Hezkuntza. Ikasturte hasiera

Zapore bereziko irekiera

Seaskaren Bernat Etxepare lizeo berriak ateak zabaldu ditu, eta ikasturteari hasiera eman. 300 ikasle sartu dira eraikin berrian. Lanbide heziketa ere eskainiko dute.

Ikasleak, atzo goizean, Bernat Etxepare lizeoaren eraikin berriaren atarian, eskolak hasi aurretik. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2017ko irailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bernat Etxepare Seaskaren lizeo berria ireki zuten atzo. Baionako gainaldeko ZUP auzoan dago. Ipar Euskal Herriko dorre gorenak izango ditu parez pare, auzo eta bizilagun. ZUP direlakoak 1939-1945eko gerraren ostean eraiki zituzten, etxebizitza eskaera handiari erantzuteko. Bernat Etxepare lizeo zaharraren gisan, auzo berean da berria ere, baina eraikin berria ZUP handia deitzen zaionean. Lanbide heziketa euskaraz eskainiko du lizeo berriak, lehen aldiz.

San Mari Iturbide kirol irakasleak belaunaldi bat baino gehiago pasatzen ikusi ditu lizeoan. Kontent da. «Irrikan. Seaskarentzat eta ikasleentzat burua eta gorputza uztartzeko egina delako lizeoa». Hamar milioi euro kostatu da eraikin berria. «Gorputz heziketari leku berezia egitea hautatu dugu; txikiago egin genezakeen, beste parteetan gehiago inbertitzeko, baina gure aukera izan da», dio Iban Tikoipe zuzendari berriak. Ezker paretako ateak zabaldu dituen bitartean, aitortu du azken egunetan «lo gutxi» egin duela. Atea ireki, eta gogoan hartu du arkitektoak esandakoa: «Etorri nintzen lehen aldian, hala erran zidan: 'Ongi etorri Seaskaren festa leku berrira'». Egoitza elkarteak du lizeo berriaren pentsatzeko prozesua bere gain hartu, hots, partaide guzien arteko lan komuna bultzatu. «Hartu-eman bat izan da, denen artekoa», nabarmendu du zuzendariak. Gurasoek osatzen dute Egoitza elkartea, eta Seaskaren barruko lantaldea da. Haiek dituzte eraikin berri guziak pentsatzen. Kirol irakasleak gogoz oroitarazi du eraikinaren arkitektoa eta obren arduraduna lizeoko gurasoak direla. Airean usaindu daitekeen prozesu oso baten emaitza dira paretak, laborategiak, barnetegiak eta ikasgelak; 1969tik datorren ibilbide baten emaitza. Euskara ikasi zein irakasteak, normaltasunean doi bat urrunago joan direla dirudi hemen, euskaldunak Ipar Euskal Herrian normalago, ofizialago direla dirudi ikastetxeko hesiaren alde honetan behintzat. Lehen solairuko ikasgelek Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ibaien izenak dituzte —Aturri, Ebro...—, eta bigarren solairuko ikasgelek, zazpi lurraldeetako mendienak —Hiru Erregeen Mahaia, Orhi...—.

Handitzeko prest

Ikasleak ugaritu egingo dira datozen urteetan. «Hiru-lau urteren buruan, lekuz justu izango gara», dio Tikoipek. Gelak «optimizatu» beharko dituzte, beraz, 400 ikaslerentzat pentsatua den eraikinean 500 ikasle hartu ahal izateko. Ondoko belardian eraikin berri baten pentsatzen hasiak dira arkitektoa eta Egoitza elkartea. «Ura eta elektrizitatea eraikinaren punta arte eraman ditugu. Oraindik sartuak ez baginen ere, bagenekien hasi behar genuela lizeoa nola handitu pentsatzen», azaldu du Tikoipek. Lizeo berrira 304 ikasle sartu ziren atzo. Kontent ziren denak, eraikinaren xoko guziekin ilusioz gainezka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.