Olatu handiak itzuliko dira berriro ere Euskal Herriko kostara. Itsasoa zakartzen hasia da, eta neurriak hartuak dituzte kostaldeko herriek. Donostian, adibidez, neurri zorrotzak ezarri ditu udalak: Pasealeku Berria eta inguruko kaleak itxi egingo dituzte, eta Kursaaleko zubian ere izango dira mugak. Kontuan hartzekoa da asteon olatu batek hautsi egin zuela zubiko baranda zati bat. Gaur iluntzean, egoera nolakoa den, itxi egingo dute zubia.
Bermeoko portuko ontziak Bilbora eraman dituzte, Deustuko kanalera. Lapurdiko kostaldean, hondartza inguruetara joatea debekatu egin dute.
Ibai inguruan ere badira arazoak. Itsasgorarekin, Aturri ibaiak gainezka egin du azken egunetan, eta arazoak sortu dira Baiona Ttipian; saltoki batzuetan ura sartu da. Erandion ere (Bizkaia) izan dituzte arazoak goizaldean, 05:00etan. Ibaizabal ibaiak gainezka egin du itsasgorarekin batera, eta etxe bat hustu behar izan dute.
Arratsaldeko itsasgorarekin gisa bereko arazoak izan daitezke. Donostiako Udalak ohartarazi du Urumea ibaiak gainezka egin dezakeela itsasgorarekin, eta autoak ibai ingurutik kentzeko agindu die Martuteneko eta Txomin Eneko auzotarrei. Zarauz eta Getaria arteko N-634 errepidea itxi egin dute. Arratsalde hasieran luizi bat gertatu da, eta horregatik eten dute zirkulazioa. Errepidera eroritako lurra kendu dute, baina errepidea ez zabaltzea erabaki dute, olatu handiak daudela ikusita.
Nafarroan, itxita dago NA-170 errepidea, Leitza eta Doneztebe bitartekoa, luizi bat dela eta.
Elurrarekin ere badira gorabeherak. Arabako Azazeta eta Opakua mendateak itxita daude.