GIZARTEA

Zekorketak bai ala ez, etzi bozketa Zestoan

Emaitza baliogarri izateko boto eskubidea dutenen artetik gutxienez %33k bozkatu beharko dute; hau da, 900 lagunek. Bideoa: urte hasieran Zestoako zekorketez erreportajea egin zuen BERRIA Telebistak.

2012ko ekainaren 1a
14:07
Entzun

Etzi zekorketen etorkizunaz erabakiko dute Zestoako bizilagunek, festetan zekorketak egiten jarraitu ala ez erabakitzeko bozketa egingo baitute. 

18 urtetik gorakoek soilik bozkatu ahalko dute, eta herrian erroldatutakoek —gutxienez azken urtean—. Galdeketa baliogarria izan dadin, boto eskubidea daukatenetatik gutxienek %33ek bozkatu beharko dute; bestela ez dute emaitza ontzat emango. "900 boto pasatxo behar dira, guztira 2.800en bat lagunek baitaukate botoa emateko eskubidea", azaldu du Ruben Alberdi zinegotziak.

Hala ere, zekorketen alde daudenek bozkatuko ez balute, adibidez, eta boto emaileen kopurua %33ra helduko ez balitz, "Udalak erabakiko luke zer egin", Alberdiren arabera. Hau da, "balizko boikotaren aurrean", gutxieneko parte hartzearen araua ez lukete kontuan hartuko, "agian".

Zekorketen aurkako boto kopurua esanguratsua izango balitz, baina %33k baino gutxiagok bozkatuko balu, zekorketak debekatzeko aukera aurreikusten dute, era berean.

"Zezena edo zekorrari banderillak sartzen zaizkion eta ezpatarekin hiltzen den ikuskizuna" definizioa oinarri hartuta, Zestoako Udalak zekorketak antolatzen lagundu ala ez erabakiko da bide horretatik. Ezezkoa aterako balitz, Udalak ez luke herriko plaza utziko festa antolatzeko. Izan ere, Udalak ez dauka eskumenik ekimen hori debekatzeko, baina plaza ez uztekoa bai. Hori erabakiko dute etzi.

Emaitza zekorketen aldekoa izanez gero, "Udalak plazako azpiegiturak jarriko lizkioke eskuragarri zekorketak antolatzen dituen taldeari, eta babes legala emango lioke". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.