Itsas istripua izanda iragan ostegunetik falta ziren gizonetako baten gorpua aurkitu zuten atzo, Bermeon (Bizkaia). Matxitxako lurmuturretik hurbil atzeman zuen hilotza salbamendu taldeetako ontzi batek. Falta ziren hiru gizonetako baten gorpua dela baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. J.L.L. 52 urteko gizon bilbotarrarena da hilotza. Beste bi desagertuen berririk ez da. Lau eguneko erreskate lanen ondoren, gaur bi gizonen bila jarraituko dute larrialdi taldeek, orain arteko baliabide berekin.
Itsasora aterata izan zuten ezbeharra desagertutako hiru lagunek eta beste bik —bizirik erreskatatu zituzten haiek—. Zierbenako (Bizkaia) portutik irten ziren, berdela arrantzatzekotan, ostegun arratsaldean. Bost lagun ziren, Zirri ontzi txikian. Haize handia zen. Onik ateratako gizonak adierazi du olatu batek irauli egin zuela ontzia, eta uretara jausi zirela bostak. Gizonaren arabera, desagertuetako bat hondoratu egin zen, bestea buia bati helduta geratu zen eta hirugarrena laguntza eske abiatu zen. Zirri ontziak ez du kabinarik eta irratirik, eta ezin izan zuten larrialdi deia egin.
Itsasontzian zirenetako baten emazteak eman zuen deia, bikotekidea ez zelako etxera itzuli agindutako orduan. Harrezkero bila aritu dira larrialdi taldeak. Ostiral goizean bi aurkitu zituzten, baina beste hiruren berririk ez dute izan asteburu osoan. Atzo, bazkalondoan, haietako baten hilotza aurkitu zuen Monte Gorbea salbamendu ontziak, Matxitxako lurmuturretik hiru milia iparraldera. Bermeora eraman zuten hilotza, eta handik autopsia egitera.
Beste hiruren bila segitu zuten atzo erreskate taldeek. Asteburu osoan ari dira haiek aurkitu nahian. Hasierako eremua zabalduta, Matxitxakotik Santoñarainoko (Kantabria, Espainia) itsas eremuan aritu dira bila, hamar milia inguru itsas barrura. Guztira sei ontzi eta bi helikoptero ari dira lanean ostiral goizaldetik.
Gaur erreskate lanekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu diote Herrizaingo Sailak eta Itsas Salbamenduak BERRIAri. Horrelako kasuetan ohikoena da bi egunean aritzea baliabide guztiekin bila, eta ondoren gero eta gutxiagorekin jarraitzea. Gaur bosgarren eguna izango dute erreskate lanek. Herrizaingo Sailak dio beste erabakirik hartzen ez den artean jarraituko dutela bila; Itsas Salbamenduak ziurtatu du ez dutela asmorik lanak bertan behera uzteko eta baliabide guztiekin jarraituko dutela gaur ere oraindik falta diren bi gizonen bila.
Egunak eta orduak igaro ahala, nolanahi ere, gero eta urriagoa da desagertuta dauden bi pertsonak onik ateratzeko aukera. Ura hotz dago oraindik Kantauri itsasoan —13 gradu inguruan—, eta dagoeneko bost egun badira haien berririk ez dutela. Gizonak dira falta diren biak: Erandiokoa (Bizkaia) da bat, 66 urtekoa, eta Bilbokoa bestea, 49 urtekoa.
Senda-agiria hartu du umeak
Istripuaren ondoren bizirik erreskatatutako biak etxean dira dagoeneko. Ostegun gau osoa itsasoan eman zuten 11 urteko mutikoak eta 52ko gizonak, iraulitako ontziaren kroskoan. Goizean goiz topatu zituzten, hipotermia zantzuekin. Gurutzetako ospitalera (Barakaldo, Bizkaia) eraman zituzten. Ostiralaz geroztik etxean da gizonezkoa, senda-agiria jasota. Umea, ostera, behaketapean izan dute ospitaleratu zutenetik. Erietxeko iturriek berri eman dute atzo arratsaldean utzi zuela Gurutzetako ospitalea; bazkalondoan jaso zuen senda-agiria. Oraindik ere desagertuta jarraitzen duten bi gizonezkoetako baten semea da mutikoa.
Itsasoan maiz ibili ohi ziren ontzian zihoazen bost pertsonak. Ostegunean, Zierbena inguruan egin asmo zuten arrantza, itsaso barrura gehiegi egin gabe. Berdelak harrapatu nahi zituzten. Portuaren inguruan bada arrain ugari izaten diren leku bat —egiten hasi eta bertan behera utzitako dike bat dago—, eta han maiz aritu ohi dira arrantzan. Zirri ontziak, nolanahi ere, itsaso barrura egin zuen, ezbeharra izanda. Haizeen eta korronteen esku geratu zen, iraulita. Ostegun iluntzean izan zuen istripua, eta ostiral goizaldean Castro Urdiales parean (Kantabria, Espainia) aurkitu zuten.
Zazpi metro eskaseko ontzia da Zirri, arrantzale munduan txipiroietarakoa esaten dieten horietakoa. Aisiarako baliatzen zuten istripua izandakoek. Zuntz plastikozko itsasontzia da, kabinarik eta irratirik gabekoa. Bengalako suak eta salba-jantzia zituzten segurtasunerako gailu bakar. Lekuko batzuek ikusi zituzten jaurtitako suak; salba-jantzia, ordea, umeak soilik zeraman soinean ezbeharra izan zenean. Gainerakoek ez zeramaten segurtasunerako jantzirik. Haietako batek soilik lortu zuen ontziaren kroskoari helduta egitea gaua. Uretan galdu ziren beste hirurak.
Istripuaren ondoren, eztabaida sortu da. Lehena, haize handia zen garaian atera behar ote zuten itsasora. «Itsasora irten edo ez erabakitzeko, ondo pentsatu behar da, urtero gertatzen baita horrelakoren bat», esan du Zierbenako alkateak, Marcelino Elorzak. Itsasoratu zirenean orduko 80 kilometroko haizea zebilela dio alkateak. Bigarren eztabaida, irratirik gabe nola zebilen ontzia. Legea eskuan, komunikazio sistemarik ez duten ontziek ezin dutela itsasoratu adierazi du Antonio Salgadok, munduko sorospen talde ez-ofizialen aditu taldeko eledunak. Kontu hartu die erakundeei.
Zierbenan istripuz galdutako bat hilik topatu dute, eta bila segituko dute
Bermeo parean aurkitu dute falta zirenetako bat, gorpu; gainerako bien arrastorik ez dago, eta gaur jarraituko dute bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu