Herritarrak zerbitzu publikoen alde eta murrizketen aurka atera ziren atzo karrikara, Iruñean, Herri Ekimena plataformak deituta. Manifestazioa egin zuten arratsaldean, Antoniutti parketik abiatuta. Nafarroako Parlamentuaren egoitzaren parean, manifestazioa giza kate bilakatu zen, eta protestan parte hartu zuten pertsonek Parlamentua bera eta Nafarroako Gobernuaren egoitza inguratu zituzten.
«Murrizketak zerbitzu publiko guztietan gertatzen ari dira; jende anitz ari da neurri horien ondorioak pairatzen, eta denen artean erantzutea izan da manifestazioaren asmoa», erran zuen Herri Ekimeneko kide Xabier Barberrek. Eskaera zehatza egin zien atzo Nafarroako Gobernuko arduradunei: «Herritarren alde lan egiten ez badakite, alde egin dezatela». Datorren larunbatean, hilaren 30ean, Tuteran osasun arloko murrizketen aurkako bertze manifestazio bat izanen dela gaineratu zuen.
Elizondon ere manifestazioa egin zuten atzo, eguerdian, Baztan-Bidasoko hezkuntza komunitateko eragileek antolatuta. Kalitatezko zerbitzu publikoen alde antolatu zuten protesta, batez ere hezkuntzaren eta osasunaren esparruan gertatzen ari diren murrizketak salatzeko. Bi arlo horietan Nafarroak eskumenak dituela nabarmendu, eta Nafarroako Gobernuak Espainiatik erabakitako neurriak martxan ez jartzeko eskatu zuten antolatzaileek eta parte hartzaileek.
Zerbitzu publikoen aldeko politikak eskatu ditu Herri Ekimenak Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu