Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Zergak legebiltzarrak arau ditzan saiatuko da Lopez

Proposamena datorren legegintzaldian aurkeztuko duela jakinarazi du PSEren Konferentzia Politikoan

Patxi Lopez eta Jose Maria Benegas Txiki, elkar agurtzen, atzo. L. J. / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Hauteskundeei begirako gai nagusi bihurtu denari eutsi dio, berriz, Patxi Lopez lehendakari, PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakarigaiak: zerga sistemari. Aldatu egin behar dela aldarrikatu du, eta zergak arautzeko ahalmena Eusko Legebiltzarraren esku jartzeko eskatu. PSE-EEk urriaren 21eko bozei begirako programa zehazteko Bilbon egin duen Konferentzia Politikoan azaldu duenez, proposamena legebiltzarrera eramango du datorren legegintzaldian.

Arau fiskalak proposatu, kudeatu eta onartzeko eskumena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek eta batzar nagusiek dute egun. Foru ogasunek biltzen dituzte itundutako zergen ordainketak, eta bildutako diruaren %70 Jaurlaritzari ematen diote, zerbitzu komunak ordaintzeko.

Diru bilketaren sistema ez du aldatu nahi Lopezek, baina bai zenbat diru eta nola bildu behar den erabakitzeko ahalmena: «Esaten ari naiz guztion arau fiskal komun bat guztiok eztabaidatu eta onartu behar dugula legebiltzarrean».

Diru premiak estututa

Ez da proposamena egiten duen lehen aldia. Krisialdiaren eraginez zergetatik jasotako diru kopurua gutxitzen ari zela ikusita, gobernuko jarduerari eutsi ahal izateko diru gehiago nondik lortu aztertzen ibili da Lopezen gobernua azken hilabeteetan, eta, hausnarketa horren barruan, adierazi izan du ahalmena izan behar lukeela zerga araudiari buruz erabakitzeko.

Urtarrilean, Carlos Agirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak mahai gaineratu zuen gaia: «Anakronismoa da gastu eta ardura gehien duen erakundeak —Jaurlaritzak— eskumenik ez izatea diru sarrerak nola arautzen diren erabakitzeko». Otsailean, Lopezek berak esan zuen ez dela zentzuzkoa gastu gehien dituen administrazioak diru sarreren inguruan erabakitzeko aukerarik ez izatea.

Atzo, «hiru lurraldeak herri bakar gisa» antolatu behar direla adierazita egin zuen eskaera, «berdinen arteko gizarte bat» nahi duela esanda. Herrialde bakoitzeko herritarrek ezin dutela desberdin ordaindu azaldu, eta gainera EAJk 30 urtean eraikitako «pribilegioak» amaitu egin behar direla adierazi zuen.

Eztabaida legebiltzarrean egiteko premiaren zergatia ere argi du: «Ezin da jarraitu zerga erreformak bulego ilunetan adosten, ezta aldaketa hau hiru herrialdeen arteko guda balitz bezala planteatzen ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.