Zezenketen aurka protestatzeko manifestazioak egingo dituzte Bilboko festetan

Animalien torturaren aurrean «sumintzea ez dela aski»salatu du Bizkaiko Zezenketen Aurkako Kolektiboak

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Argi adierazi du Bizkaiko Zezenketen Aurkako Kolektiboak: animalien torturaren, tratu txarren eta basakeriaren aurrean «sumintzea ez da aski». Edozein helburu lortzeko mobilizatu eta lan egin behar dela nabarmendu dute, presio soziala ezinbesteko jo baitute gizartearen aldaketarako. Hala, manifestaziorako deialdia egin dute abuztuaren 21, 26 eta 27rako, Bilboko Aste Nagusia bete-betean hartuz.

Zezenketen «tradizio odoltsua» eten dadin eskatuko dute Bilboko kaleetan, ez baitute ulertzen bere burua «moderno, abangoardista eta etikotzat» duen gizartean zezenketen gisako «ohitura basatiak» iraunaraztea. Gutxi batzuk entretenituko dituen «ikuskizun krudela» denen diruaz ordaintzea ere gaitzetsi du zezenketen aurkako kolektiboak.

Protesta herrikoietan era aktiboan parte hartzeko dei egin diete herritarrei. Hilaren 21 eta 26an arratsaldeko 17:00etan bilduko dira, zezen plazaren aurrean; eta 27an, 19:00etan, Moyua plazan.

Izagirre ez da aldeko

Donostian ere, zezenketen aurkako manifestazioa izango da gaur, arratsaldeko 19:00etan. Zenbait talde feminista, ekologista zein animalista bildu dituen Donostia Antitaurina Orain! plataformak egin du protestarako deialdia. Atxikipenen eta presio sozialaren bidez, Donostian mugimendu animalista pil-pilean dagoela erakutsi nahi dute, eta, horretarako, zezenketen aldekoen ahotsa entzutea inoiz baino garrantzitsuagoa dela adierazi dute. Zezenketen inguruko herri mailako galdeketa lotesle bat eskatuko dute, herritarrek Donostia zezenketarik gabeko hiri bilakatzea erabakitzeko aukera izan dezaten.

Auzi horren harira aritu zen Donostiako alkate Juan Karlos Izagirre ere, atzo eskaini zuen elkarrizketa batean. Bilduk zezenketei buruzko eztabaidarik abiarazi ez duela azaldu zuen, baina bera, pertsonalki, ez dela aldeko. 2012ra arte itxi diren kontratazioak errespetatu egingo direla ziurtatu du, baina gero izango dela zezenketen egoera aztertzerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.