Zerbitzuen bikoizketak 403 milioiko gastua eragiten du EAEn, txosten baten arabera

Jaurlaritzak agindutako ikerketa batek dioenez, administrazio guztiek egiten dituzte bikoizketak

Gizarte laguntzen murrizketen aurka Bilbon eginiko protesta bat. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek ematen dituzten zerbitzuen bikoizketak aztertu, kuantifikatu eta bikoizketa horiek eragiten duten gastua —alegia, alferrikako gastua— zenbatu dute Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak agindutako informe batean: 403 milioi eurokoa, gutxienez.

Euskal Administrazio Publikoen Bikoizketak eta Eraginkortasun ezak informeak Patxi Lopezen gobernua aspaldi esaten ari denari arrazoi ematen dio, edo arrazoi emateko egin da, Eraginkortasun ezen analisia atalean nabarmen ikus daitekeen gisan, honela hasten baita: «Euskal Autonomia Erkidegoak erakunde egitura korapilatsua dauka, eta Espainiako Estatua barne, lau administrazio maila ditu 2,2 milioi herritarrez osatutako biztanleria batentzat».

Zerbitzuen bikoizketa hori administrazioetan egon den premisa honen ondorio dela dio informeak: «Zenbat eta (diru) gehiago eta zenbat eta (administrazio) gehiagoren artean, hobe».

Azterketaren arabera, lau ataletan biltzen dira zerbitzuen bikoizketa ia denak, %93 zehazki: ekonomia bultzatzeko politiketan (industria, I+G eta merkataritzan); gizarte politiketan; enplegu eta prestakuntzan; eta garraioan.

Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiez gain, bederatzi udal aztertu dituzte: lurralde bakoitzeko hiriburuak eta Barakaldo, Getxo eta Portugalete herriak Bizkaian, Laudio Araban eta Irun eta Errenteria Gipuzkoan.

Informearen arabera, diputazioekegiten dute bikoizketa gehien (%50), Eusko Jaurlaritzak jarraitzen die (%30) eta aztertutako bederatzi udalak doaz ondoren (%20).

Bikoizketak eragindako «alferrikako gastua» 403 milioi eurotan kuantifikatu arren, informean nabarmentzen dute gastua handiagoa dela, aztertutako hamahiru alorretatik bederatzienak bakarrik zenbatu dituztelako eta udalen lagin bat baino ez dutelako hartu.

Gastu hori, informeak dioenez, Eusko Jaurlaritzak urtean gizarte politiketara bideratutako diruaren parekoa litzateke, edo Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren urteko aurrekontuaren parekoa.

Eraginkortasunik eza

Zerbitzu horiek emateko administrazioek dituzten agentziek eta egiturek askotan talka egiten dutela nabarmendu dute informean, eta horrek, ematen dituzten zerbitzuen eraginkortasunean zuzenean eragiteaz gain, zerbitzuok jasotzen dituztenengana iristeko zailtasunak eta atzerapenak eragiten dituela.

Horrek guztiak «alferrikako gastuez» gain zerbitzuak eraginkorrak ez izatea dakarrela ondorioztatu dute informean.

Txostena egiteko orduan Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek ez dutela parte hartu ere esaten du informeak, eta Gipuzkoako Foru Aldundia, berriz, Garraio Zerbitzuari zegokion galdetegia bakarrik bete duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.