Hauteskundeetara batera aurkezteko elkarrizketak izan zituzten Ezker Anitza, Ezker Batua eta Equo alderdiek, baina ez zuten akordiorik lortu. Hala, EB zenak ez du ordezkaritzarik lortu Eusko Legebiltzarrean, 18 urtean lehen aldiz. Zatituta, 59.119 boto lortu dituzte hiruen artean. Hau da, lau legebiltzarkide izango lituzkete batera aurkeztu izan balira: biAraban —UPDren eta PSE-EEren kaltetan—, eta bana Gipuzkoan eta Bizkaian —biak EAJrenak—. Hala izan balitz, 40 legebiltzarkide izango lirateke EH Bildu, PSE-EE eta bosgarren esparru horren artean; alegia, euren burua ezkerrekotzat duten alderdiek gehiengoa izango lukete adostasunak lortu ezkero. Azkenean, EH Bildu eta PSE-EE 37 aulkirekin geratu dira, eta 38 lortu dituzte EAJk, PPk eta UPDk.
Emaitzak jakin berritan, dimititu egin zuen Ezker Anitza taldeko Mikel Aranak. IUko idazkari nagusi Cayo Larak, besteak beste, hauteskunde sistemari egotzi dio errua: «Zaila da ulertzen 30.000 botorekin ordezkaritzarik ez lortzea, eta UPDk 21.000rekin eserlekua eskuratzea». Larak onartu du garai gogorra datorkiola Ezker Anitzari; gaineratu du EAEko egiturak hautatu beharko duela lider berria, baina ziurtatu du IUren egitura federalaren babesa izango duela. EBko kideek, berriz, ez dute dimisiorik aurreikusten. Modubarrek azaldu du abstentziora jo duela «boz suminduak», eta iragarri du «zubiak eraikitzen» jarraituko dutela «esparru antikapitalista, federalista eta errepublikanoa» osatzeko. Bide horretan, parte hartze aktibora deitu ditu herritarrak, eta aitortu du derrigorra dela ezker federalistaren espazioa antolatzea.
Azkenik, Equoko Aitor Urrestik ez dio aipamenik egin zatiketa horri. Esan duena da lanean jarraituko duela 2015eko udal eta foru hauteskundeei begira, alderdi ekologista erakundeetan egon dadin.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Balorazioak
Zatiketak galdu du EBren esparru «federalista eta antikapitalista»
Modubarrek adierazi du «zubiak eraikitzen» jarraituko duela, eta beharrezkoa dela «ezker federalista» antolatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu