Ekonomia aldetik ustekaberik ez du eman Manuel Vallsek: Frantziako gobernu berrituaren lehentasuna lan kostuak txikitzea da, horrekin enplegua handitzea lortuko duelakoan. Hori egiteko modua ere aurretik iradokitakoa da, enpresei Gizarte Segurantzarako kotizazioak eta beste zergak jaistea, hain zuzen ere.
Enpresen eta haien lehiakortasun galdua berreskuratzeko beharrari buruzko hitzaldia izan da Vallsena, Urteberriko mezuan haren nagusi François Hollandek irekitako bidetik. «Enpresen beharra daukagu; enpresa txiki eta ertainena, start-up-ena, artisauena.... Enpresak sostengatzea enplegua sostengatzea da». Eta enpresei laguntzea, Vallsen arabera, haien lan kostuak txikitzea da, mundu globalizatuan lehiatzeko duten arazo handienetako bat baita. «Baina ez bakarra». Guztira, 10.000 milioi gutxituko zaizkie Gizarte Segurantzarako kotizazioak 2015an eta 2016an, Erantzukizunaren Itunaren bidez. Datorren urtean, Gizarte Segurantzarik ez dute ordaindu beharko enplegatzaileek Smic gutxieneko soldata duten kontratuengatik. 2016an, berriz, Gizarte Segurantzaren familien laguntzetarako kutxei egindako ekarpenak 1,8 puntu jaitsiko dizkiete Smicen halako 1,6 eta 3,5 artean jasotzen dutenei. Azken horien barruan daude hamar langiletik bederatzi.
Enpresek ordaintzen dituzten beste zenbait zergei kosk egingo die Vallsek. Hiru urteren buruan kenduko du C3S izenekoa, enpresek beren negozio kopuruaren arabera ordaintzen duten zerga. Sozietate zergan Nicolas Sarkozyk agindutako gainkarga ere ezabatuko du, puntu bat urtero 2020ra arte (%28an geratuko da).
Zerga jaitsiera «enpresen aldeko opari bat» dela dioten ezkerreko ahotsak apaltzeko, langileen aldeko keinu bat ere agindu du Vallsek. Horrela, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera Gizarte Segurantzari gutxiago ordaindu beharko diote Smic edo horren halako 1,3 irabazten dutenek; errenta zerga ere jaitsiko diete sari txikiak dituztenei. Bi horiekin beren sakeletan 500 euro gehiago izango dituzte herritarrek.
Defizitaren murrizketa
Zergen jaitsierak badu, ordea, alde txar bat: Estatuaren kutxak husten ditu. Hori arazo gordina da Frantziako Gobernuarentzat, berez nahiko lan badituelako bere kontuak orekatzeko. Iaz BPGren %4,3ko defizitarekin bukatu zuen urtea, eta 2015 amaierarako %3an utzi behar duela gogorarazi dio Europako Batasunak. Gaur ere, defizitaren murriztearen erritmoa «moteltzen» saiatuko dela esan du Vallsek, bizkor egiteak hazkundea zapuztuko lukeela iritzita. «Gure kontuak orekatu behar ditugu, baina gure eredu soziala eta zerbitzu publikoak hautsi gabe, frantziarrek ez liguketelako barkatuko». Orain arte Parisen deiei entzungor egin diete Bruselan eta Berlinen.
Goraizeak, baina, zorrozten ari da Valls: 2015-2017 epean 50.000 milioi euro aurreztuko ditu, horietatik 10.000 tokiko erakundeetatik.