Zer moduz, estralurtar?

Lurretik kanpoko zibilizazioekin komunikatzea aspaldiko nahia da, baina balizko estralurtarrekin ulertzeko moduko hizkuntza aurkitzea erronka handia da oraindik. Sonar musika jaialdiaren 25. urtemugaren harira, mezu bat espazioan dabil jada.

Transmisioa Tromson (Norvegia) dagoen radar antenatik bidali dute. CRAIG J HEINSELMAN /EISCAT.
Juanma Gallego.
2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Distantzia:12,4 argi urte inguru. Ez da gutxi; baina, eskala astronomikoan, zenbaki txikia da. Distantzia horretara dago GJ273b edo, lagunartean, Luyten Star b izeneko exoplaneta. Bertan zibilizazio teknologiko bat garatuta egonez gero, 2030eko martxoaren inguruan bertakoek sorpresa bat izan dezakete.

Izan ere, Lurretik planeta horretara zuzendutako mezua espazioan dago jada. Iazko urrian bidali zuten, Norvegian dagoen radar antena baten bitartez. Datorren apirilean bigarren mezua bidaliko dute. Bartzelonako Sonar jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko ideia bitxi bat izan da, baina, sinbolismo hutsetik harago, jomuga guztiz praktikoa izan du ekinaldiak.

Jordi Portell i de Mora ingeniari eta fisikaria arduratu da alde teknikoaz. IEEC Kataluniako Espazio Ikerketarako Institutuan eta ESA Europako Espazio Agentziaren GAIA misioan lan egiten du. Adituak nabarmendu duenez, aurretik beste ahalegin batzuk egin dira. «Baina ez dira egin oso modu errealistan; besteak beste, mezuak oso urrun dauden izarretara bidali direlako, ondo jakin gabe bertan bizigarritasun eremuan dauden planetak ote dauden».

Horrez gain, antolatzaileek hasieratik argi izan dute giza bizitza baten eskalan egin nahi zutela. Exoplanetetan aditua den Ignasi Ribas IEECko zuzendariarekin batera, jomugak bilatzeari ekin zioten. NASArekin eta ESArekin hitz egin zuten antenak lortzeko, baina, azkenean, bi agentziek atzera egin zuten. Radar bitartez atmosferari buruzko ikerketak burutzen dituen EISCAT erakundearen laguntza lortu zuten, baina horrek aukeran zeuden planeten kopurua mugatu zuen, transmisioa Norvegiatik egin behar zutelako. Azkenean, 12,4 argi urtera dagoen planeta horretan jarri dute esperantza. Hara mezu bat bidalita, teorian 25 urteren buruan posible izan liteke erantzun bat bueltan jasotzea.

Erraztasuna helburu

«Deskodetzeko erraza den zerbait egiten ahalegindu gara. Informazioa bidaltzeaz gain, mezua nola deskodetu behar den azaldu dugu transmisioan. Oinarrizko kontzeptuetatik hasita, eta, gero, konplexutasun gehiago erabiliz. Hasieran, zenbaki lehenak: 2,3, 5, 7, 11, 13… Ondoren, byte kontzeptua. Mezuan bertan azaltzen da uhin digital garbi bat nolakoa den, ondoren etorriko den musika ulertu ahal izateko. Bestalde, METI erakundeko kideek konposatutako mezu bat ere badago».

Ez da akats tipografikoa. Espaziotik datozen mezuak «entzutea» helburu duen SETI erakunde ezagunaz gain, METI.org erakundea ere existitzen da. 2015ean sortua, balizko estralurtarrei mezuak bidaltzea du helburu nagusia.

METI.org elkarteko zuzendari Douglas Vakochek azaldu du nola diharduten: «Tamalez, ezin dugu espero estralurtarrak euskaraz, ingelesez edo swahilieraz mintzatzea. Lurretik kanpoko zibilizazioekin komunikatu ahal izateko, hizkuntza unibertsala behar dugu».

Gabriel Arestiren, William Shakespeareren eta Muyaka bin Haji al-Ghassaniyren hizkuntzek ez badute balio, zer hizkuntza erabili, bada? «Pentsatu behar dugu zer izan dezakegun komunean estralurtarrekin», erantzun du Vakochek. «Gure irrati seinaleak jasotzeko gai badira, horrek esan nahi du irrati antena bat eraikitzeko gai direla. Eta, ondorioz, ingeniari onak direla. Zaila da irudikatzea halako tresna bat fabrikatzeko gai den izaki bat 2+2=4 moduko oinarrizko matematikak erabiltzeko gai ez bada. Horregatik, kontaktua abiatzeko, matematikaren eta fisikaren kontzepturik oinarrizkoenak dira gure komunikazioaren abiapuntua». Espazio komunikazioa, beraz, agian ez da hain konplikatua. Halere, zaila dirudi benetan nola izan zitekeen irudikatzea. Bowling Green Unibertsitateko (Ohio, AEB) Sheri Beth Wells-Jensen hizkuntzalariarengana jo duBERRIAk kontua argitzeko. Haren ikasleei jartzen dien ariketa baten bitartez azaldu du Wells-Jensenek nola abiatu komunikazio bat hutsetik hasita. «Demagun zenbakiak bidaltzeko gai garela, eta zenbaki horiek ulertzeko gaitasuna izango dutela estralurtarrek. Hau oso errealista da: zazpi bat emateko, nahikoa dut zazpi puntu idaztearekin».

Hau azalduta, zenbakiak eta ulergarriak ez diren sinboloak edo hitzak ematen dizkie ikasleei.«Hasierako mezua, esaterako, 2 FLIP 1 ZA 3, eta 3 FLIP 2 ZA 5 izan liteke. Horrekin adierazten dugu FLIP gehi edo eta dela, eta ZA-k berdin, bada, egia edo antzeko zerbait esan nahi duela. Gero, hau bidal daiteke: 9 TOOT 2 ZA 7, eta TOOT minus dela asma daiteke. Ondoren, 2 FLIP 1 KU ZA 8. Ondorioztatuko da KU horrek ez esan nahi duela. Modu horretan, elkarren mendekoak diren onarpenekin osatutako dorrea eraikitzen dugu». Globalizazioaren paradoxak, 6.400 kilometrotik iritsi da hizkuntzalari baten azalpena. Gasteizen eta Ohioren (AEB) arteko aldea da, hain zuzen ere, hori. Izarretara dagoen aldea handiagoa da, baina agian bertan ere erantzun adeitsuak topatuko ditu gizakiak. Atzerri, otserri esaera zitala atzean utzi, eta lanari ekitea baino ez da behar. Hasiera erraza du solasak: 2 FLIP 1 ZA 3, eta 3 FLIP 2 ZA 5.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.