Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ezker Anitza

Zerga sistema «errotik» alda dezala eskatuko dio Aranak gobernu berriari

EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu Ezker Anitzak, 2006an ondasunen gaineko zerga kendu zutelako

Hodei Iruretagoiena
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
«Lapurretatzat» jo du Ezker Anitzako hautagai Mikel Aranak iruzur fiskalaren ondorioz 2.400 milioi euro bildu gabe geratzea. Horrela, zerga sistema «errotik» aldatu beharra aldarrikatu du, eta horixe eskatu dio hurrengo Eusko Jaurlaritzari. Gasteizen egindako ekitaldian, erakundeen zorpetzearen kontrola eta gastu publikoaren murrizketa gaitzetsi ditu, bere arabera, horiek direlako pobrezia sortzen ari direnak. Era berean, PSE-EEk eta EAJk 2006an hartutako erabakiak kritikatu ditu; Aranak gogoratu du alderdi horiek izan zirela ondasunen gaineko zerga kendu eta elkarteen gainekoa jaitsi zutenak.

Inbertsio publikoaren alde

Aranak adierazi du politika horren ondorio direla, besteak beste, langabeziaren igoera, etxe-kaleratzeak eta zerbitzu publikoen gainbehera. Aranarekin izan da IUko idazkari nagusi Cayo Lara ere. Larak salatu du inbertsio publikoa murrizten ari dela Espainiako Gobernua, eta horrek ondorioak dakartzala EAEn ere: «%36 jaitsi dira inbertsioak Euskadin», esan du.

Zerbitzu publikoak indartzearen alde egin du Gipuzkoako zerrendaburu Jon Hernandezek ere, «botere ekonomikoek agintzen dutenaren aurka». Lasarten izan da Hernandez, eta ziur agertu da osasunean eta hezkuntzan inbertsioak egiteak lanpostuak sortu, ezberdintasun ekonomikoak murriztu eta ongizatea areagotuko lukeela. Horregatik, Hernandezek konpromisoa hartu du zerbitzu publikoen aldeko talka plan bat bultzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.