Dozenaka pertsonak egin zuten atzo eguerdian protesta Iruñean, Yanela Zaruma gaztearen hilketa salatzeko. Berdintasunerako Nafarroako Institutuak deitu zuen elkarretaratzera, eta, besteak beste, Astelehen Lilak ekimenak egin zuen bat. Hildako gaztearen familiarekin eta alderdi politikoetako ordezkariekin batera, Iruñeko herritarrak elkartu ziren emakumeen aurkako indarkeria salatzera; Zarumaren argazkiak zituzten eskuan haietako batzuek. Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietarako kontseilari Maria Isabel Garciak gaztearen hilketa salatu du, familiari babesa helarazita: «Indarkeria matxista erabat onartezina da gurearen gisako gizarte batean». Esan du andrearen umearen ardura senideei emango dietela. Familiaren abokatuak jakinarazi du Zarumaren heriotza homizidiotzat ez baizik eta hilketatzat jotzeko zantzuak badaudela. Haren arabera, litekeena da andrea hiltzeaz gainera beste delitu batzuk ere egin izana haren hiltzaileak, bikotekide ohiak; ikertzen ari dira sexu eraso bat egin ote zion. Iragan asteko astelehenean aurkitu zuten gaztearen gorpua, Beriainen (Nafarroa), laku batean. Familia akusazio partikular gisara aurkeztekoa da auzian; Berdintasunerako Nafarroako Institutua eta Burlatako Udala, ostera, herri akusazio gisa, emakumeen aurkako indarkeria kasua izan delako.
Gasteizen, herenegun, gizon batek eraso egin zion bikotekideari, etxean. Udaltzaingoak jakinarazi du deia jaso zuela, etxe batean eztabaida bizian ari zirela andre-gizon batzuk. Poliziak joan, eta emakumeak adierazi zien jo egin zuela gizonak; erasoaren zantzuak zituen. Atxilotu egin zuten gizona.
Zarumarena hilketa izan zela uste izateko zantzuak badaudela dio abokatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu