Euskal presoak. Urtarrilaren 11

Zigor baten urteurren beltza

25 urte bete dira Felipe Gonzalezen gobernuak euskal presoak bakartzeko eta sakabanatzeko estrategia hasi zuenetik. Gaur egun, 526 euskal preso daude hainbat herrialdetako 81 espetxetan barreiatuta.

Presoen eskubideen alde eta sakabanaketaren aurka Donostian, Antigua auzoan, antolatutako ekintza ikusgarria. GARI GARAIALDE / ARGAKI PRESS.
Edurne Begiristain.
2014ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
PSOEren gobernuak euskal presoak beren senide eta herrietatik urruntzeko politikari hasiera eman zionetik 25 urte luze igaro dira. 1987ko urtarrilean jarri zen abian sakabanaketa politika, baina 1989. urtean hasi zen sakabanaketa orokorra bezala ezagutzen dena. Zehazki, 1989ko udaberri-uda partean hasi zen euskal presoen aurkako barreiatze politikaren aldirik gogorrena, egun indarrean jarraitzen duena.

1989an Felipe Gonzalezen gobernua ETArekin harremanetan hasi zen ofizialki Aljerren, bainanegoziazio horiek porrot egin eta gero hasi zen espetxe politika gogortzen. Une horretatik aurrerapreso guztiak sakabanatu zituzten. 1989an Espainiako Barne ministroa Jose Luis Corcuera zen eta Justiziakoa Enrique Mugika Herzog. Bi ministerio horien artean adostu zuten euskal presoen kolektiboa banatzera bideratutako espetxe politika berria. Presoen «gizarteratzea»helburunagusi hartuta, haiekiko banakako tratamendua abiatu beharra zegoela argudiatu zuten. Horretarako presoen kolektiboa bera apurtzea ezinbestekotzat jo zuten, eta Espainia osoko presondegietan urrundu eta sakabanatzeari ekin zioten.

Ordura arte euskal preso gehienak Herrera de la Manchan eta Alcala-Mecon zeuden. 1980eko hamarkadaren hasieran Herreran 200 presotik gora zeuden, eta Alcalan beste ehun bat. Segurtasun goreneko kartzelak ziren eta bizi baldintzak oso gogorrak zituzten. Urte haietan muturreko egoerak bizi zituzten euskal presoek, eta etengabeak ziren haien borroka eta protestak, espetxe barruko bizi-baldintzak hobetzeko eskatzeko. Sakabanaketaren lehen urratsak azkar etorri ziren.

Gogorrak eta bigunak. Zintzoak eta gaiztoak. Bereizketa horiek erabili zituen PSOEren gobernuak 1980eko hamarkadako amaieran sakabanaketaren lehen saioak argudiatzeko. Gogorrak eta bigunak bereizi behar zirela-eta, presoak taldeka sakabanatzen hasi ziren. Presoetako asko Madrildik iparraldera eraman zituzten. Euskal presoak euren artean eta Espainiako eta Frantziako estatuen barna urruntzeari ekitearekin batera,gogortu egin ziren haien aurkako neurriak: erasoak areagotu ziren, komunikazioak murriztu zizkioten, baldintzapeko askatasuna era sistematikoan ukatzen zieten,... Hasieran presoak talde txikitan barreiatzeari ekin zion Madrilgo gobernuak. Euskal presoen kolektiboa fisikoki zatitzea zen helburua: azpitaldeak bereiziz, eta banakako bereizketa sortuz gero. Hala, urteen joan-etorriarekin euskal presoak espetxeko modulu ezberdinetan sakabanatuz joan ziren, eta horrela, modulu bakoitzean hiru lagun batuko ziren gehienez jota, bakoitza bere ziegan bakartuta. Helburu bikoitza erdietsi nahi zen horrela: talde bakartzea eta bakartze soziala eragitea.

Izen propioekin

Sakabanaketa politikaren asmatzaileak izenik badu, hori Enrique Mugika Herzog da. 1988an izendatu zuen Gonzalezek Justizia ministroa, eta bere erabaki nagusienetako bat izan zen euskal presoak sakabanatzeko estrategia abian jartzea. Ez hori bakarrik, presoak bakartu eta zigortzeko FIES sailkapena indarrean jarri zuen ministroa ere izan zen. Sakabanaketa politikarekin harro dago Herzog, 2012an Espainiako komunikabide bati adierazi zion moduan: «ETAko presoak sakabanatu zituen lehen ministroa izan nintzen. Neurri bikaina izan zela argi daukat. Lortutako emaitzak horren erakusle dira. ETAk nire anaiaren hil izanak ereerakusten du presoak sakabanatzea agintzea terrorismoaren aurkako sekulako neurria izan zela».

Antonio Asuncionek 1988an hartu zuen Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendaritza, Herzog Justizia ministroa zenean. Sakabanaketa bere ardurapean abiatu zutenean presoen kolektiboa hausteko xedearekin eginzutela azaldu zuen Asuncionek berak 2004an, Bartzelonakomahai-inguru batean. Sakabanaketa politikaren «onurez» mintzatu zen han. Haren hitzetan, garai hartan ETAk presoen gaineko «erabateko kontrola» zuen eta giro horretan diseinatu eta hasi zuten sakabanatze politika: «Sakabanatu egin genituen, bata bestearengandik bereizteko, kolektiboaren batasuna hausteko».Haren esanetan, helburua presoak «aztertzea» eta «sailkatzea» zen, «borroka armatua uzteko prest zeudenak bereizteko». Horrela, ETAren diziplina uzteko gertu zirenak Madrildik iparraldera eraman zituzten, kartzela batzuetan batu, haien artean komunikatzea erraztu eta, diskrezioz, gizarteratzeko aukera eman zitzaien, Asuncionek orduan azaldutakoaren arabera. «Arrakasta handia» izan zuen politika horrek, «ETAko presoen bi heren» gizarteratu egin baitziren, bere hitzetan.

PSOEk jeltzaleak bidelagun izan zituen sakabanaketa estrategia aurrera eramateko. Garai hartan Gonzalezen gobernuak gehiengo osoa bazuen ere, presoak banatzeko estrategia abiatzeko EAJren adostasuna bilatu zuen. Ajuria Eneko urteak ziren eta Jose Antonio Ardanza zen orduan Jaurlaritzako lehendakari.Ardanzak berak aitortu egin zuen, 2005eko otsailean BERRIA-ri eskainitako elkarrizketan, EAJk sakabanaketa politikaren diseinuan parte hartu zuela. Adierazi zuenez, 1980eko hamarkadaren amaieran kartzeletan ETAko kideen artean «arazo asko» zeuden, eta presoek berek egin zieten jeltzaleei banatzeko eskaera: «Guri presoen aldetik etorri zitzaigun banatzeko eskaera, denak batuta egonez gero batzuek euren iritziak inposatzen zituztelako. Orduan eskaera egin genion Espainiako Gobernuari, eta berak esan zuen berarentzat arazo handi bat zela hori, zeren sakabanatuz gero kontrolatzea eta segurtasun neurriak aplikatzea zailagoa izango baitzen. Madrilek ez zuen gogorik larregi sakabanatzeko, oso konplexua zelako. Ez zen izan erabaki erosoa, eta barrutik eskatu zutelako hartu zuten».

Ondorio mingarriak

Sakabanaketa politikak azken hamarkadetan utzi duen arrastoa mingarria izan da, ez soilik euskal presoentzat, baita haien senide eta lagunentzat ere. Izan ere, zigor erantsia da barrukoentzat zein kanpokoentzat. Gaur egun 526 euskal preso daude mundu osoko 81 espetxeetan barreiatuta. Horietatik 393 Espainiako 46 kartzeletan dituzte preso, eta beste bost Euskal Herrian dauden lau kartzeletan; Frantziaren menpe dauden 28 presondegietan 116 dituzte, eta bana Portugal, Ingalaterra eta Irlandakoetan. Euskal Herrian zortzi lagun daude etxean preso.

Euren etxeetatik urrun, oso urrun daude preso gehienak, beraz. 800 kilometrora baino gehiagora daude 218 preso; 1.000 eta 1.100 kilometrora 77 preso; beste 141 preso 800 eta 1.000 kilometrora dauden espetxeetan dituzte; 117Euskal Herritik 600eta 800 kilometro arteko presondegietan daude; beste 96 400 eta 600 kilometrotara dituzte, eta soilik 80 euskal preso daude Euskal Herritik 400 kilometro baino gutxiagoko kartzeletan.

Ondorioz, hurkoak bisitatu ahal izateko, preso bakoitzaren senide eta lagunek 1.223 kilometroko bidaiak egin behar izaten dituzte astero, batez beste. Bidaia luze horietan, 300 istripu inguru izan dituzte azken 25 urteotan, eta horietan hamasei pertsona hil egin dira, Etxerat-ek bildutako datuen arabera. Lehen hildakoak 1982an izan ziren: Rosa eta Arantza Amezaga izan ziren. Aranda de Dueron (Espainia) izandako auto istripuan zendu ziren biak, Madrilen Koldo Amezaga arrebaren aurkako epaiketatik Euskal Herrira bueltatzen ari zirela. Zaurituak, berriz, ehun baino gehiago izan dira.

Baina kalte pertsonala ez ezik, odoluste ekonomikoa ere pairatzen dute presoen senideek eta lagunek kartzeletako joan-etorrien ondorioz: familia bakoitzaren hileroko batez besteko gastua 1.637 eurokoa da. Euskal Herriko elkartasun mugimenduak zama ekonomiko hori leuntzen lagundu badu ere, jasanezina bihurtu da familia askorentzat gastu horri aurre egitea.

Presoek ere sakabanaketa politikaren ondorioak erruz sufritzen dituzte, eta kasu batzuetan, ondorioak muturrekoak izaten dira. Izan ere, bakartze egoerak, erasoek, oinarrizko gabeziek eta espetxeetako legediak heriotzara eraman ditu hainbat preso. Hala, 1985. urteaz geroztik 21 euskal preso hil dira espetxe barruan: horietako bederatzik bere buruaz beste egin dute, eta hamabi gaixotasun larri baten ondorioz hil dira.

Euskal presoak euren jaioterritik urruntzen eta sakabanatzen hasi ziren unetik bertatik, neurri horren aurkako eta presoen eskubideen aldeko ahotsak biderkatu egin dira Euskal Herrian. 1990eko otsailean Euskal Herriratzea eskatzeko lehen manifestazioa egin zenetik, ekimen eta mobilizazio ugari egin dira aldarrikapen berberei eutsiz.

Datorren larunbat arratsaldean berriro entzungo dira euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenak, Bilbon, Tantaz Tanta plataformaren deiari erantzunez. Bilbo «itsaso» bihurtzea jarri dute helburu mobilizazioa antolatu dutenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.