Yolanda Barcina (Burgos, Espainia, 1960) 1996tik dago Nafarroako politikagintzako lehen lerroan, gobernuan Ingurumen, Etxebizitza eta Lurralde Antolaketako kontseilari izendatu zutenetik. Miguel Sanzek jarri zuen. 1999-2011 artean, ez zen izan gobernuan, Iruñeko alkate gisa baizik, eta, Gazteluko plazako lanengatik edota Corte Ingles saltokiaren interesei ustez mesede egiteagatik aferak izan zituen arren, Nafarroako gobernuburu denetik ditu auzi handiak. Bizirik atera da.
1. UPN, bitan
Nahiz eta 1996an Nafarroako Gobernura eta 1999an Iruñeko alkatetzara iritsi, artean ez zen UPNko afiliatua; 2000. urtean egin zen. Eta 2009an alderdiko presidente izendatu zuten, %89,9ko babesarekin. «Lekuko aldaketak onak dira, beste bultzada bat hartzeko garai egokian egiten badira, eta datorrena hoberena den uste sendoarekin eta lasaitasunarekin egiten badira», esan zuen Sanzek UPNko buruzagi kargua uztean. Barru mailan garai gozoak zituen alderdiak. Ez 2013ko kongresuan, bi ildo zirelako. Barcinak doi-doi irabazi zuen: %51,7. Alberto Catalan izan zuen lehiakide: UPNko lehendakariorde, Sanzen ildoko eta PSNrekin gobernu «egonkorra» osatzearen aldekoa.
2. PPrekin bat berriz ere
1991tik aurrera elkarrekin egon ostean, UPNk eta Nafarroako PPk ituna hautsi egin zuten 2008an, PPren erabakiz. Arrazoia: UPNk Espainiako Gobernuaren (PSOE) aurrekontuak babestu zituen. Hiru urtera, atzera itun bat egin zuten, hitzarmen hura 2011ko azaroko Espainiako hauteskundeetara batera aurkeztera mugatu bazen ere. Barcina zen ordurako UPNko burua —Nafarroako lehendakaria ere bazen hilabete batzuk lehenagotik—. Rajoy Espainiako PPko presidenteak eta biek agerraldia egin zuten Iruñean. «Akordio ona da Nafarroan zentro-eskuinak irabaz dezan», esan zuten biek. UPNko beste ildokoen gustukoa ez zen izan bat egite partzial hura. Maiz ateratzen da Nafarroan gaztatxoaren teoria, Sanzek bere garaian asmatutakoa: herrialdeko bi korronte handien arteko akordioak (UPN-PSN) abertzaleak boterera iristea eragozten du. Barcinak PPrako joera du, eta PPk estimatu egiten du; oraintsu, Nafarroako krisi bete-betean, Rajoyk berotasun handia eskaini dio.
3. PSN, bai eta ez
2011ko uztailaren 1ean hartu zuen Nafarroako lehendakari kargua Barcinak. Hauteskundeetan, UPNk hemeretzi aulki lortu zituen, eta PPk, lau; ezin 26ra iritsi, eta Barcinak PSNra jo zuen. Bederatzi aulki zituzten sozialistek. 2008an, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak «guztiz baztertu» zuen UPNrekin gobernatzea, «bi alderdiak ezerk ez dituelako batzen». Baina 2011ko inbestidurarako ituna egin zuten, eta gobernu akordioa sinatu. Barcina eta Jimenez batera azaldu ziren hedabideen aurrean. Barcinak: «Nafarroak gobernu egonkorra behar du». Jimenezek: «Orain gobernua gara, ez aldi berean gobernu eta oposizio». Urtebete iraun zuen itunak: Barcinak kanporatu egin zuen PSN, ordu txikietan Jimenezi dei bat eginda. «Ezin da pankarta baten atzean eta gobernu barruan egon», zioen lehendakariak PSNkoaz. Gobernutik kanpora, beraz, UPN gutxiengoan geratu zen. Baina boterea edo gobernu kudeaketa arriskuan ikusten al zuen Barcinak? Ez dirudi hala. UPNren 2013ko kongresuaren aurreko egunetan, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia Iruñean izan zen, Nafarroako bozak aurreratzea eta abertzaleekin ituna egitea baztertzen zituela esateko. Hitzaldian ziren Sanz eta Barcina.
4. CANekotik libre
Azkeneko urtebete pasa honetan, ustezko ustelkeria kasuak ditu Barcinak buruhauste. Iazko urtarrilean Kontuz elkarteak salatu zuen hainbat kargu instituzionalek dietatan diru kopuru handiak jaso zituztela CAN Nafarroako Kutxatik; kasurako, Barcinak, gobernuburu zela. 68.500 euro itzuli egin zituen hark gero. «Barkamena eskatzen dut», zioen joan den urteko martxoan. Hil berean, Nafarroako Parlamentuak —PSNren botoekin barne— haren dimisioa eskatu zuen. Ez zuen eman. Handik hiru hilabetera, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Maria Paz Benito epaileak delitu zantzuak ikusi zituen Barcinak CANeko auzian izandako jokabidean, baina Espainiako Auzitegi Gorenera igorri zuen kasua, hura foruduna izateagatik. Gorenak ez inputatzea erabaki zuen lehenik, eta abenduan artxibatu egin zuen kasua. Autoan zioen gaitzespen «moral, etiko eta politikoa» egon zitekeela, baina horiek ez direla delitu osagarriak.
5. Zentsura moziorik ez
Orain, Nafarroako Ogasuneko auzia izan du. Idoia Nieves zuzendari ohiak salatu zuen Lourdes Goikoetxea Nafarroako presidenteordeak bere bezero ohien alde egindako esku hartzea egin zuela. Barcinak zortzi orduko agerraldia egin zuen otsailaren 25ean, legez kanpoko ezer egon ez zela esanez. Jimenezek «Nafarroan PSOE ni naiz» adierazi ostean, PSNk hauteskundeak aurreratzeko «mekanismoak» abiatzeko bilkurak egin ditu Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Bairekin, baina dena PSOEk moztu zuen herenegun: PSNk ez du zentsura moziorik ez aurkeztuko, ez babestuko. Rubalcabak abisatu zuen iaz. 2011n Barcinak lehendakari kargua hartu zuen ekitaldian, PSOEtik ez zen nolanahiko ordezkaria izan —eta, gainera, hitzaldia egin zuen—: Jose Blanco, Espainiako orduko Sustapen ministroa eta 2007an Sanzi Nafarroako lehendakaritza bermatu ziona.
6. Bukatu al da hau?
«Goraino hegan egin. Zure aginduetara nago», esan zion Sanzek Barcinari 2009an, alderdiko presidentea aldatzeko kongresuan. Lehengo astelehenean, UPNko batzorde eragilearen bileran, Sanzek eskatu zion aurrera ditzala hauteskundeak, zentsura mozioa saihesteko eta porrot itxurarik ez emateko. Ezezkoa eman zion Barcinak; ez dago haren esanetara. UPNn, handiak dira bi ildoen arteko desadostasunak, haiek diotenez. Diario de Navarra-k atzoko editorialean gogoratu zuen UPN gutxiengoan dela parlamentuan: «Eta desiragarria litzateke [legealdia amaitzeko] geratzen den denbora hau PSNrekin harremanak berrosatzeko erabiliko balu [Barcinak], berriro egonkortasun instituzionala izateko». PSNk aitortua du Barcina dela ados jartzeko oztopoa. Soraya Rodriguez PSOEko eledunak ere hau adierazi du: «Barcinak ezin du jarraitu bere postuan». UPNren iazko biltzarrean, oker informatiko bat izan zen lehen zenbaketan, eta berriro bozkatu zuten. Alderdiaren aparatu tradizionalaren kalkulu edo estrategia hutsegite bat ere egon zen Barcina nagusitzean. Orain zentsura moziorik ez denez, 2015eko bozetarako denbora gehiago dute maniobratzeko.