Zentral nuklearrentzako uranio oxidoa deskargatu dute Bilboko portuan

Biarnoko Yara enpresak Baionako portutik amonio nitratoa garraiatzeari ekingo dio aurki

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Hamabi tona uranio oxido deskargatu dituzte Bilboko portuan. Halako materiala deskargatzen duten lehen aldia da. Zentral nuklearrek erregai gisa erabiltzen dute. Karga ekarri duen enpresako bozeramaileak jakinarazitakoaren arabera, «urte asko» daramatzate halako materialak garraiatzen.

Liverpooldik (Erresuma Batua) iritsi zen herenegun uranio oxidoa, Encounter izeneko itsasontzian. Espainiako eta Herrialde Katalanetako zentralek erabiliko dute. Orain arte, portu txikiagoetan deskargatzen zuten: Avilesen eta Santanderren (Espainia). Baina merkeagoa delako erabaki dute Bilbon egitea. Garraioa egin duen enpresak ez du jakinarazi lehen aldiz egin ote duen. Baina nabarmendu du ohikoa dela halakoak egitea eta ez zaiola aparteko garrantzirik eman behar deskargari. Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak berretsi du zamaren segurtasunaren ardura Bilboko Portuak duela.

Amonio nitratoa portuan

Aurki Biarnoko Yara enpresak Baionako portutik amonio nitratoa garraiatuko duela jakinarazi zuen Marie Josee Espiaube Bokaleko (Lapurdi) auzapezak, joan den astelehenean udalak eginiko osoko biltzarrean. Azaldu zuen hautetsiek «kasualitatez eta istripuz» ukan dutela horren berri, prefeturak edo suprefeturak ez dielako horren berri eman zuzenean. Yara enpresa Biarnon dago. Amonio nitratoa garraiatzeko xedea du Baionako portutik Pardies herrian duen egoitzaraino. Espiaubek gaineratu zuen horren berri ukan arren ez dakitela zuzen zein egunetan burutuko den.

Baiona, Angelu eta Bokaleko auzapezek hastapenetik gaitzetsi zuten amonio nitratoa Baionako portutik garraiatzea, Landetako Tarnoze herriko auzapezak bezala. Lau auzapezen arabera, garraio mota hori biziki arriskutsua da, eta, leherketa edo isuri arriskua saihesteko asmoz, garraio baimenik ez ematea eskatu diote behin baino gehiagotan Paueko prefetari. Ez du onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.