Tolosaldeak hondakinen %60 biltzen ditu gaika. Sistema guztiak dituzte mankomunitatearen barruan, eta badakite zein sistemak funtzionatzen duen hobeto. Hainbat herritan bildutako organikoan ontzi horretan behar ez lukeen material ugari ageri dela ikusi dute azterketa batean, eta kezkatuta daude, jende askoren lana zaputz baitezake gutxi batzuen ardura faltak.
Berriki, kezka azaldu duzue mankomunitateko hainbat herritan bildutako gai organikoan azaldutako lekuz kanpoko zatiki ugariengatik.
Bai, guk egin genituen azterketetan, Alegian eta Ikaztegietan %1 ingurukoa ateratzen zen; Ibarran, %3 inguru; Zizurkilen, %4tik gora; eta Tolosan, Villabonan, Iruran eta Anoetan, %5 baino handiagoa. GHKtik ere iritsi zaigu ohar bat esanez gure kamioi batzuetan egindako azterketak kaskarrak izan direla, eta, arautegiak halakorik ez duenez onartzen, neurriak hartzeko, bestela arautegia aplikatu beharko dutela. Zeren, kalitateko konposta egiteko %5etik behera izan behar dute lekuz kanpoko materialek.
Zer arrisku dago orduan?
Bada, GHK-k esaten badu organiko hori ez duela jasoko, errefus moduan joango da zabortegira. Kasu horretan, Tolosaldeko bilketa kopurua ez da %60tik gorakoa, baizik eta dezente txikiagoa; eta, beraz, ondo egiten dugunon lana alferrikakoa da. Ekonomikoki, hori errefus moduan jasoko balute, sortzen duten herriei eragingo lieke, mankomunitatean fiskalitatea daukagunez herriek hartu behar dutelako euren hondakinen ardura. Ondorio ezberdinak egon daitezke: besteak beste, organikoa errefus bihurtzen bazaio, herriak tonako 122 euro ordaindu beharrean 173 ordainduko lukeela. Eta, aldi berean, mankomunitateak ere okertuko ditu datuak, eta organikoen prezioa jartzeko taulan jaitsi egin gaitezke.
Bilketa sistemarena da arazoa, edo bestelakoa da?
Sistemak ere eragina izan dezake; batez ere, errefusaren eta organikoaren edukiontziak itxiak ez diren herrietan. Lau gako daude bilketa sisteman zuzen eragiten dutenak: derrigorrezkoa izatea edo borondatezkoa, sarrera librekoa edo mugatukoa, indibidualizatua edo anonimoa, eta, azkenik, akordio politiko bidez ezarria izatea edo ez. Garbi dago sistema zenbat eta indibidualizatuagoa eta identifikatuagoa izan jendeak hobeto bereizten duela.
Baina Anoetan atez atekoa dago, eta lekuz kanpoko material kantitate handia eman du ikerketa horrek.
Bai, horrek atentzioa eman digu, horregatik aztertu nahi dugu berriz, ikusteko ea zer gertatzen den, beste kasuetan bezala. Baldeetan ikusten da zer dagoen, eta arraroak dira ateratako emaitzak. Alegian eta Ikaztegietan berdin egiten da, eta %1 da lekuz kanpoko materiala, eta Anoetan, %7. Zizurkil eta Anoeta herri gatazkatsuak izan ziren atez atekoa jarri zenean, eta, agian, horrek eragin dezake. Arretaz begiratu behar diogu gai horri.
Andoainen organikoa biltzen hasi dira, baina emaitzak apalak izan dira; zergatik?
Bada, sistemak ez duelako behartzen gaika bereiztera. Jendeari bereizten hastea kostatu egiten zaio. Sekulako kanpaina egin dute, etxez etxe joan dira, eta zer ikusi dute? Bada, errefusa gutxitu dela eta organikoa ugaritu, baina badago datu esanguratsu bat: gaika bildutako ontzi arinak eta papera ez dira ugaritu. Horrek zer esan nahi du? Lehen lau edukiontzitan bereizten zutenek orain bostetan bereizten dutela. Lehen bereizten ez zutenek, berriz, berdin jarraitzen dute.
Derrigorrezko sistemak zituzten tokietan —Villabonan, kasurako—, derrigortasuna kendu dutenean, berriz, jendeak bereizten jarraitu du.
Bai, izan ere, jendeak ohitura hartu du. Etxean antolatu du jadanik gaikako bilketa egiteko tokia, eta, beraz, gero, borondatezko sistemara igaro denean, jarraitu du egiten.
Josu Amilibia. Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakaria
«Zenbat eta identifikatuagoa izan sistema, jendeak hobeto bereizten du»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu