiatuko da, Bilboko Casillatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu