Hilaren 11tik aurrera ez du onartuko Greziako Estatuaren zorra berme gisa. Krisia hasi zenetik, bankuei nahi beste diru uzten die EBZk, baina haren truke berme bat eskatzen du, maileguan emandako dirua bueltan jasoko ez balu galerak konpentsatzeko. EBZren barne arauek diote berme gisa kalitatezko aktiboak baizik ezin dituela onartu, baina Greziarekin salbuespena egin du, eta kalifikazio agentziek zabor bonutzat hartzen duen arren (arrisku handiko inbertsioa), onartu egin ditu. Berez, salbuespena erreskateari lotuta zegoen eta hura otsailaren 28an zen bukatzekoa, baina Greziako Gobernuaren iragarpenak entzun ondoren, EBZk dio orain ezin duela luzapen hori ziurtzat jo eta horregatik aurreratu du iturriaren itxiera.
Zergatik hartu du erabakia?
Grezia erreskatearen luzapena onartzera behartzeko. Greziako bankuek erruz onartu dute EBZren finantzaketa (56.000 milioi iaz) , hura gabe zaila baitute aurrera jarraitzea, batez ere bezeroak izutu eta beren dirua bankuetatik ateratzen hasten badira. Banku ihes hori indartu egin da Syrizak bozak irabazi zituenetik, eta ezerezean utz dezake azken bi urteotan Greziako bankuek kapitala handitzeko egin duten saioa. Greziako Gobernuari ere zuzen-zuzenean eragiten dio EBZren debekuak. Izan ere, eurogunearekin akordioa lortu bitartean, epe motzeko zorra jaulkita finantzatu nahi zuen bere burua (epe luzekoaren truke interes ordainezinak ordaindu beharko lituzke, %10etik gorakoak). Zor horren zatirik handiena Greziako bertako bankuek erosten dute, horrekin joan daitezkeelako gero EBZra dirua eske. Ezin badute berme gisa erabili, nekez erosiko diote zorra Greziako Gobernuari.
Finantzatzeko beste biderik ez dute?
Bai. Bankuak porrotera eramateak Grezia eurotik ateratzea ekar dezakeela jakitun, Mario Draghik irekita utzi die beste aukera bat: Larrialdiko Likidezia Lerroa (ELA, ingelesez). Greziako banku zentralaren bidez ematen du laguntza hori EBZk, baina interes handiagoak ditu ohiko enkanteek baino. Aukera horri heldu dio Greziako Gobernuak EBZren erabakiari garrantzia kendu eta lasaitasun mezua igortzeko. "Ez dago kezkatzeko arrazoirik", esan du Gavril Sakelaridis bozeramaileak.