Zerbitzu eskaintza aztertzen ari direla aitortu du Verak, zein ken daitezkeen ikusteko

Nafarroako Osasun kontseilariari «zentzuzkoa» iruditzen zaio botikak errentaren arabera ordaintzea

Osasun publikoaren alde iazko azaroan Iruñean egindako manifestazioa. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2012ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Eskaintzen dituen zerbitzuen zerrenda aztertzen ari da Nafarroako Osasun Departamentua. Hala aitortu du Nafarroako Osasun kontseilari Marta Verak. «Kostua eta eraginkortasuna kontuan hartuta, zerbitzu horietakoren bat ken daitekeen ikusi nahi dugu», azaldu zuen atzo, farmazia jarduerari buruz Iruñean egindako jardunaldi batzuetan. Verak ez zuen zehaztu zeintzuk izan daitezkeen kenduko dituzten zerbitzuak. «Teknikarien lana da hori, eta denbora behar dute horretarako».

Espainiako Gobernuko Osasun ministro Ana Mato erkidego autonomoetako Osasun kontseilariekin batzartuko da bihar, osasun arloan Espainiako Gobernuak egin asmo dituen murrizketen berri emateko. Matok aurreko astean iragarri zuen murrizketa 7.000 milioi eurokoa izango dela. Mezu argia eman zuen: «Egungo sistema ez da, inolaz ere, iraunkorra».

Zerbitzuen eskaintza bateratzea da Espainiako Gobernuak onartu nahi duen neurrietako bat. Hala, aurreko bileretan, ematen dituzten zerbitzuak berriz aztertzeko eskatu zien Matok kontseilariei. Atzo bertan, azterketa «serio eta sakon» bat egin behar dela esan zuen Gizarte Zerbitzuetarako eta Berdintasunerako estatu idazkari Juan Manuel Morenok. «Azken urteetan lehia bat izan da erkidegoen artean, ahaliketa osasun zerbitzuen zerrenda handiena eta merkeena eskaintzeko. Dirua zentzugabe xahutu dute». Zerbitzuen zerrenda berriz definitu behar dela esan zuen. «Benetan beharrezkoa denari eman behar zaio lehentasuna, sexua aldatzeko ebakuntzak aurreikusten dituzten zerbitzu eskaintzen aldean».

Eskaintza aztertzen ari da Nafarroako Osasun Departamentuko lantalde bat. «Osasun sistema berriaren ardatza herritarrek izan behar dute. Erantzunkidetasuna izan behar dute beren osasunaren inguruan. Horri esker, emaitza hobeak lortuko ditugu. Zama ezin da osasun profesionalen gain utzi», esan du Verak. Sektoreko profesionalei herritarren osasun heziketan parte hartzeko eskatu die. «Lehen arretako medikuek lan handia egin dezakete alor horretan».

Matoren asmoak

Hainbat ebakuntzatan murrizketak egitea aztertzen ari da Espainiako Gobernua: barizeen ebakuntza, juanikoteenean, basektomienean, tronpenloturatan... 600 eta 2.000 euro arteko kostua dute ebakuntza horiek. Azken bi urtean%20 murriztu dituzte batez beste medikuen soldatak. Horretan jarraitzeko asmoz, aurrez aurreko guardiak gutxitu nahi dituzte. Horrek soldatak gehiago murriztea ekarriko luke. «Guk jada onartu genituen langileen gastuak murrizteko neurriak, eta une honetan ez dugu besterik egiteko asmorik», esan du Verak.

Botiken gastua ere gutxitu nahi du Espainiako Gobernuak. Horretarako neurri sorta prestatzen ari da. Besteak beste, agentzia bat sortu nahi du botikak eta osasun produktuak eskuratzeko. Horrek kostuak murriztuko lituzkeela esan du Matok, eta botika enpresekin negoziatzeko gaitasuna handituko. Botika garestiak edo gutxiegi erabiltzen direnak erretiratzea aztertzen ari dira.

Baina eztabaida gehien eragin duena medikuarengana joateagatik berriz ordaintzeko aukera da. Espainiako Gobernua hori aztertzen ari da. Katalunian hasiak dira botikengatik errentaren arabera ordaintzen, eta Matok esana du logikoena litzatekeela hori. Errenta hartuko lukete kontuan, nork eta zenbat ordaindu behar duten erabakitzeko. «Litekeena da aurten bertan aplikatzea», esan zuen orain egun batzuk Matok. Verak «zentzuzkoa» ikusten du proposamena. «Ez, egun bezala, adinaren arabera». «Goizegi» iruditzen zaio medikuarengana joateagatik berrordaintzeari buruz iritzia emateko.

Bengoak dimititzeko eskea

Espainiako Gobernuak egin asmo dituen murrizketen aurrean, dituen eskumenak defendatzea galdegin dio ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzari. Halaber, dimisioa emateko eskatu dio Rafael Bengoa Osasun sailburuari, osasun arloko langileei 37,5 orduko lanaldia ezartzearen alde egiteagatik. «Oso larria da Bengoak osasun profesionalei emankorragoak izatea eskatzea eta Madrilek egindako proposamenarekin bat egitea».

ELAk gogorarazi du 2000. urtekoa dela langile publikoek 35 ordu lan egiteko akordioa. «Herri ekimen legegile batetik sortu zen, eta Eusko Legebiltzarraren gehiengoak onartu zuen». Gainera, eskari argia egin dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari. «Ez ditzala bere egin Raxoiren gobernuak ezarri nahi dituen eskuineko politikak. Ez ditzala murrizketak aplika».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.