Zenonek esan du Gomezen kasua espetxe politika «krudelaren» adibide bat dela

Abokatuaren ustez, euskal preso politikoen auzietan legearen salbuespenezko interpretazioa egiten da

Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Alfonso Zenon euskal preso politikoen abokatuak adierazi duenez, indarrean dagoen espetxe politika «krudelaren» beste adibide bat da lehengo astean Patxi Gomez atxilotu izana: «Kasuak ez du erakusten Parot doktrinaren ankerkeria soilik; oro har, espetxe politika basatia erakusten du». Zenonek salatu du auzitegiek legearen salbuespenezko interpretazioa egiten dutela euskal presoak epaitzeko orduan; eta esan du aurrera egiten ez bada ez dela legeek hala egitea oztopatzen dutelako, batzuen «borondaterik ezagatik» baizik. Infozazpi irratian eginiko elkarrizketa batean mintzatu da horrela Zenon.

Patxi Gomez ostegunean atxilotu zuen Espainiako Poliziak. Gomez, hogei urteko espetxe zigorra bete ondoren, 2009an aske utzi zuten. Orain, ordea, hamar urte gehiago igaro beharko ditu espetxean. Izan ere, Auzitegi Gorenak Parot doktrina delakoa ezarri dio Gomezi, fiskalak hala eskatuta. Zenonek nabarmendu du doktrinaren aurkako helegitea 2008an ezarri zutela, eta oraindik ez dutela erantzunik jaso. Helegitearen erantzunaren zain, batzuk espetxean 30 urte egin dituztela salatu du abokatuak: «Batzuk aske geratu dira, baina zigor osoa beteta. Pertsona bat kartzelan dagoen bitartean, erabakiak atzeratzen dituzte arrazoipolitikoengatik». Abokatuaren arabera, Espainiako gobernuak harresi bat jarri nahi die aurrerabide guztiei; eta uste du herritarren mobilizazioa «ezinbestekoa» dela oztopo horiek gainditzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.