HEZKUNTZA

Zelaak adierazi du haurren eskubideak izango direla hezkuntza sistemaren gidari

Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak adierazi duenez, hezkuntza legea izango da onartuko den lehena. Irakasleek urtebeteko praktikaldia egin beharko dute, tutore baten zaintzapean. Beka sisteman ere aldaketak egingo dira.

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak hezkuntza lege berriaren proposamena izan du oinarri, Madrilen. MARISCAL / EFE
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko otsailaren 20a
16:55
Entzun

Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak hezkuntza lege berriaren proposamena izan du mintzagai gaur Espainiako Kongresuan. Jakinarazi du lege hori izango dela gobernuak onartuko duen lehena, eta haurren eskubideak izango direla hezkuntza sistema horren gidari nagusiak. «Legeak lehen aldiz jasoko du haurren eskubideen ikuspegia, eta hori izango da sistemaren ardatz nagusia; genero berdintasuna, ikaskuntzaren pertsonalizazioa eta Lanbide Heziketaren bultzada izango ditu bidaide». Are, gaineratu du lege berri horrek aukera emango duela LOMCE legea indargabetzeko.

Espainiako Hezkuntza ministroak ez du zehaztu noiz, baina adierazi du legearen zirriborroa laster aurkezteko asmoa dutela. Halere, nabarmendu du haurren eskubideak ez ezik sistema publikoa ere izango dela hezkuntza sistemaren ardatz nagusietako bat: «Gure hezkuntza sistemari egonkortasuna ematen ari zaizkio urte hauetan, eta, beraz, legearen aurreproiektuan kontuan hartuko dira lortutako gizarte adostasunak». Gaineratu du eskola curriculumean aldaketak egingo dituztela helburuak lortzeko bidean; LOMCEk jasotzen zituen zenbait eduki ezabatu, eta «oinarrizko jakinduria berriak» txertatuko dituzte, besteak beste. Digitalizazioa ere izango du hizpide.

Hain zuzen ere, hauek dira hezkuntza lege berriaren helburuak: eskola uztearen datuak murriztea, «giza balioetan» oinarrituko den hezkuntza bermatzea eta eskola batzuetan erlijioak izan dezakeen zama arintzea, esate baterako. Gainera, irakasle berriek urtebeteko praktikaldia egin beharko dute tutore baten zaintzapean. Beka sistemari dagokionez, berriz, Zelaak esan du «erreforma sakona» egingo dutela. «Arau berriak aldaketa garrantzitsua eragingo du bikaintasunean eta zuzentasunean oinarritzen den hezkuntza sistemaren barruan».

Irakasleek, urtebete gehiago

Etorkizuneko irakasleek, unibertsitateko ikasketak amaitu ostean, urtebeteko praktikaldia egin beharko dute tutore baten zaintzapean Zelaak ohartarazi duenez. «Urtebeteko praktiken ondoren, irakasle berriek bermea izan dezakete beren zereginetan sartu orduko gainbegiratzea egokia izan dutela». Espero dute proposamen hori legea onartu eta urtebetera jartzea martxan, baina, ministroak gehitu duenez, hasiak dira pauso batzuk ematen. Egun, Lehen Hezkuntzan eskolak eman ahal izateko, irakasle ikasketak egin behar dira, eta, sistema publikoan lan egin nahi izanez gero, oposizio batzuk gainditu. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan eskolak emateko, berriz, beharrezkoa da unibertsitatean ikasketak egitea eta irakaskuntzako masterra edukitzea.

Aldaketak beka sisteman

Zelaak azpimarratu duenez, bekak ezinbesteko tresnak dira «hezkuntzaren zuzentasuna» lortzeko. Baieztatu du Espainiako Gobernua konprometituta dagoela beka politika bat eta ikasketetarako laguntzak bideratzeko: «Horiek bermatuko dute ikasleek arrazoi ekonomikoengatik ez uztea ikasketak». Besteak beste, sarrera noten egitura ikertuko da, eta unibertsitateko ikasketak ez direnen kasuan, 5era jaitsiko da beketarako sarbide nota. «Lan hori hezkuntza komunitatearekin adostuta egingo da, eta hezkuntzako sarbidean aukera berdintasuna bermatzea izango da helburua», azaldu du ministroak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.